Zabalik dago Minaberri bekaren hirugarren ediziora aurkezteko epea, 30 urte arteko egile berriendako

Zabalik dago Minaberri bekaren hirugarren ediziora aurkezteko epea, 30 urte arteko egile berriendako
Iruñeko Udalak eta EIZIE elkarteak bultzatu dute beka, eta aurtengo itzulgaia Jürg Shde suitzarraren "Als die Welt noch jung war" lana da

Cartel Minaberri

 

Iruñeko Udalak eta EIZIE elkarteak, Txalaparta argitaletxearekin elkarlanean, Minaberri itzulpen bekaren hirugarren edizioa jarri dute abian, gehienez 30 urteko itzultzaile berriei zuzendua. Bekaren helburua nazioarteko gazte literaturako lan esanguratsu bat euskaratzea da, CEDROk babestutako mentoretza baten laguntzarekin. Lan hori Jürg Shкger suitzar egilearen "Als die Welt noch jung war" izanen da aurten.

Literatur itzulpengintzan hasi nahi dutenek apirilaren 20ko 12:00ak arte ematen ahal dute izena deialdian. Horretarako, "Als die Welt noch jung war" lanaren zati bat itzuli beharko dute, esteka honetan eskuragarri dagoena: https://eizie.eus/eu/argitalpenak/minaberri-itzulpen-beka/iii_minaberri…. Ezin izanen dira aurkeztu euskarazko literatura-itzulpenetarako beste beka batzuen onuradun izan direnak, ez eta arlo bereko sari edo lehiaketaren batean irabazle izan direnak ere.

Helburu hauek ditu bekak: itzulpengintza sustatzea, itzulpenen kalitatea bermatzea eta irakurzaletasuna ere sustatzea. Itzultzaile gazte hasiberriak trebatzeko xedez, bekaren onuradunak Naroa Zubillaga Gomez ibilbide luzeko itzultzailearen mentoretza izanen du, lanaren itzulpen-prozesuan orientazio eta laguntza gisa. Bekaren irabazleak 3.000 euro jasoko ditu, eta azken itzulpena Txalaparta argitaletxeak argitaratuko du.

Eskabideak
Bekan parte hartzeko, eskabideak posta arrunta edo posta elektronikoa erabiliz aurkezten ahal dira. Paperean aurkeztuz gero, gutun-azal batean sartu beharko da lehiatzaileen eskura jarritako testuaren itzulpena, ezizen batez sinaturik, eta gutun-azal itxi baten barruan, itzultzailearen datu hauek adieraziko dira: izen-deiturak, jaioteguna eta jaioterria, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa, sinadura, NANaren fotokopia eta CV bat. Ezizen bera jarriko dute gutun-azalaren kanpoaldean. Gutun-azala honako helbide honetara bidali behar da: Zemoria kalea 25, behea, 20013 Donostia (Gipuzkoa).

Eskabidea posta elektronikoz aurkezteko, honako helbide honetara bidali behar da, gaia adierazirik: idazkaritza@eizie.eus. Hona hemen jarri beharreko gaia: III. Minaberri itzulpen-beka. Bi dokumentu bidali behar dira mezuari erantsita: batean, testuaren itzulpena bera, ezizen batez sinaturik; bestean, ezizen horren atzean dagoen itzultzailearen datuak (gorago adierazitakoak). Nortasun agiriaren fotokopia eta CV bat ere erantsi behar zaizkio mezuari.

Epaimahaia, mentoretzak eta argitalpena
Honako hauek osatuko dute epaimahaia: Ainhoa Mendiluze Ormaetxeak (EIZIEk izendaturik), Ibai Sarasua Garciak (Txalaparta argitaletxeak izendaturik) eta Naroa Zubillaga Gomezek (CEDROk aurtengo bekarako izendaturiko mentoreak). Epaimahaiak honako hauek baloratuko ditu: testuaren kalitatea, hizkuntza-aberastasuna eta sorburu-testuarekiko baliokidetza. Beka eskuratzen duenak lau mentoretza-saio eginen ditu, bina ordukoak.

Irabazleak 3.000 euro gordin jasoko ditu Iruñeko Udalaren eskutik obra itzultzeko, mentoretza-saioak barne. Ordainketa bi epetan eginen da: erdia (1.500 euro) adjudikazioa jakinarazi eta hurrengo bi hilabeteetan, eta beste erdia (1.500 euro) mentoreak EIZIEri itzulpen-prozesuari buruzko txosten positiboa aurkeztu ondoren. Irabazleak 2027ko urtarrilaren 15a baino lehen entregatu beharko du lana amaitua.

Txalaparta argitaletxeak argitaratuko du itzulpena –eskubideak aurrez eskuratuta–, eta 2027ko ekaina izanen da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Minaberri beka, baita itzultzailearen izena ere. Itzultzaileak eta argitaletxeak sinaturiko itzulpen-kontratu baten bidez bermatuko da itzultzailea izanen dela itzulpenaren jabea. Bekaren hartzaileak liburuaren aurkezpenetan parte hartuko du, eta prest agertuko da, oro har, liburuaren sustapenean lagungarri izanen diren jardueretan parte hartzeko.
 

¿Te ha sido útil esta página?