Zabalguneko udal-merkatuak astero eginen den ‘Salerosten’ onlineko lehiaketa abian jarriko du datorren astelehenetik aurrera

Zabalguneko udal-merkatuak astero eginen den ‘Salerosten’ onlineko lehiaketa abian jarriko du datorren astelehenetik aurrera
Gazte Txartelaren jabeei zuzenduta, parte-hartzaileen artean 30 euroko opari-txartelak zozketatuko dira, merkatuan bertan gastatzeko
Mercadeando

 

Zabalguneko udal-merkatuak eta Nafarroako Gazte Txartelak bat egin dute astero eginen den onlineko lehiaketa bat abian jartzeko: ‘Salerosten’, non hainbat galdera erantzunez opari-txartelak irabaz baitaitezke. Lehiaketaren xedea da Instagram sare sozialaren bidez gazteekin elkarreragina bultzatzea, produktuak, saltokiak, zerbitzuak eta merkatuaren historia ezagut ditzaten.

Astero, Gazte Txartela webgunean hiru galdera argitaratuko dira, Zabalguneko merkatuarekin zerikusia dutenak. Gazteek, parte hartzeko, zuzen erantzun beharko dituzte eta aste horretako ‘Salerosten’ lehiaketako Instagrameko postari 'like' eman beharko diote, eta Nafarroako Gazte Txartelaren eta Zabalguneko Merkatuaren profilak jarraitu beharko dituzte sare sozial horretan. Lehiaketa gaur egun Nafarroan bizi diren Gazte Txartel Europarraren titularrei zuzenduta dago, nafarrak zein beste autonomia-erkidego batzuetakoak izan, edo beste herrialdeetakoak.

Hilabetean parte hartu duten guztien artean 30 euroko 4 opari-txartel zozketatuko dira, programarekin bat egin duten Zabalguneko Merkatuko saltokietan gastatzeko. Gazte Txartelaren titular bakoitzak bakarrik behin parte hartzen ahalko du aste bakoitzeko. Pertsona berak hilabete osoan zehar egindako parte-hartzeak kontuan hartuko dira zozketan, hala irabazteko aukera gehiago izateko. Opari-txartelak merkatuan bertan banatuko dira.

Azken urteotan Zabalguneko Merkatuan publiko berria –batez ere gazteak– erakartzeko eta fidelizatzeko egiten ari diren erakarpen-kanpainekin eta -estrategiekin bat egiten du lehiaketa honek. Elikadura osasungarriaren eta hurbileko produktuaren bidez, merkatuaren balioak eta errotze sozial handia erakusten dira, Bigarren Zabalguneko auzoan ondare eta kultura balio handia duen auzotarren arteko topagune bihurtuz.

¿Te ha sido útil esta página?