Zabalguneko civivox berria, Salestarrenean, hiru solairuko eraikina izanen da, eta 400 pertsonendako ekitaldi-areto bat eta Ciga eta Sarasateren ondaregunea izanen ditu

Zabalguneko civivox berria, Salestarrenean, hiru solairuko eraikina izanen da, eta 400 pertsonendako ekitaldi-areto bat eta Ciga eta Sarasateren ondaregunea izanen ditu
Gobernu Batzarrak proiektua idazteko lizitazioa onetsi du, eta espero da urte bukaerarako egina izatea eta 2022tik aurrera eraikitzen hastea
Fitxategi

 

Zabalguneko civivox berriak, Salestarren ikastetxe ohiaren orubeko 7. lurzatian eraikitzea aurreikusten denak, sotoa, beheko solairua eta hiru solairu izanen ditu, energia-kontsumoa ia nulua, eta irudi berezia eta erakargarria, ingurunearekin bat. Bere zuzkiduren artean izanen dira 400 lagunendako ekitaldi-areto bat, egun Kondestablen dagoen Pablo Sarasate Museo Aretoa eta Javier Ciga pintorearen inguruko erakusketa iraunkorra barne hartzeko guneak, beste areto batzuk, ikasgelak eta jarduera-guneak.

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean eman du lehenbiziko urratsa Zabalguneko – Salestarren civivox berria egiteko, proiektua idazteko kontratuaren lizitazioa eta hura egiteko lanen zuzendaritza teknikoa onetsi ondoren. Kontratu honen aurrekontua 459.800 eurokoa da, eta gauzatzeko epea 110 egunekoa, abuztuan hastea aurreikusita. Beraz, aurreikuspenen arabera, urteko azken hiruhilekoan Iruñeko Udalak proiektua egina izanen du. Ondoren, hurrengo urtetik aurrera, lanak lizitatu beharko lirateke civivoxa eraikitzeko.

Enrique Maya Iruñeko Alkateak eta María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak gaur goizean aurkeztu dituzte lizitazio horren xehetasunak, civivoxaren etorkizuna, bai eta gizarte-etxeko barruko guneak antolatzeko proposamena ere. Zabalguneko civivox berria egungo orubeko 7. lurzatian egonen da, gutxi gorabehera lurzatiaren erdian, Media Luna kalearekin muga eginez, eta sarbidea dagoeneko Salestarrak izeneko oinezkoendako plazatik izanen du. Gaur egun, Bigarren Zabalguneak, gizarte-eremu gisa Civivox sarean, Blanca de Navarra ikastetxe ohiaren hirugarren solairuan egokitutako ikasgela batzuk ditu.

400 lagunendako ekitaldi-aretoa eta berariazko aretoak Ciga eta Sarasaterendako

Eraikinak, civivox berriaren guneak antolatzeko proposamenarekin bat, guztira 4.000 metro koadro luze-zabal ditu, eta lau alorretan egituratzen da: sarbidea informazioa eta kudeaketa, jarduera-aretoak (ekitaldi-aretoa barne), erabilera anitzeko gelak eta beste gune batzuk. Azken horietan, Iruñeko eta Nafarroako kulturaren bi artista erreferenteren ondareak bilduko dituzten bi areto zehazten dira. Javier Ciga pintorearen eta Pablo Sarasate musikari eta konpositorearen erakusketa iraunkorrei eskainitako guneak izanen dira, 600 eta 300 metro koadro ingurukoak, hurrenez hurren. Beraz, Pablo Sarasate Museo Aretoa Kondestabletik civivox berrira leku aldatzea aurreikusita dago. Datozen egunotan, Ciga familiarekin hitzarmen bat sinatuko da, erakusketa iraunkor horren oinarriak finkatze aldera.

Gunerik zabalena, ekitaldi-aretoa izanen da: 610 metro koadro inguru eta 400 pertsonendako eserlekuak izanen ditu. Areto horrek civivoxetik bertatik izan beharko du sarrera, eta horrekin batera, beste sarrera bereizia ere, programatu ahal izateko, zentroa itxita egonez gero. Eremu hori intsonorizatuta egonen da eraikineko gainerako geletatik, eta 200 metro koadroko agertokia, aldagelak, kontrol teknikoko eta proiektatzeko kabina, eta biltegia izanen ditu. Halaber, Zabalguneko civivox berriak kirol- eta dantza-jardueretarako berariazko aretoak izanen ditu, bere aldagelekin eta biltokiarekin, eta baita arte plastikoko bi lantegi eta sukaldaritzako ikasgela bat ere.

Erabilera anitzeko gelen artean, hitzaldi-areto bat, informatika-gela bat, 20 edo 40 pertsonendako erabilera anitzeko gela, eta haurrei zuzendutako jarduerendako areto egokitu bat egonen dira. Azkenik, erabiltzaileei informazioa eta arreta emateko guneak eginen dira, bai eta zentroa zuzentzeko eta kudeatzeko guneak ere, hala nola bulegoak, biltegiak, hornidura-instalazioak eta energia hornitzekoa. Horri guztiari beste areto eta zerbitzu batzuk gehitu behar zaizkio, hala nola komunak solairu guztietan, irakurketa- eta ikasketa-gela bat, edoskitze-gela bat, armairuak eta biltegia duten garbiketa langileendako espazio bat, eta baimendutako ibilgailuendako aparkatzeko eremu bat sotoan, aukera emanez, baita ere, kultur ekipamendua duten espazioak jartzeko.

Eraikin adierazgarria, iradokitzailea eta integratua

Iruñeko Udalak proiektua idazteko kontratu honen bidez eraikin adierazgarria lortu nahi du, irudi berezia, iradokitzailea eta erakargarria duena, ingurunean integratuta dagoena, ondoko espazioekin lotutakoa eta Bigarren Zabalguneko eta hiri osoko kultur bizitzaren erreferente izanen dena. Horretarako, honako alderdi hauek baloratuko dira: diseinua, konposizioa, programaren alderdi funtzionalak eta antolakuntzakoak betetzea, espazioren kalitatea, eta gune soziala eta komunitarioa sustatzeko gaitasuna, jarduera, topaketa eta harremanetarako gunea izan dadin.

Halaber, kontuan hartuko dira kalitateak, bai materialenak bai beste alderdienak, hala nola gune desberdinen erabilerari egokitzea, akaberen eta instalazioen konponbide teknikoak, eta beren egokitasuna. Eskaintzak aurkezteko epea lizitazio-iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero hasiko da. Kontratua esleitzeko irizpideak % 50ean hainbanatuko dira alderdi kualitatiboen (arkitektura-kalitatea, diseinua eta jasangarritasuna, beharren programaren gaineko justifikazioa eta eraikuntzaren kalitatea) eta alderdi objektiboen artean (eskaintza ekonomikoa, proiektua idazteko epea, lanak zuzentzeko proposamena eta irizpide soziala).

Civivox zentroak kultura- eta gizarte-garapenerako erabilera anitzetako ekipamenduak dira, eta herritarren eskura jartzen dituzte topaketa-, prestakuntza-, sortze-, eta informazio-guneak beren ekintza-esparruaren barruan balio eta interes kulturalak sustatzen laguntzeko. Civivox sarea gaur egun hiriko zazpi auzotan banatzen da, Zabalguneko Civivox izeneko Blanca de Navarra ikastetxeko ikasgelak barne. Zentro horiek gertuko espazio gisa proposatzen dira, irekiak, gertukoak, irisgarriak, eta programa zabala eskaintzen dutenak.

Iruñeko Udalak espazio horiek ikastaroetan, lantegietan, eta gizarte eta kultur jardueretan oinarritutako ohiko programa batez hornitzen ditu, hiriko kultur programazioaren parte nagusi baitira. Era berean, kultur eta gizarte hornidura horiek guneak lagatzen dizkiete modu jarraituan edo unean-unean entitateei, elkarteei eta kolektiboei, beren jarduerak gara ditzaten. Azken finean, Civivox sarearen bitartez, Udalak kultura eskuratzeko eskubide unibertsala bermatu nahi du, kultura guztion onura gisa ulertuta, eta herritarrek hiriko bizitza kultural horretan parte hartzea sustatuz.

¿Te ha sido útil esta página?