
Iruñeko Udalak, Civivox sarearen bidez, eta Jorge Oteiza Fundazio Museoarekin lankidetzan, jarduera-ziklo bat antolatu du azaroaren 6tik 27ra, XX. mendeko euskal artearen hiru figura nagusi gogora ekartzeko: Jorge Oteiza, Eduardo Chillida eta Nestor Basterretxea. Kondestable Civivoxean Nestor Basterretxearen inguruko hitzaldi, lantegi, mahai-inguru eta ikus-entzunezkoen proiekzio-ziklo bat eginen da, hiru sortzaile horien bizitza eta obra aztertzeko, eta utzi duten ondarean eta arte garaikidean izan duten eraginean sakontzeko.
Gaur goizean, jarduera horien aurkezpena egin dute Iruñeko Udaleko Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko alorreko zuzendari Iñigo Gómez Eguiluzek eta Oteiza Museoko zuzendari Gregorio Díaz Ereñok ak eta Patxi Burillo lantegigileak. Proposamen horretan, gainera, Punto de Vista zinema-jaialdiak ere parte hartzen du. Jarduera-ziklo osoa doakoa da, sarrera librekoa, eta 18 urtetik gorakoendako diseinatu dira edukiak.
Hiru hitzaldi
Hitzaldiak Kondestablen izanen dira, 19:00etan, sarrera librea izanen da, eta azaroaren 6an, 13an eta 20an eginen dira. ‘Oteiza, Basterretxea, Chillida, topalekuak’ izenburupean, hilaren 6an Javier Gonzalez de Duranak Oteiza eta Chillida lotzen zituen harreman konplexua jorratuko du, hitz garratzak gurutzatu baitzituzten, eta adiskidetasun bizia erakutsi.
Bigarren hitzaldia, ‘Oteiza eta Chillida. Prestakuntza urteak, bidaiak’ azaroaren 13an izanen da, María Teresa Muñozen eskutik. Jorge Oteizak (Orio 1908 - Donostia 2003) eta Eduardo Chillidak (Donostia 1924 - Donostia 2002) hamasei urteko aldea zuten, baina biek bat egin zuten 50eko hamarkadaren hasieran Arantzazuko Basilikako lan kolektiboan, eta bi bidaiak, Oteizak Hego Amerikara eta Chillidak Parisera egindakoek, eragin erabakigarria izanen zuten haien ondorengo jardunean.
Azken saioa azaroaren 20an izanen da, asteazkenarekin: ‘Arkitekturaren inguruko begiraden gurutzaketa: Oteiza, Chillida eta Basterretxea’. Hitzaldiak arkitekturara hainbat ikuspegi eta asmoz hurbildu ziren eta pertsonen eta bizilekuen arteko harremanak proposatu eta ebatzi zituzten hiru artistarengana gerturatuko gaitu. Emma Lopez Bahut izanen da hizlaria.
Lantegi esperimentalak
Zikloaren barruan, hiru euskal eskultore horiek hain gustukoak zituzten lantegi esperimental horietako bat eginen da. Patxi Burillo artistak, azaroaren 25etik 27ra, saio teoriko-praktiko bat eskainiko du egunero, eta bertan proiektu arkitektonikoak landuko dira, eta bilatuko dira, elkarrekin, espazioa egiteko eta pentsatzeko modu berriak.
Imajinario pertsonalak modu praktikoan irudikatzeko ariketa horrek, Oteiza, Chillida eta Basterretxearen lan egiteko modu esperimentala du ardatz, hala hasi baitziren beren sormen-unibertsoko ur sakonetan igerian, material xumeak erabilita eta eskala txikian. Hiru saioak Kondestablen izanen dira, 16:00etatik 19:00etara.
Nestor Basterretxea eta zinema
Ziklo honetan, gainera, Oteiza Fundazioak eta Punto de Vista Jaialdiak lankidetza aktiboan dihardute. ‘Oteiza, Basterretxea, Chillida, elkarguneak’ film-eskaintzaren barruan, azaroaren 27an ikus-entzunezkoen saio bat eginen da 19:00etatik aurrera. Sarrera librea izanen da. ‘Nestor Basterretxea eta irudia’ saioa mahai-inguru baten bidez bideratuko da, eta bertan parte hartuko dute Punto de Vistako zuzendari Manuel Asinek, Peio Aguirre arte kritikariak eta Juan Pablo Huercanos Oteiza Museoko zuzendariordeak.
Hasteko, Alquezar. Retablo de pasión, Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquerten filma proiektatuko da. 1966an filmatutako 12 minutuko film labur horrek hurbilketa espresionista bat proposatzen du garai hartako tradizio erlijiosoaren estetikara eta formetara. Ondoren, Nestor Basterretxearen Operación H filmak hartuko dio txanda. Juan Huarte industrialariak film dokumental labur bana egiteko enkargua egin zien.Jorge Oteizari eta Nestor Basterretxeari Huarte taldeko enpresen produktuen eta ekoizpen prozesuen inguruan. Filma1963an grabatu zen eta 12 minutuko iraupena du.
Basterretxearena da, halaber, soinurik gabeko 5 minutuko Sin título film laburra; 16 mm-tan filmatutako erregistro esperimental bat da. Bertan, egileak aldizkari ilustratuetako hainbat argazki errepasatzen ditu bere kamerarekin, eta berak zuzenean egindako collage batzuk gehitzen dizkie. Laugarren ikus-entzunezko pieza Peio Aguirreren Un retrato de N.B. da. 2020. urtean egindako film horren 24 minutuak Nestor Basterretxea (1924-2014) artistaren biografia eta erretratu bihurtzen dira. Dokumentala eta saiakera da filma, zeina ekoitzi baita, ia osorik, artistaren beraren argazki-bilduma oinarri hartuta, Idurmendieta baserrian, Hondarribian.
Azken filma Jesús María Palaciosen Labo izanen da (Espainia, 2019, 13’). Film hori Tarragonako Lanbide Unibertsitate zaharraren memoria gordetzeko hurbilketa bat da. Unibertsitate hori garatu zen erregimen frankistaren eredu sozial eta politikoarekin bat zetorren prestakuntza-eredu gisa. Garaiko irudiak eta hainbat artistek egindako arkitekturaren eta adierazpen plastikoen egungo erregistroak uztartzen ditu filmak, tartean Basterretxearenak.