Pirotecnia Valenciana su-etxeko Tere Rey Garcíaren Arima ikuskizunak irabazi du 2026ko Sanferminetako Egile Su Artifizialen Nazioarteko XXV. Lehiaketa

Pirotecnia Valenciana su-etxeko Tere Rey Garcíaren Arima ikuskizunak irabazi du 2026ko Sanferminetako Egile Su Artifizialen Nazioarteko XXV. Lehiaketa
Bigarren saria Jorge Caballer Villacañasen Memorias de pólvora y color (Bolboraz eta kolorez betetako memoriak) ikuskizunak jaso du, eta hirugarrena, Luis Dospiritusanto Garcíaren Serenidad feroz (Lasaitasun basatia) bildumak
fuegos artificiales

 

Uztailaren 12an, igandearekin, jaurti zuten Arima bildumak irabazi du 2026ko Su Artifizialen Nazioarteko XXV. Lehiaketako Urrezko San Fermina: Pirotecnia Valenciana su-etxeko Tere Rey Garcíak diseinatu du. Ikuskizunak garaikurra eta 5.000 euro jasoko ditu, epaimahaiak proposamenik onentzat jo duelako. Zilarrezko San Fermina Jorge Caballer Villacañas diseinatzaile valentziarraren Memorias de pólvora y color (Bolboraz eta kolorez betetako memoriak) ikuskizunak irabazi zuen: uztailaren 8an jaurti zuten. Hirugarren saria, berriz, Serenidad feroz (Lasaitasun basatia) bildumak jaso zuen: Ourenseko Xaraiva su-etxeko Luis Dospiritusanto Garcíarena zen eta uztailaren 14an jaurti zuten.

Arima (Alma) bilduma irabazlea aurtengo koreografia pirotekniko digitalizatu onenetako batzuk eskaintzeagatik nabarmendu zen, hala nola tximisten ibilbideak edo meteoro-azelerazio bat, publikoa txalo artean jarraitzera eraman zuena. Gainera, Canalseko (Valentzia) su-etxeak hainbat altueratako suzko fatxadak eraiki zituen, eta horien artean edizio honetan ikusitako altuera, tamaina eta plastikotasun handienekoak, hala nola urre berri fin-fineko palmondo basoarena, zeina benetan zirraragarria izan baitzen. Erritmo arinagatik ere nabarmendu zen, ikuskizun osoari jarraipena eta koherentzia eman baitzion. Epaimahaiak bereziki baloratu ditu kolorearen harmonia, proposamenaren kalitate artistikoa eta eszenak eraikitzeko sentiberatasuna: ikuskizun orekatua, dotorea eta eragin bisual handikoa ekarri zuten. 

Bigarren saria, Memorias de pólvora y color (Bolboraz eta kolorez betetako memoriak) bildumak jaso zuen, hori dela eta Zilarrezko San Fermina eta 3.000 euro irabazi ditu, eta honako alderdi hauek nabarmendu dira uztailaren 8an (asteazkena) jaurtitako ikuskizunari buruz: erabilitako materialaren kalitatea eta ikuskizunaren aberastasun kromatikoa, hasieratik bukaerara intentsitate bisuala eskaini baitzuen. Konposizio asimetrikoak, oso ongi marraztuak, ongi erabiltzea baloratzen da bereziki, bai eta askotariko efektuak berreskuratzea ere, su zaharrak kasu. Hala ere, akatsak antzeman ziren jaurtiketa-posizio jakin batzuk jartzeko eta exekutatzeko orduan. Epaimahaiak oso modu positiboan azpimarratu du, besteak beste, ikuskizunari amaiera emateko erabili zuten trumoi-friso ikaragarri eta bortitza, Valentziako mascletá-ren zantzu nabarmenak zituena.

Hirugarren postua Serenidad feroz (Lasaitasun basatia) bildumarendako izan da: Brontzezko San Fermina eta 2.000 euro jasoko ditu erabilitako materialaren kalitate onagatik, non galiziar motakoa nabarmendu zen, eta asimetrien derrigorrezko proba behar bezala gauzatzeagatik, baita aurtengo jaiak itxi zituen ikuskizunaren beste fase batzuengatik ere. Bilduma honetan bereziki nabarmentzekoa da izan zuen amaiera bizia eta ondo ebatzitakoa, publikoaren arreta amaierara arte mantentzeko gai izan zena: bukaera airean zintzilik geratu ziren ezkata gorriz apaindu zuen ezustean. Era berean, koordinazioa eta estilo propioa nabarmendu ziren, proposamenaren barruan koherentziaz txertatuta.

Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkaria izan da Sanferminetako Egile-su Artifizialen Nazioarteko XXV. Lehiaketako epaimahaiburua, eta hauek izan dira epaimahaikideak: Iñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendaria, Andrea Ganuza artista plastikoa eta Ramiro Coll Satorres Valentziako piroteknikako espezialista. Jokin Campión Gastón, Iruñeko Udaleko Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorreko teknikaria aritu da idazkari gisa. Sariei buruzko erabakia luzaroan eztabaidatzen aritu dira ikuskizun gehienek kalitate handia zutelako. Bildumak alderatzeko orduan parte-hartzaileek izan dituzten alde onak zein akatsak kontuan hartu dira. 

Zortzigarren urtez jarraian, lehiaketa Egile-suen formatuan egin da. Lehiaketaren zuzendaria Mikel Paola Erviti su artifizialetan aditua den iruindarra izan da.

Herri-bozketa
Su artifizialen lehiaketa ofizialarekin batera herritarrek ere sanferminetako bildumarik gogokoenak bozkatzeko aukera izan dute, 1etik 10era bitarteko puntuazioak emanez. 3.629 lagunek parte hartu dute herri-bozketan, bai aurrez aurre bai udalaren webgunearen bidez. Uztailean jaurti zuten bildumak irabazi du ikusleen saria: César López Lanaren Navarra brilla en el cielo (Nafarroak zeruan dirdira egiten du), San Fermín su-etxearena eta Huescako Pirotecnia Oscense su-etxeak ekoitzia. Ikuskizunak 5.351 puntu jaso ditu, gainontzekoek baino nabarmen gehiago.

Bigarren postua (3.605 puntu) –ikusleena zein epaimahaiaren– Memorias de pólvora y color (Bolboraz eta kolorez betetako memoriak) bildumarendako izan da: jaietako hirugarren egunean, uztailaren 8an (asteazkena), jaurti zuten eta Jorge Caballer Villacañas valentziarrak eta Hermanos Caballer (Castelló) su-etxeak diseinatu zuten. Hirugarren postua (3.098 puntu) uztailaren 9ko (osteguna) Igneus ikuskizunak jaso zuen: Luis Brunchú Martík diseinatu eta Pirotecnia Zaragozanarekin jaurti zuen.

Herri-bozketan parte hartu dutenen artean sariak zozketatuko dira, eta horiek banatzeko eginen den ekitaldian jasotzen ahalko dira. Sanferminetako Egile-su Artifizialen Nazioarteko XXV. Lehiaketaren babesleak dira Eroski eta Diario de Navarra.


2026KO SANFERMINETAKO SU ARTIFIZIALEN NAZIOARTEKO XXV. LEHIAKETA

URREZKO SAN FERMINA

  • Arima, uztailak 12, igandea

    • Diseinatzailea: Tere Rey García

    • Su-etxea: Valenciana su-etxea

ZILARREZKO SAN FERMINA

  • Memorias de pólvora y color (Bolboraz eta kolorez betetako memoriak), uztailak 8, asteazkena

    • Diseinatzailea: Jorge Caballer Villacañas

    • Su-etxea: Hermanos Caballer Pirotécnicos

BRONTZEZKO SAN FERMINA

  • Serenidad feroz (Lasaitasun basatia), uztailak 14, asteartea

    • Diseinatzailea: Luis Dospiritusanto García

    • Su-etxea: Pirotecnia Xaraiva

¿Te ha sido útil esta página?