
Iruñeko Udalak martxan jarri du Egile berriendako XXXVI. euskarazko literatur lehiaketa, poesia eta narrazio modalitateetan. Deialdiaren oinarrien laburpena gaur argitaratu da, astelehenarekin, 2026ko 140. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 20koan. Lehiaketa Nafarroan jaio edo bertan bizi diren egileei zuzenduta dago, eta jatorrizko, gai libreko eta argitaratu gabeko lan bakarra aurkezten ahalko dute modalitate bakoitzean, urriaren 26ra arte. Deialdiaren oinarriak Iruñeko Udalaren Egoitza Elektronikoan kontsultatzen ahal dira.
Poesiako modalitatean, lanek gutxienez 200 bertso izan behar dituzte, eta narrazioek, gutxienez, 15 orrialde, 11 tamainako Arial letra motarekin eta tarte bikoitzaz. Lehiaketa 9.000 euroz hornituta dago, kategoria bakoitzeko hiru saritan eta gehienez ere lau aipamenetan banatuta. Lehen saria 2.500 eurokoa da, bigarrena, 1000 eurokoa eta hirugarrena, 500 eurokoa, eta aipamenak 500 euroz hornituta daude. Sariak ex-aequo ematen ahalko zaizkie hainbat lani, halako eran non saria egile horien artean hainbanatuko baita.
Lanak telematikoki aurkeztu behar dira urriaren 26ra bitarte www.pamplonaescultura.es/eu webguneko lehiaketen atalean; bertan eskuragarri daude oinarriak eta parte hartzeko formularioa. Izen-ematea aurrez aurre ere egiten ahal da Udalaren erregistroetan, baina ezinen da erregistro elektronikoaren bidez egin, parte-hartzaileen anonimotasuna bermatze aldera.
Egileek ezin izanen dute lanik aurkeztu lehiaketan, beren izenpean literatur liburu bat baino gehiago argitaratu badute (ez dira muga horretan sartzen aldizkarietan, komunikabideetan edo izaera kolektiboko argitalpenetan argitaratutako parte-hartzeak edo kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere). Aurreko bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ezin izanen dute berriz parte hartu modalitate horretan.
Egile berriendako XXXVI. euskarazko Literatur Lehiaketaren epaimahaia honako hauek osatuko dute: Inma Errea Cleix idazle eta itzultzaileak, Ángel Erro Jiménez poeta eta itzultzaileak eta Izaskun Etxeberria Zufiaurre idazle eta irakasleak.
Saria ordainduta, Iruñeko Udalak saritutako obra argitaratzeko aukera eskuratuko du. Eskubidea izanen du, baita ere, lana edozein euskarri edo formatutan erreproduzitzeko, eta horien artean, bereziki, liburu batean edo euskarri digital edo zenbakizkoan edizioa egiteko, baita lana banatzeko eta jendaurrean paratzeko eskubideak ere, berarendako bakarrik, mundu osoko merkatuan ustiatzeari begira, hurrengo bi urteetarako.
EGILE BERRIENDAKO XXXVI. EUSKARAZKO LITERATUR LEHIAKETA
Jatorrizko lanak aurkezteko mugaeguna: urriak 26.
Bi modalitate izanen dira:
Poesia: gutxieneko luzera, 200 bertso
Narrazioa: gutxieneko luzera, 15 orrialde (11 tamainako Arial letra mota, tarte bikoitzaz)
Hiru sari modalitate bakoitzeko, eta lau aipamen emateko aukera (guztira 9.000 euro):
Lehen saria: 2.500 euro
Bigarren saria: 1.000 euro
Hirugarren saria: 500 euro
Accesita: 250 euro
Izen-emateak eta oinarriak: www.pamplonaescultura.es/eu webgunean