Apirilaren 1etik 11ra bitarte Udalak azken belaunaldiko ihes-joko baten 25 jarduera programatu ditu. Iruñearen blokeoa izeneko jokoak parte hartzaileak III. Gerra Karlistan hiriak pairatu zuen setiora eramanen ditu, eta hiri modernoaren perimetroko konfinamendutik modu birtualean ihes egitea du xede.
Pista- eta aurkikuntza-jokoa azken belaunaldikoa da, 18 enigmak jokalarien gailu mugikorren bitartez argitu beharko direlako, eta garapen digitaletan oinarrituta dagoelako, hala nola, errealitate areagotuan, 3D bisita birtualean, 360º argazki eta bideoetan eta geolokalizazioan, dronen irudiak, antzinako argazkiak eta ilustrazioak txertatzeaz gain. Horrela, baldintza bakarra da interneteko konexioa edukitzea eta helbide elektroniko bat aurkeztea, eta gomendatzen da gutxienez 4,7 hazbeteko pantaila duten gailuak erabiltzea.
Udalak programatutako eskaintza ihesaldi bat da zentzu literalean ere, jokalariak 1875 eta 1876 bitartean hiria setiatzen zuten karlisten partidek ezarritako blokeoari aurre egin behar izan zioten herritarrak izanen baitira. Horrela, probek benetan gertatu ziren egoerak konpontzea dute xede, esaterako, kanpoaldearekin komunikatzea, elikagaiak lortzea, ura eskuratzea, erasoez ohartaraztea, gauetan argiztatzea edo egurra lortzea. Ahobizarra kentzeko eta konplexutasun maila ikusteko, jokoa erabiltzeko jarraibide batzuk eskuragarri daude.
Hiriko gotorlekuak agertoki dituen jarduera, egunero 17:00etan eta 18:00etan hasiko da San Bartolome gotorlekuan / Gotorlekuen Interpretazio Zentroan (Aralar kalea, Arrieta kaleko ertzean) eginen den elkarretaratze batekin, eta bertan azalduko dira jokoaren nondik norakoak. Ihesa 90-120 minutu geroago amaituko da Ziudadelan. Bidean Iruñeak dituen gotorleku-ondareko 5 kilometroetako gune batzuk bisitatu eta hobeto ezagutuko dira.
Lehenengo egunean jardueraren maiztasuna handiagoa izanen da, apirilaren 1ean 5 elkarretaratze egonen baitira 17:00etatik 18:00etara (15 minutuan behin). Saio bakoitzean 18 lagunek parte hartu ahal izanen dute gehienez ere, eta distantzia fisikoari eta maskaren erabilerari dagozkion osasun-segurtasuneko arauak gorde beharko dituzte une oro. Jarduera banaka, familian edo lagunartean egitekoa da.
Jokoa gaztelaniaz eta euskaraz eginen da, eta Iruñean gertatutako une historiko batean oinarritzen da, zeinetan tropa karlistek Iruña erabat itxi baitzuten 6 hilabetez. Herritarrek egoera larria pairatu zuten eta hiriak une hartan zituen 20.000 biztanleetatik 1.000 zendu ziren.
Ildo nagusia pertsonaia historikoak dira, eta horrela ihesa osagai ludiko garrantzitsua duen ibilbide turistiko-kultural bat da; izan ere, abenturak parte hartzaileak Iruñeko historiara hurbilduko ditu. Sarrerak online erreserba daitezke bihartik aurrera, martxoak 30, https://ayuntamientopamplona.sacatuentrada.es/es/entradas/visita-guiada-pamplona estekaren bitartez, edo aurrez aurre jaso turismo bulegoko makina banatzailean.
Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko Alorrarrekin lotura duen proposamen honen garapena Santiago Lesmesek zuzendutako 12 pertsonako lantalde batek egin du. Jarduera honi buruzko informazio guztia eskuragarri dago udal-webgunean, Pamplona-Iruña app-an eta Turismo Bulegoak aldian behin bidaltzen duen newsletter-ean.
“Iruñearen blokeoa” ihes-jokoa
- Data: Apirilak 1etik 11ra bitarte (25 saio)
- Gaia: Iruñeko harresiak eta historia, 1874ko Iruñeko blokeoa ardatz harturik (III. Gerra Karlista)
- Baldintza: Interneteko konexioa duen mugikorra edo tableta eta helbide elektroniko bat
- Bakarrik edo lagun-taldeka egin daiteke.
- Modalitateak: gaztelaniaz eta euskaraz
- Doako jarduera
- Iraupena: 90 minutu
- Leku-kopurua: 18, talde bakoitzeko
- Elkarretaratzeen ordutegia: apirilaren 1ean, 17:00, 17:15, 17:30, 17:45 eta 18:00etan, eta 2tik 11ra bitarte, egunero bi: 17:00etan eta 18:00etan.
- Topalekua: San Bartolome gotorlekua (Aralar kalea, Arrieta kaleko ertzean)
- Ibilbidea: San Bartolome gotorlekutik Ziudadelara, honako hauetatik igaroz: Labriten Bastioia, Barbazan ingurabidea, Redingo bastioia, Katedrala, Carmen kalea, Zumalakarregiren portalea, Errege-erreginen Jauregia, Udaletxea, San Zernin eliza, Ingurabideko pasealekua, Taconera, Laguntza Atea eta Ziudadelako barnealdea.
Erreserba: martxoaren 30etik, online https://ayuntamientopamplona.sacatuentrada.es/es/entradas/visita-guiada-pamplona estekaren bidez edo turismo bulegoko makina banatzailean aurrez aurre jasotzeko aukera dago.