Urrian amaituko dira Txantreako hegoaldeko parkearen ingurunea urbanizatzeko lanak, eta dagoeneko biribilguneak ia amaituta daude eta bide berria zehaztuta dago

Urrian amaituko dira Txantreako hegoaldeko parkearen ingurunea urbanizatzeko lanak, eta dagoeneko biribilguneak ia amaituta daude eta bide berria zehaztuta dago
Hirigintza Gerentziak onetsi egin du parkearen 2. eta 3. faseetako separatak idazteko deialdia
visita

 

Hirigintza Batzordeak eta Gerentziak gaur goizean bisitatu dituzte Txantreako hegoaldeko parkearen lehen faseko lanak. Aurreikuspenen arabera, urrian amaituko dira urbanizazioari dagozkion lanak, zeinek jarraitutasuna emanen baitiote auzoari, eta bide eta etxebizitza berriak sortuko baitituzte, eta urte bukaeran amaituko dira lanak etorkizuneko parkearen mendebaldean, orain arte Irubide parkea zen horretan, Magdalenako zubitik Santiago plazaraino, eta inguruetan dagoen ekaitza-tangaraino.

Lehen fase horretako jarduketak bi lotetan esleitu ziren, alde batetik, jarduketa-esparruaren iparraldean aurreikusita zegoen urbanizazioa, eta bestetik, parkearen garapena bera. Urbanizazioari dagokionez, dagoeneko obraren % 55 inguru egin da, eta lanak urrian amaitzea aurreikusten da. Une hauetan, honako zerbitzu hauek instalatzeko lanak amaitzen ari dira: euri-urak, saneamendua, telekomunikazioak, elektrizitatea, gasa eta semaforoak jartzea. Halaber, zoladura-lanak aurrera doaz, eta lorezaintza- eta ureztatze-lanak hasi dira.

Magdalena kalean eta Mendigorria kaleko bidegurutzean kokatutako biribilgune berriei dagozkien obrak ia amaituta daude. Antzematen da ere urbanizazioa lotuko duen ardatza, Irubide Institutuaren eta Irabia ikastetxearen artean. Halaber, zoladura jarri da Corella kalea zenaren zonaldean, oinezkoendako pasealeku bihurtu dena, eta Mendigorria kalean ukitutako zuhaitzak birlandatu dituzte. Lan horien aurrekontua 6,9 milioi euro da (BEZa kanpo), eta Construcciones Mariezcurrena SL eta Excavaciones Fermín Osés SL enpresek osatzen duten ABBEari esleitu zitzaizkion.

Diseinu berria Magdalenako zubitik parkera sartzeko plazan

Parkearen garapenari dagokionez (bigarren lotea), drainatzeari eta hornidurari, lurren mugimenduari eta parkeko bideen zoladurari dagozkien lanak egiten ari dira. Azken egunetan ureztatze-lanei ekin diete. Halaber, Josefina seroren komentuko baratzeko itxiera zaharraren horman juntadura-lanak egin dituzte. Aldi berean, Magdalenako zubitik parkera sartzeko plazan aldaketa bat idazteko lanetan ari dira; izan ere, bertan diseinu berri bat egin behar izan da 'noria-putzu edo odol-noria' zaharra integratu eta kontserbatu ahal izateko, Príncipe de Vianaren txostenekin bat. Gutxi gorabehera, aurreikusitako lanen heren bat baino gehiago egin da, eta horien aurrekontua 1,8 milioi euro da (BEZa kanpo). Lanak Lacunza Hermanos SL enpresak egin ditu, eta urte honetako abenduan amaituko dira.

Parkearen hedadura handia denez, hainbat gauzatze-fasetan egitea gomendatu da. Gaur egun lehenengo fasea egiten ari dira, eta bigarrena eta hirugarrena garatzeko prozedura martxan jarri da. Amaitu ondoren, parkeak 100.000 metro koadro inguruko azalera izanen du guztira, ia kilometro bat luze Arga ibaitik eta Magdalenatik Burlatako mugaraino, eta ehun metro zabal inguru iparraldeko urbanizazio berrian egonen den kaletik Burlatako bideraino, hegoaldean. Parkea gauzatzeko, partaidetza-prozesuan irabazi zuen Begibistan proposamenari jarraitu zaio, zeinak gunea naturalizatu eta haren mantentze-kostuak murriztearen alde egiten baitu.

Parkearen 2. eta 3. faseak idaztea

Hirigintza Gerentziak gaur goizean onetsi du Hego Txantrea parkeko proiektuaren 2. eta 3. faseetako separatak idazteko kontratua esleitzeko prozeduraren deialdia, eta, hala badagokio, egin litezkeen obren zuzendaritza. Hiru hilabeteko epea aurreikusten da bi separatak idazteko, eta aurreikusitako aurrekontuak 22.640 euro jotzen du. 

2. fasean lehentasuna eman nahi zaio parkeko iparraldean dagoen eta urbanizazioarekin mugatzen duen ertzeko pasealekuari, eta aipatu pasealekuarekin batera doazen egonlekuei, jolasguneei eta ureztatzea duten berdeguneei. 3. faseko esparrua parkeko gainerako eremuari dagokio, barnealdetik Magdalenako egungo etxebizitzetaraino, eta ekialdeko eremua, Burlatako udal-mugartearekin muga egiten duen tokiraino.

2. fasean, zoladura jarriko zaie parkearen iparraldean dauden egonlekuei eta Burlatako bidetik sarbideekin lotzeko bideei. Dagoen ekaitz-tanga egokitzeko xerolorategi bat jarriko zaio gainazalean, eta bide horiek mugatuko dituzten berdeguneak ere sortuko dira. Instalazioei dagokienez, eremu horretan argiteria, drainatzea eta ureztatzea jarriko dira.

3. faseko jarduketak honako hauek izanen ditu ardatz: jolasgunea osatzea parkour eta skate pistak jarrita, belardi naturalizatuak egitea (ureztatzerik gabekoak), eta Iturraipurria ubidea berreskuratzea, Burlatarekin eta ertzeko orlarekin mugatzen duen haritzen zuhaiztia. Hegoaldean, familiendako baratze-eremuak, emakida-baratzea, piknik eremua eta zakurrendako eremua eginen dira. 2. fasean bezala, zonaldean argiteria, drainatzea eta ureztatzea jarriko dira.

¿Te ha sido útil esta página?