Udaltzaingoak ikastetxeetan, guraso eskoletan eta erretiratuen elkarteetan ematen duen bide segurtasuneko eta gizabidezko hezkuntzako prestakuntza-eskaintza egokituko du

Udaltzaingoak ikastetxeetan, guraso eskoletan eta erretiratuen elkarteetan ematen duen bide segurtasuneko eta gizabidezko hezkuntzako prestakuntza-eskaintza egokituko du
Pasa den ikasturtean, COVID-19aren ondorioz ikasturtea martxoan presaz amaitu arren, 20.000 lagunetik gora parte hartu zuten bi prestakuntza-programa horietan

 

Ikasturtean zehar ikastetxeetan zein erretiratuen elkarteetan eman ohi duen bide segurtasunari eta gizabidezko hezkuntzari buruzko prestakuntza-eskaintzari heldu die berriz Iruñeko Udaltzaingoak. Saioak egokitu egin dira indarrean dagoen segurtasun-araudiarekin bat. Pasa den ikasturtean, COVID-19aren pandemiak eragindako egoerak gorabehera, 20.000 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte prestakuntza-programa horietako hitzaldi eta jardueretan.

Iruñeko Udaltzaingoko Bide Segurtasuneko alorraren menpe dagoen Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldeak egiten du prestakuntza. Talde hori bi azpitaldetan banatzen da, ematen den prestakuntzaren arabera: Bide Hezkuntzako azpitaldea eta Gizabidezko Hezkuntzako azpitaldea. Bide Hezkuntzako programan pasa den ikasturtean, 2019-2020koan, guztira 53 ikastetxek zein desgaitasuna dutenen zentrok hartu zuten parte, eta 9.536 ikasle, egindako 315 jardueretan. Udaltzaingoak ematen dituen Gizabidezko Hezkuntzako saioetan 10.178 lagun izan ziren, eta ikastetxeetan, guraso-eskoletan eta erretiratuen elkarteetan eskaini ziren. Programa zibiko honetan 26 prestakuntza-jarduera egin ziren. 

Koronavirusak eragindako osasun-krisia dela-eta pasa den martxoan ezarri eta ekainera arte luzatutako alarma-egoerak ikastetxeak ixtea, herritarrak konfinatzea eta, hortaz, prestakuntza hori presaz amaitzea ekarri zuen. 2020-2021eko ikasturte berri hau prebentzio- eta babes-arau berriekin abiatu da, eta horrek eragin du Udaltzaingoaren prestakuntza-eskaintza egokitu behar izatea jarduerak ematen dituztenen eta jasotzen dituztenen osasun-segurtasuna bermatzeko.

Hezkuntza-ziklo bakoitzera egokitutako saioak

Bide Hezkuntzako azpitaldeak prestakuntza-eskaintza berarekin jarraitzen du, funtsean, salbu lehen egiten ziren zenbait jardueren kasuan, araudi berriarekin ezin baitira egin. Horrela, bide segurtasuneko prestakuntza mantenduko da ikastetxeetan, Udaltzainekin, ikastetxeetan eginen diren saio eta hitzaldietan, eta horietan polizia-materiala eta patruila-autoak ere izanen dira. Jarduera horri gehitu behar zaizkie ikastetxeetan ezarritako zirkuituak eta haurrekin ikastetxe inguruetan egiten diren ibilbideak, irakasle eta poliziek lagunduta, prestakuntza praktikoagoa emateko.

Gizabidezko Hezkuntzaren azpitaldearen kasuan, prestakuntza aurrez aurrekoa da oraindik ere, ikastetxeetako ikasgeletan edo horretarako behar den lekuetan. Hitzaldietan hainbat gai lantzen dira: eskola-jazarpena, bullyinga, ciberbullyinga, sare sozialei lotutako arriskuak eta izan daitezkeen delituak, genero-berdintasuna eta genero-indarkeria, alkohola eta drogak, jokoa eta onlineko apustuak, eta armen araudian jasotako delituak (labanen erabilera, esate baterako). Prestakuntza zibiko hau hezkuntza-ziklo bakoitzera egokitzen da, eta dinamika praktiko eta erreflexiboen bidez egiten da, zeinetan ikasleek zein bertaratuek parte hartu eta laguntza ematen duten, inteligentzia guztiak erabilita (emozionala, plastikoa…).

Udaltzaingoak emandako prestakuntza hori guztia hala gaztelaniaz nola euskaraz eskaintzen da. Saio hauetan interesa duten ikastetxe eta erakundeek Udaltzaingoaren parte-hartzea kudeatu dezakete honako bide hauen bidez: Bide Prestakuntzako azpitalderako, educacionvial@pamplona.es helbide elektronikoa edo 948 420 636 telefono zenbakia; Gizabidezko Prestakuntzako azpitalderako, educacioncivica@pamplona.es helbidea edo 948 420 581 telefonoa.

¿Te ha sido útil esta página?