Udaletxeko fatxada eta Gazteluko plazako kioskoa urdin turkesaz argiztatuko dira larunbatean, Espainiako Zeinu Hizkuntzen Nazio Eguna ikusarazteko. Egun horren helburua da zeinu hizkuntzen balioa eta hizkuntza horiek gizarteratzearen alde egiten duten lana herritarren artean hedatzea. Zeinu hizkuntzak aitortuta, hizkuntza horiek zabaltzea eta horien erabilera normalizatzea bultzatzen da.
Lelo honekin ospatuko da aurten Espainiako Zeinu Hizkuntzen Nazio Eguna: Zeinu-hizkuntzek indartsuago egiten gaituzte. Asorna Nafarroako pertsona gorren elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu Sarasate pasealekuan egun horretarako: 17:30etik 19:30era izanen dira, eta helburua da gorren berdintasuna eta aniztasuna, gizartean izan behar duten lekua, haien eskubideak, hizkuntza eta kultura aldarrikatzea.
Gorren komunitatearen aldarrikapen historiko handienetako bat izan da zeinu-hizkuntzak legez aitortzea, eta aldarrikapen hori ekarri nahi dute gogora beste eremu batzuetan (ez etxean, hezkuntzan eta arlo soziosanitarioan bakarrik) zeinu-hizkuntzen erabilera normalizatzeko neurriak bultzatzeko. Espainiako Zeinu Hizkuntzen Nazio Egunari esker, agerian jarriko dute hizkuntza horiek zeinen garrantzitsuak diren ideiak transmititzeko, harreman pertsonal eta sozialetarako, eta ezagutza trukatzeko.