Gaztediaren Etxean, asteartean irekiko da epea2027ko lehenengo hiruhilekoko ikastaro eta lantegietan izena emateko. Programan 896 leku eskaintzen dira 14 eta 30 urte bitarteko gazteendako, 36 ikastarotan eta doako 10 informatika-lantegitan. Izen-emateak aurrez aurre egin behar dira Gaztediaren Etxean (Zangoza k. 30), NANa aurkeztuta, honako ordutegi honetan: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara; larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara; eta igandeetan, 10:00etatik 14:00etara.
Ikastaroen prezioa 10,35 eurotik 39,60 eurora bitartekoa da, jardueraren ordu-kopuruaren arabera eta izena ematen duenaren adinaren arabera, 14 eta 17 urte bitarteko gazteek prezio berezia baitute. Iruñean erroldatuta dauden edo Iruñeko ikastetxeetan ikasten duten 14 eta 30 urte bitarteko gazteek asteartetik aurrera izanen dute izena emateko aukera, eta baldintza horiek betetzen ez dituztenek edo 31 eta 35 urte artean dituztenek, berriz, azaroaren 24tik (asteartea) aurrera egiten ahalko dute.
Bost arloren bueltan antolatu dute programazioa: Kirol-jarduerak; Dantza eta adierazpena; Estetika eta ongizatea; Kulturarekin eta garapen pertsonal eta profesionalarekin lotutako ikastaroak; eta Doako informatika-lantegiak.
Negu honetan hainbat dantza mota eta estilo aukeratzen ahalko dira, hala nola dantza komertziala, sabel-dantza, afrodancea, dantza latinoak (I. eta II. mailak), hip-hopa, dancehalla, voguea eta trapa. Honako hauek barne hartuko ditu kirol-eskaintzak: entrenamendu funtzionala (goizez eta arratsaldez), GAHa, zumba fitnessa, cross traininga (hastapen-maila), hipopresiboak + core-a, tono-pumpa eta box fitnessa; azken jarduera hori gaztelaniaz eta euskaraz emanen da. Pilateseko ikastaroan goizeko eta arratsaldeko taldeak egonen dira.
Halaber, badaude beste aukera batzuk ere: Moda diseinua: eraldatu, ebaki eta josi; Ikatz-ziriz marraztea; Zura zizelkatzea; Akuarelako ilustrazio-lantegia; Makillajea eta estetika; Makramea hasiberriendako; Goilara-sukaldaritza: gorputza berotzeko errezetak; Sormen-gunea: Papercrafta, Letteringa eta Scrapbookinga; eta, azkenik, Antzerkia.
Airez lehortzeko zeramikako eta yogako ikastaroetan euskarazko eta gaztelaniazko taldeak egonen dira. Yogari dagokionez, euskarazko eskolak astearte eta ostegunetan emanen dira, 17:45etik 19:00etara; gaztelaniazko eskolak, berriz, egun horietan bertan eginen dira, baina goizez, 09:30etik 10:30era. Programazio guztiaz gain, 10 informatika-lantegi eta psikologiari eta norberaren ongizateari buruzko 3 lantegi emanen dira, doan.
Gaztediaren Etxeak antolatzen duen programazioaren xedea da gazteen garapen osoari begira dagoen gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzea sustatzea. Parte hartzeko, ikasteko eta hazkunde pertsonalerako guneak sortzea da helburua, parte-hartzaileen gaitasunak ezagutu eta sustatzeko, trebetasun berriak eskuratzeko eta eguneroko bizitzako erronkei aurre egiteko gaitasun eta tresna erabilgarriak garatzeko.
Informatika-lantegiak doan
Hiruhileko guztietan ohikoa den bezala, Gaztediaren Etxeko zibergelan doako informatika-lantegiak eginen dira: astearte eta ostegunetan emanen dira, 19:00etatik 20:30era, eta guztiz praktikoak izanen dira. Parte-hartzaileek aukera paregabea izanen dute benetako tresnekin esperimentatzeko, gaitasun digital berriak eskuratzeko eta elkarlaneko testuinguru dinamiko batean ikasitako ezagutzak praktikan jartzeko.
Urtarrilean, programazioa hiru lantegirekin hasiko da, ekipamendu informatikoen funtzionamendua ezagutze aldera eta Linux sistema operatiboa ikasten hasteko xedez; eta otsailean, berriz, Valorant bideojokoaren bidezko ikaskuntza eta informatika-sareen erabilerarekiko hurbilketa bat uztatuko dira. Martxoari dagokionez, hauek izanen dira ardatz nagusiak: sareei buruzko ezagutzetan sakontzea eta zibersegurtasunaren funtsak ezagutzea.
Lantegien xedea da teknologiarekiko interesa sustatzea, gaitasun digitalen garapena bultzatzea eta ikaskuntza praktikoa, lankidetza eta pentsamendu kritikoa sustatzea; hala, eten digitala murrizten laguntzen da, eta ezagutzarako eta tresna teknologikoetarako sarbidea berdinzaleagoa izan dadin bultzatzen da.
Proposamen berri bat zibergelan, asteazken honetan
Doako informatika-lantegien testuinguruan eta Gaztediaren Etxeko zibergelaren osagarri gisa, asteazkenean, 18:00etan, honako proposamen hau aurkeztuko dute: Homelab teknologia-laborategia, benetako ekipoekin, sareekin eta sistema informatikoekin esperimentatzeko proba-gunea. Fran Miranda Arrubla zibergelako begiraleak gune hori zer den eta nola erabiltzen den azalduko du, gazteak autonomoak izan daitezen eta ikastarorik ez dagoenean eta zabalik dagoen bitartean –astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara– nahi dutenean erabil dezaten.