Astearte arratsaldean, Imanol Epelde sortzailearen ‘Zerbait sartu zait begian’ Kondestablen: euskarazko ikus-entzunezko ikuskizuna da

Astearte arratsaldean, Imanol Epelde sortzailearen ‘Zerbait sartu zait begian’ Kondestablen: euskarazko ikus-entzunezko ikuskizuna da
Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak lankidetzan antolatzen dute kultur programazioa udazkenean, eta horren barruan dago performancea
Imanol Epelde

Astearte arratsaldean, 19:30ean, beste proposamen baten agertoki izanen da Kondestablearen jauregia, Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak udazkenean euskaraz antolatutako programazioaren barruan. Zerbait sartu zait begian Imanol Epelde sortzailearen ikus-entzunezko ikuskizuna da, eta, Geuretik Sortuak ekimenaren barruan, hitzak (spoken word), Julen Idigorasek konposatutako musika elektronikoa eta ikus-entzunezko proiekzioak uztartzen ditu performance garaikide horrek. Jende orori dago zuzenduta, eta sarrera librea du.

Zerbait sartu zait begian ikuskizunak umorez lotzen ditu bizitzaren abiadura, naturarekiko deskonexioa, zoriontasunaren bilaketa amaiezina, maskulinitatea eta euskara. Gai horiek guztiak Imanol Epelde idazle eta musikariak bakarka jorratzen ditu taula gainean, eta hauek dira baliatzen dituen euskarriak: pantaila, bertan ikus-entzunezko pieza bat proiektatzeko, eta berariaz ikuskizunerako sortutako musika elektronikoa. Argiztapenak ere badu garrantzia ikuskizunean.

Imanol Epelde Pagola (Zarautz, 1977) idazlea, performerra eta musikaria da, eta, horrekin batera, edukia sortzen du, kolaboratzaile dabil EITBn, eta zutabegilea da Argia aldizkarian. Ikuskizunetan, hitzak eta umorea uztartzen ditu ikuspegi sozial batetik, egungo garaien inguruan hausnartze aldera. Sare sozialetan, 27 zapata ezizenaz ezagutzen zaio. Azpimarratzekoa da nola uztartzen dituen pedagogia, umorea eta kritika soziala literaturaren, rap musikaren eta arte eszenikoen bidez.

Musikari dagokionez, Etxepare Rap da bere musika-ekimenik ezagunena: baliabide didaktiko gisa sortu zuen, hura literatura-eskoletan erabiltzeko. Proiektuan, euskal idazleen –Bernart Etxepare, Bizenta Mogel eta Xenpelar, besteak beste– testu klasiko eta garaikideak rap abesti bihurtzen ditu, eta, horrekin batera, bideoklipak igotzen ditu YouTubeko Etxepare Rap kanalera eta Etxepare Rap II eta beste album batzuk sortu ditu. Halaber, 2002tik aurrera, SKT Sekuentzia musika-talde zarauztarraren kide izan zen Epelde, kantari eta kanta-idazle gisa, eta soinu alternatiboak eta kritikez eta egunerokoari buruzko hausnarketez beteriko letrak esploratu zituen talde horri esker. Gainera, bi liburu argitaratu ditu euskaraz:  50 urte mila pauso eta Komuneko paperean; azken hori oso lotuta dago bere jarduera digitala abiapuntu hartuta sortutako testuekin.

Abenduaren 15ean (asteartea) izanen da kultur zikloaren hurrengo errezitaldia: Itzalen tektonika du izena, eta batera sortu dute Itxaro Borda idazle eta poema-bildumaren egileak eta Joseba Irazoki musikari beratarrak.


UDAZKENEKO PROGRAMAZIOA EUSKARAZ. KONDESTABLE CIVIVOXA. 19:30

  • Azaroak 17, asteartea: Zerbait sartu zait begian. Imanol Epelde

  • Abenduak 15, asteartea: Itzalen tektonika. Itxaro Borda eta Joseba Irazoki

¿Te ha sido útil esta página?