
Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi eta gero, lehen aldiz luzatuko da Etxez Etxeko Arreta Zerbitzuko erabiltzaileei janaria emateko eta elikagai horiek haien etxeetan entregatzeko kontratua. 2027. urteari dagokio luzapena, eta 153.000 bazkari eta 60.000 afari barne hartzen ditu gehienez ere, prezio unitario hauekin: bazkari bakoitzeko 6,3 euro gehienez (BEZa kanpo), eta afari bakoitzeko 2 euro gehienez (BEZa kanpo). 560 laguni eman zaie arreta urtea hasi zenetik. Etxez etxe hornitzea EELZren eginkizunen barruan dago.
Tallunce SL enpresa adjudikaziodunak jarraituko du zerbitzua ematen, eta luzapenaren zenbatekoa 1.187.604 eurokoa da (BEZa barne). Beste urtebetez luzatzeko aukera barne hartzen du kontratuak, 2028rako. Horiek horrela, hauxe da Etxez Etxeko Elikadura Zerbitzuaren funtsa: aurrez egindako bazkariak edo afariak banatzea otordu horiek modu autonomoan prestatzeko gai ez diren erabiltzaileen bizilekuetan. Zerbitzu hori jasotzeko, balorazio teknikoa egin behar da nor bere buruaz baliatzeko gaitasun falta egiaztatze aldera. Iruñeko Auzo Unitateetako Autonomia langileek egiten dute balorazio-lan hori. Hala, berotzeko prest dauden bazkari edo afariak dira, eta ez da prestaketa osatu beharrik.
Zerbitzuak helburu du erabiltzaileei dieta egokia ematea nutrizioari dagokionez, baita elikadura osasuntsu eta orekatua bultzatzea ere. Hala, ez legoke istripu-arriskurik, besteak beste, otorduak prestatzean erosketak egitean eta sua eta gasa piztean. Zerbitzuak berariaz bultzatzen du nor bere burua baliatzeko gaitasunik eta laguntzarik ez duten horiek etxean geratzea.
Dieta osasungarri eta jasangarriak dira kontratuaren helburu, eta, aipatu moduan, EELZko erabiltzaileei daude zuzenduta, betiere ezarritako baldintza hauei jarraikiz: menuak baldintza higieniko eta sanitarioak bermatzen dituzten ontzietan ontziratzea, eta, ontziratutako menu horiek garraiatzea eta etxeetan banatzea.
Zerbitzua etengabe ematen da urteko 365 egunetan; hala, bazkari eta afariei dagokienez, oso zabala da erabiltzaileen beharrei egokitutako eskaintza, eta dieta aukera hauek daude, besteak beste: basala/arrunta; elikagai bigunekoa, erraz mastekatzeko modukoa; xehatua; gastrikoa; diabetikoa; hipolipemiatzailea; hipokalorikoa; lehorgarria; libragarria; hiperproteikoa; behazuna babestekoa; azido uriko baxukoa; hiperkalorikoa; zeliakoa; eta hiposodikoa.