Arte egun bat Iruñerako’ ekimenak, Udalaren eta Nafarroako Unibertsitateko Museoaren arteko elkarlanaren emaitzak, hiriko bizilagunei asteazkenero aukera emanen die erakusketak doan bisitatzeko. Museoaren ohiko ordutegian sar daiteke: goizez, hamabietatik hiruretara, eta arratsaldez, bostetatik zortzietara. Bisitariak Iruñean bizi direla egiaztatzeko, Nortasun Agiri Nazionala aurkeztu beharko da aldez aurretik, eta posta kodearen arabera eginen da. Gaur egun erakusgai daude honako erakusketa hauek: Luis Gordilloren ‘Memorándum’, Ana Teresa Ortegaren ‘Iragana eta oraina, memoria eta hura eratzea’ eta José Ortiz Echagüeren erakusketa-gunea.
Iruñeko Udalaren eta sorkuntza eta hausnarketa artistikorako nazioarteko zentro horren arteko lankidetzak herritarren prestakuntza artistikoa handitu nahi du, hiriari balioa eman nahi dio zentro kultural eta artistiko gisa, eta haren garapen ekonomikoa sustatu nahi du. Halaber, proposatutako programazioak turistikoki eta kulturalki erakargarria izatea du xede, kultur bikaintasunari eta modernitateari lotutako hiriaren marka-irudia sendotuko duena. ‘Arte egun bat Iruñerako’ ekimena martxan jartzeko aukera eman duen lankidetza-hitzarmenaren barruan, Nafarroako Unibertsitateko Museoaren kultur proposamenak hedatzeaz gain, Udalak konpromisoa hartu du urtean zehar jarduera osagarriak egiteko gune propioetan, hala nola Ziudadelan, Civivox sareko zentroetan eta Udalaren beste erakin batzuetan.
Luis Gordillo, Ana Teresa Ortega eta José Ortiz Echagüeren lanak
Gordillo berak bere lanaren inguruko erakusketarik handienetakotzat jo duen erakusketa, gaur egun Nafarroako Unibertsitateko Museoaren zenbait aretotan ikusgai dagoena, Sevillako artistaren lana ez ezik, sormenari aurre egiteko moduaren inguruko hausnarketa ere bada. Berrikuspen bat da, eta bertan ikus daitezke XXI.mendeko bere lan nagusiak, aurreko ibilbidearen beste lan eta serie enblematiko batzuekin batera. Aldi berean, erakusketa horretan sakonki heltzen zaie azken aldi horretan nabarmendu diren ikerketa-ildoei, garrantzi berezia emanez pintura eta argazkigintzaren artean existitzen den etengabeko atzeraelikadurari; izan ere, argazkigintza egilearen esparru bereizgarri bat da, non prozesuan dagoen irudiak zehazten baititu lana eratzen duten barne-konfigurazioak. Memorándum pentsatua dago kubo zuritik ihes egin eta eszenografiarako joera duen espazio bizi gisa. Helburua da bisitaria engaiatzea, Luis Gordilloren lanak askatzen dituen tentsioak eta energiak erakustea, ikuspegi bikoitza eskainiz: alde batetik, bere ibilbidearen koadro-familia antzekoen edo errepikatzen diren gaien ikuspegi makroskopikoa, eta beste aldetik, ikertzean sortzen diren errekuntzen, miaketen eta deriben behaketa pausatua.
Bestalde, 2020ko Argazkilaritzako Sari Nazionalaren irabazle Ana Teresa Ortegaren erakusketak bere lanetan zehar –batzuk gaur egun arte argitaratugabeak– ibilbide bat egiten du, 90. hamarkadatik gaur egun arte. Egileak hausnarketa egitera gonbidatzen du, hainbat gai hizpide hartuta, hala nola memoria indibiduala eta kolektiboa, erbestea, nortasuna eta literatura memoriaren zaindari gisa. Ikuspegi kronologiko baten bidez, erakusketak aukera ematen du argazki-lan hori, askotarikoa eta engaiatua, sakonki ezagutzeko. Halaber, Erakusketak biltzen du Bigarren Errepublika, Gerra Zibila eta diktadura frankista gaitzat dituen proiektu multzo bat.
Azkenik, Nafarroako Unibertsitateko Museoak ere bere espazioetako bat erreserbatu du gaur egun José Ortiz Echagüeren argazki-lana erakusteko, zeinak bere ibilbidean zehar Espainiako kulturari buruzko dokumentazio-lan bat egin baitzuen. Erakusketan egilearen obra ikonikoenetarikoen bilduma bat dago ikusgai, eta beste material batzuk erakusten ditu, argazkiak egiteko erabiltzen zuen prozedura-teknikoaren hainbat fase islatzen dituztenak. Lan asko delikatuak direnez, gune hori urtean bitan berritzen da.