Udalak prestakuntza-ekintza bat antolatu du aisialdi-guneetan indarkeria sexistari erantzuteko protokoloarekin bat egin nahi duten establezimenduentzat

Udalak prestakuntza-ekintza bat antolatu du aisialdi-guneetan indarkeria sexistari erantzuteko protokoloarekin bat egin nahi duten establezimenduentzat
Lokaletako arduradunei eta langileei zuzendurik, prestakuntza-saioa azaroaren 26an eginen da, goizez eta arratsaldez, parte-hartzea errazteko

Udalak prestakuntza-ekintza bat antolatu du festaguneetan eta gaueko aisialdi pribatuko guneetan indarkeria sexistari aurrea hartzeko eta hari erantzuteko protokoloarekin bat egin nahi duten establezimenduentzat. Saioa, bi orduko iraupenaz, azaroaren 26an eginen da, asteartearekin. Bertaratzea errazte aldera, goizez zein arratsaldez eginen da, prozesu honetan parte hartzen ari diren bi elkarteen lokaletan. Goizez, bi saio eginen dira, 09:00etan eta 11:30ean, AEHN-Nafarroako Ostalaritza Elkartearen egoitzan (Pedro I.aren kalea, 1). Arratsaldez saio bakarra eginen da, 16:30etik 18:30era, ANAPEH-Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikien Elkartean (Joan Labritekoaren kalea, 27, behea).


Interesa duten pertsonek eta establezimenduek igualdad@pamplona.es helbidean eman dezakete izena. Kasu honetan, prestakuntza batu egin da eta zuzendu zaie bai establezimenduetako arduradunei bai langileei, hala nola barrako zerbitzariei, bereziki, eta sukaldeko, segurtasuneko zein arropazaindegiko langileei. Ezinbestekoa da prestakuntza hau jasotzea protokoloari atxikitzeko, hura behar bezala bete dadin ziurtatze aldera.


Festaguneetan eta gaueko aisialdi pribatuko guneetan indarkeria sexistari aurrea hartzeko eta hari erantzuteko protokoloa Iruñeko Udalaren ekimenez azken bi urteetan gauzatutako prozesu partizipatibo baten emaitza da. Helburuen artean ditu herritarrek, erakundeek eta gizarte-mugimenduek erantzun integrala ematea indarkeria sexistaren aurrean, eta laguntzea emakume guztien askatasun indibidualen eta kolektiboen errespetuan oinarritutako festa- eta aisialdi-eredu bat sortzen. Une honetan protokoloari atxikirik daude batetik hura eratzeko prozesuan parte hartu zuten establezimenduak (Zentral, Terminal, Herriko Taberna eta La Antigua Farmacia) eta bestetik Iruñeko Peñen Federazioa (haren bidez peñei zuzendutako prestakuntza-saio bat antolatu zen Aldapako sanferminak baino lehenago, eta haiekin lanean jarraitu da geroan prestakuntza-saio gehiago antolatzeko).


Barrako langileengana jo, gertatutakoaren edo ikusitakoaren berri emateko
Protokoloari atxikitako establezimenduek konpromiso batzuk hartzen dituzte, hala nola lokaletan edo inguruetan egon daitezkeen puntu beltzak berrikustekoa, segurtasun-faltako sentipena gutxitze aldera, edo beren programazioetan zein jarduera, ekintza, elementu edo mezuen hedapenean emakumeak iraindu, gauza bihurtu edo estereotipatzen dituztenak ekiditekoa. Protokoloak kasu praktiko batzuk ere jasotzen ditu, eraso sexista edo sexu-eraso baten aurrean nola jokatu jakiteko, betiere halako erasoak emakumeen askatasunaren kontrako erasotzat jota. Halako kasu guztietan, garrantzitsuena da barrako langileengana jotzea eta gertatutakoaren edo ikusitakoaren berri ematea.


Hedapen-materiala ere prestatu da, hala nola kartelak –lokalak protokoloari atxiki zaiola adierazteko–, eranskailuak –sarreran jartzekoak– atxikimenduaren berri emateko, eta beste eranskailu batzuk –emakumeen komunetako ispiluetan eta ateetan jartzekoak–, erasorik jasanez gero barrara jo dezatela esateko. Horrez gain, harrera-liburuxka bat argitaratu da, lokaletako langileentzat, jakin dezaten bi kasu horietan nola jokatu. 


Gaueko aisialdiko lokaletako arduradunen eta langileen parte-hartzea funtsezkoa da emakumeek bizi duten askatasun-gabezien gaineko kontzientzia argia sortzen laguntzeko eta tratu onen, errespetuaren eta erasoen kontrako gaitzespen sozialaren kultura sortzea errazteko.


Protokoloaren agiria eskuragarri dago Udalaren webgunean (https://www.pamplona.es/temas/igualdad-y-lgtbi/sin-agresiones-sexistas).