Udalak ofizialki amaiera eman die Landaben Prestakuntza Zentroan 24 hilabetez etorkizuneko profesionalak prestatzen aritu diren lantegi-eskolei

Udalak ofizialki amaiera eman die Landaben Prestakuntza Zentroan 24 hilabetez etorkizuneko profesionalak prestatzen aritu diren lantegi-eskolei
16 eta 30 urte bitarteko 60 mutilek eta 5 neskek parte hartu dute Nafar Lansarek beste entitate batzuekin batera finantzatzen duen prestakuntza- eta laneratze-baliabidearen edizio honetan



Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Arratsaldeko lehen orduetan bukatu dira 2019ko urriaren 1etik Iruñeko Udalak Landabenen duen Enplegurako Prestakuntza Zentroan egin diren lau lantegi-eskolak. Aintzatespen-ekitaldian espezialitate-multzoko 27 ikasle egon dira, ikasle guztien kopurua baino gutxiago, profesionaltasun ziurtagiria lortu duten 56 lagunetatik asko dagoeneko enpresetan lanean baitaude. Amaiera egun honetan laneratze-kopuruak dagoeneko ikasleen % 50 jotzen du, eta datozen hilabeteetan jarraipena egin eta laguntza emanen zaie gaur diplomak jaso dituztenei.

Ekitaldiaren buru aritu dira Enrique Maya Iruñeko alkatea, Miriam Martón Nafar Lansareko gerentea eta Natxo Barberena Lantegi Eskolako zuzendaria. Amaitu diren lantegi-eskolek, guztira, 3.518 orduko prestakuntza teoriko-praktikoa eskaini dute, lau espezialitatetan: ‘Energia-birgaitzerako lantegi-eskolak: Igeltsero-lanak’, ‘Biltegirako eta harria lantzeko jarduera osagarriak’, ‘Zerbitzu anitzeko mantentze-lanak’ eta ‘Altzariak muntatzea eta egurra eraldatzea’.

16 eta 30 urte bitarteko 60 mutilek eta 5 neskek parte hartu dute prestakuntza- eta laneratze-baliabidearen edizio honetan, zeina Nafarroako Gobernuak –Nafar Lansareren bidez– eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak babesten baitu. Ikasleen % 41,5 migratzaileak dira eta, gazte guztietatik, 56k 1. mailako profesionaltasun ziurtagiriak guztiz gainditu dituzte, eta beste 9k hainbat prestakuntza-modulutan aitorpena lortu dute.

Lantegi-eskolak Enplegurako Prestakuntzako ekimen bat dira, eta orientatzeko eta prestatzen hasteko etapa bat dute, beka batez ordaindua, eta tutoretzapeko gizarte-ekintzako bigarren etapa praktikoago bat, lan-kontratuarekin. Bukatzean, ikasleek dagozkien profesionaltasun ziurtagiriak jasotzen dituzte (edukiaren arabera 1. edo 2. maila), eta beste ziurtagiri osagarri batzuk, espezialitatearen arabera (orgak gidatzeko baimena, laneko arriskuen prebentziokoa, genero berdintasunekoa, gaitasun digitalekoa, etab.). Ezaguera eta ziurtagiri horiek gaitzen dituzte hautatutako lanbideetan aritzeko.

Edizio honetan hala zuzendariek, nola monitoreek eta ikasleek, COVID-19ak, konfinamenduak eta osasun-segurtasuneko arauek, oro har, eragindako egoera anomaloak jasan behar izan dituzte, zeinek, bai prebentzio planak praktikan jartzea, bai edukiak garatzen ziren bitartean aldaketak egitea ekarri baitute. Gainera, etapa honetan Landaben Enplegurako Prestakuntza Zentroak barne prestakuntza prozesu bat egin du ISO-9001 kalitate araua betetze aldera, sektorean erreferentziazko zentroa baita.

1.570 orduko praktikak hiriaren mesedean

Prestakuntzako 3.518 orduetatik, 1.570 ‘Gizarte Ekintzakoak’ izan dira. Ikasleek denboran zehar egin dituzten lanak honako hauek dira, besteak beste: San Pedroko lau etxebizitzen barneko erreformak, Ziudadelako Done Jakue bastioiko kasamataren mantentze- eta kontserbazio-lanak, konponketak hilerrian eta Taconera parkean, San Juan Bosco Erretiratuendako Zentroan laminatuzko zorua jartzea, Udalarendako altzariak egitea eta berriki estreinatutako Etxabakoitzeko hiri-baratzeetako estalpea.

Halaber, pandemiaren hasierako uneetan lantegi-eskolek prebentzio-neurriak indartzen lagundu zuten mahaien arteko bereizketa-manparak eginez, hala aurrez aurreko zerbitzuendako nola ondoren udal-plantilla normaltasunera itzuli zenerako.

Ikasleek ikastaroaren azken 18 hilabeteetan lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75 kobratu dutenez, hiriak ordainean garrantzi ezberdinetako lanak eta instalazioak jaso ditu; eta horrek, askotan, % 70 aurrezkia dakar –kanpoko enpresen bidez egin balira, hiriak izanen zukeen kostuaren aldean–. Bestalde, ikasleek beren lanbideei buruzko gaitasunak eskuratzen dituzte benetako lan testuinguruetan.

Ikastaro bakoitzeko atal praktikoa espezialitateko eduki teorikoen 800 orduz, oinarrizko prestakuntza sendotzeko 150 orduz eta prestakuntza osagarriko 250 orduz indartu da.

 

¿Te ha sido útil esta página?