Iruñeko Udalak bi zerbitzu berri aurkeztu ditu herritarrendako arreta hobetzeko. Tokiko administrazioarekin komunikatzea ahalbidetzen duten kanalak modernizatuko dira, bi laguntzaile birtual abiarazita: 010 telefonoak eskaintzen dituen zerbitzuak hobetzeko ahots-laguntzaile bat eta Udalaren webgunean informazioa bilatzeko laguntzaile birtual bat. Gero eta handiagoa den telefono eta telematika bidezko arreta-eskaerari erantzun hobea ematea da helburua.
Aurkezpenean Fernando Sesma Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako zinegotzi ordezkariak eta Txema Aguinaga Erabiltzaileendako Laguntzaren eta 010aren arduradunak parte hartu dute.
Eguneratze horiek zerbitzua bizkorragoa, errazagoa eta eskuragarriagoa izatea ekarriko dute, batez ere gehien eskatzen diren tramiteetan, hala nola erroldatze ziurtagirietan eta udal-bulego batzuetarako aldez aurreko hitzorduetan. Sistema elektronikoa, aurrez aurrekoa bezala, gaztelaniaz eta euskaraz eskainiko da, eta hala, herritarrek kanal gehiago izanen dituzte Iruñeko Udalera jotzeko.
Proiektu honen bidez, zerbitzuaren eskuragarritasuna eta kontsulten kudeaketa hobetuko dira, eta, aldi berean, udal-baliabideak optimizatuko dira, kudeaketa errepikakorrak eta ohikoak automatizatuko baitira, besteak beste, erroldatze-ziurtagirien jaulkipena edo bulegoetarako hitzordua hartzea.
Ahots-laguntzaile berriak asteko 7 egunetan eta eguneko 24 orduetan emanen du telefono bidezko arreta-zerbitzua. Hala, itxaron-denborak murriztu eginen dira, eta, aldi berean, 010 zerbitzuak ahalmen handiagoa izanen du konplexutasun handiagoko eta arreta pertsonalagoa eskatzen duten kontsultei erantzuteko. Web-laguntzaile birtualak, berriz, hobetu eginen du nabigazioa, eta murriztu eginen du herritarrek Udalaren webgunean informazioa aurkitzeko behar duten denbora.
Sistema horien bidez, une jakin batzuetako linea-saturazioa murriztea espero da, online kudeaketak areagotzea eta zerbitzu horiek erabiltzen dituzten herritarren gogobetetasuna hobetzea. Prozesu horiek erosteko eta ezartzeko guztizko kostua 320.000 eurokoa izan da, eta zenbateko horren zati bat Europako Next Generation EU funtsen dirulaguntzaren kargura finantzatu da.
Ibilbide luzeko zerbitzua
Herritarrendako Arreta Zerbitzua 1999an sortu zen; batez ere 010 telefonoaren eta Kondestablearen Jauregiko Arreta Bulegoaren bidez ematen du zerbitzua, eta webgunearen, posta elektronikoaren eta sare sozialen bidez osatzen du arreta. Herritarrek gehien eskatzen dituzten kudeaketak biltzen ditu zerbitzuak, hala nola informazioa eskuratzeko kontsultak, tramiteak, udal-ekitaldietarako izen-emateak, aurretiazko hitzorduaren kudeaketa edo Ibilgailuak Alde Zaharrean sartzeko eskaerak (SKE). Zerbitzu horretakoa da, halaber, Merkatuko kaleko 7-9 zenbakietako lehen solairuan dagoen ezkontza zibilen bulegoa ere. Aurrez aurreko zerbitzuetara jotzeko –astelehenetik ostiralera ematen da, 08:30etik 14:30era–, hitzordua hartu behar da. Hitzordu hori telefonoz eska daiteke 010 zerbitzuan, edo telematikoki Udalaren webgunean.
Iaz 38.000 pertsona baino gehiago artatu zituen Herritarrendako Arreta Bulegoak, aurreko urtean baino % 17 gehiago. Erroldarekin lotutako arreta handitu egin zen: 35.477 (% 17 gehiago); baita erregistroari lotutakoa ere: 2.636 (% 11 gehiago). 010 telefonoak 259.994 hartu-emaneko zifra errekorra lortu zuen eta 85.735 izapide kudeatu zituen. Ezkontza zibilen bulegoan ere gora egin zuen Iruñeko Udalak bideratutako ezkontza zibilen kopuruak.
ZUREKIN GOAZ ZERBITZU BERRIA
• Ahots-laguntzaile birtuala
o Arreta 010 telefonoan, eguneko 24 orduetan
o Hasiera batean, erroldako ziurtagiriak lortzeko edo aldez aurreko hitzordua eskatzeko izanen da, baina aurrerago beste kudeaketa batzuetara ere zabal daiteke
• Onlineko laguntzaile birtuala
o www.pamplona.es/eu udal-webgunean, eguneko 24 orduetan
o Udalarekin zerikusia duen informazio orotarako