Txupinazoan Udaletxe plazan gertatzen diren jende-uholdeen portaera aztertu dute Bizilabeko neska-mutilek ariketa praktiko baten bidez, ikasturte honetan egiten ari diren prestakuntza-jardueraren barruan. Horretarako, Marta Grasa Lainez fisikari eta matematikariaren laguntza izan dute: Nafarroako Unibertsitateko Ingurune Granularren Taldeko doktoratu aurreko ikertzailea da. Ikertzaileak partikula askoko sistemak estugune batetik pasatzean duten portaera aztertzen du.
Esperimentua egiteko, hainbat objektu erabili dira, hala nola grabaketetan oinezkoen jarraipena egiteko txano gorri bat, ebakuazioak simulatzeko robot programagarri txiki bat eta kamera bat, esperimentuak grabatzen direla eta ondoren bideoak analizatzen direla sinbolizatzeko. Hala, modu praktikoan, estugune bat erabili zen ebakuazioak jorratzeko: parte-hartzaile guztiak atetik aldi berean irteten saiatu ziren, eta, protokolo desberdinei jarraikiz, irteteko zenbat denbora behar zuten kronometratu zuten.
Jende-uholdeei buruzko esperimentu hori Zientzia zuri-gorriz proiektuaren barruan dago: Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren ekimena da, sanferminen atzean dagoen zientzia kontatzeko. Bederatzi infografiaren bidez, txupinazoak, Udaletxe plazak, zezenak, erraldoiek, entzierroak, su artifizialek eta musikak ezkutatzen duten zientzia azaltzen da, bai eta San Fermini eta Ernest Hemingway-ri buruzko informazioa ere.
Txupinazoaren ordua iristen denean, Udaletxe plazan dagoen mugimenduak oszilazio bat eragiten du, eta horren ondorioz, pertsona bat bere hasierako kokalekutik 1 eta 3 metro artean higitzen ahal da. Plaza inguratzen duten eraikinen paretek jende-uholde horren mugimendua oztopatzen dute, eta energia taldeari itzultzen diote. Jende-pilaketak olatu erritmikoetan sinkronizatuta mugitzen dira, hau da, mugimendu orbitalen balantza kolektibo bat sortzen da, eta horrek aukera ematen du beren norabidea eta dentsitatea denbora errealean iragartzeko: uztailaren 6an, 12:00etan, metro koadroko 6 pertsona egoteraino irits daiteke. Fisikari buruz jakiteak aukera ematen du jende-oldeak aurreikusteko eta edukierak kontrolatzeko.
Aisialdi zientifiko eta teknologikoa 10 eta 14 urte bitartekoendako
Bizilabe gazteen aisialdirako ekimena da, eta 10 eta 14 urte bitarteko neska-mutilei bideratuta dago, hau da, Lehen Hezkuntzako azken zikloko eta Bigarren Hezkuntzako lehenengo zikloko ikasleei. Elhuyarrek jarri du martxan egitasmoa, Iruñeko Udalaren laguntzarekin; izan ere, Ingurumen Hezkuntzako Museoan egiten da. Diziplina zientifikoak eta teknologikoak sustatzen dira, eta gazteei STEM lanbideen mundura hurbiltzeko aukera ematen zaie jolasen, esperimentuen eta praktikaren bidez; horrez gain, hainbat gaitan adituak diren pertsonek parte hartzen dute, eta bisitak egiten dira proiektu eta enpresetara.
Ikasturtean zehar, Bizilabe programaren barruan, eskola magistralak ematen dituzte askotariko diziplinetako profesionalek. Aste honetan, Marta Grasa Lainez fisikari eta matematikariarekin batera, bertan izan zen astelehenean Itziar Pérez de Ciriza Macaya musikari, piano-jotzaile eta musika-hezkuntzaren esparruko irakasle eta ikerlaria (Nafarroako Unibertsitate Publikoa). Bere ikerketa-esparruan, milaka abestiz osatutako bilduma zabala sortu du haurrendako kanta euskaldunen ondarea aztertu, dokumentatu eta ezagutzera emateko. Bere doktorego-tesia Imanol Urbietaren haurrendako kanten errepertorioan oinarritu du, baita errepertorio horrek egiten duen ekarpen pedagogikoan ere.