Iruñeko Udalak aurreproiektu bat aurkeztu du Labriteko Ardatz Jasangarriari konponbidea emate aldera. Horren arabera, ia bi kilometrotan barna noranzko bikoitzeko bidegorria eta garraio publiko zein oinezkoendako hobekuntzak eginen dira. Mugikortasuneko Batzordea gaur bildu da dokumentua ezagutzeko, zeinak bizikletendako azpiegitura Joan Labritekoaren kalean eta Vergel kalean nola txertatu ebazteaz gain, oinezkoendako, bizikletendako, garraio publikoarendako eta kotxeendako bide-ardatz bat diseinatu baitu, non bakoitzak bere tokia baitauka, Magdalena kalea San Kristobal kalearekin lotzen den puntutik, Txantrean, Lizarra kaleak Yanguas y Mirandarekin bat egiten duen punturaino, I. Zabalgunean.
Mugikortasuneko Batzordearen ondoren, Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkari Fermín Alonsok eta Udaleko Mugikortasuneko arduradun Maribel Gómezek anteproiektua ezagutzera eman dute. Mugikortasuneko Talde teknikoak landu du, ziklisten kolektiboen eta esku-hartze honekin zerikusia duten Txantreako elkarteen ekarpenak aintzat hartuta.
Bidegorriak Zabalgunea, Txantrea, Arrotxapea, Antsoain eta Burlata lotuko ditu
Bizikletendako azpiegitura egiteko konponbidea noranzko bikoitzeko bidegorri bat izan da, zirkulaziotik banandua, Txantreatik Alde Zaharrera igota, eskuin aldean. Bidegorri hori Aita Adoain kaletik, ibaiarekiko paralelo doan, noranzko bikoitza ere duen eta Marcelo Celayeta etorbideraino bizikletaz heltzea errazten duen bizikleta-pistarekin lotuta egonen da, Txantrea, Arrotxapea eta Antsoain lotuz. Txantreako hegoaldea urbanizatzeko proiektuaren bizikleta-pistarekin lotzea ere aurreikusita dago. Beste hori parkearekiko eta bide nagusiarekiko paraleloa da, eta Burlatarekin lotzea ahalbidetuko du.
Hiriko goiko aldera heltzean, noranzko bikoitzeko bidegorriak Joan Labritekoaren kalean, Nafarroako Gorteen kalean eta Lizarra kalean barna jarraituko du, ziklisten erosotasuna eta segurtasuna bermatzeko. Aldi berean zirkulazioa baretuko da, azpiegitura hori txertatzeak galtzaden zabalera mugatuko duelako, iragaitzazko zirkulazioa eta haren abiadura bidenabar murriztea sustatuta. Bidegorri berria Navas de Tolosa kalean egiten ari den eta Pio XII.aren etorbidekoekin bat eginen duen bidegorriraino helduko da, baita Udalak Yanguas y Miranda kalean gauzatzea aurreikusten duen horretaraino ere, hartara lotuta goi-ordokia hiriko hegoaldeko auzoekin eta unibertsitateekin. Modu horretan existitzen diren bizikletendako azpiegiturak elkarri lotzen hasiko zaizkio, benetako sare bat osatuz.
Horregatik guztiarengatik Labriteko Ardatz Jasangarria funtsezko lehen urrats bat da banatuta dauden bizikletendako bideen oinarrizko sare bat ezartzeko, hartara ziurtatuta bizikleta bidezko konektagarritasuna hiriko eremu nagusien artean, eta Iruñean zein Iruñerrian bizikletaren erabilera sustatzeko.
Zirkulazioa baretzea, espaloiak zabaltzea eta zuhaitzak sartzea
Bizikletendako azpiegitura igarotzen den kaleetan tokiaren banaketa hobea ezarriz garatuko da, auto pribatuari ematen zaion tokia mugatuz, bai galtzaden zabalera murriztuko delako bai aparkatzeko toki batzuk kenduko dituztelako. Tokiaren banaketa bidezkoago horrek onurak ekarrizko dizkio hiri osoari, zirkulazioa baretzen eta istripuak murrizten lagunduko duelako eta hiri-kalitatea hobetuko duelako, oro har, zarata kontrolatuta eta airearen kalitatea hobetuta. Aldi berean, irabazitako tokian zuhaitzak sartu ahal izanen dira eta, zenbait kasutan, espaloiak zabaldu. Estrategia horiek hiri-paisaia hobetuko dute.
Magdalena kalearen kasuan, Irunberri kalearen eta San Kristobal kalearen arteko tartean ilaran aparkatzeko tokien lerro bat kenduko dute. Gauza bera gertatuko da Lizarra kalean, non gaur egun aparkatzeko tokien alde bat desagertuko baita, eta bestea ilaran aparkatzekoa bihurtuko baita.
Oinezkoendako irabaziak
Garapen berriaren diseinuan aintzat hartu da Mugikortasun Jasangarriaren aldeko Toki Itunean, mugikortasun gaietan egindako esku-hartzeen gida den horretan, alegia, jasota dagoela oinezkoei lehentasunezko arreta eman behar zaiela. Horregatik, oinezkoendako tokiaren kalitatea bermatu nahi izan da, Labriteko Ardatz Jasangarriaren hainbat tartetan espaloiak zabaltzeko zailtasunak egon arren. Hori bai, zezen-plazaren hormarekiko paraleloa den espaloia handituko da, espaloi hori Txantreara Vergel bidetik doazen lagunek erabili ohi duten bidearekin lotu arte, zeinak parkearen mendi-hegala gurutzatzen baitu Magdalena zubiaren eta kalearen amaieratik.
Hartutako neurrien artean daude oinezkoen iragazkortasuna igarobidean eta ahalik eta baldintza hoberenetan oinez ibili ahal izateko bermea, Vergel eta Joan Labritekoaren kaleetatik igotzean zein jaistean. Halaber, zirkulazioa baretzeak eta hiriaren irudia hobetzeak oinez ibiltzea eta zonaldeaz gozatzea ahalbidetuko dute, non paisaia- zein ondare-baliabide garrantzitsuak baitaude.
Zentzu horretan ere, bizikletendako eta oinezkoendako eremuak bereiztea erabaki da, hartara ia bakarrik oinezkoendako izan behar duten tokietan bien elkarbizitza saihestuta, nahiz eta baldintza jakin batzuetan partekatzen ahal dituzten, Mugikortasuneko Ordenantzaren arabera. Hortaz, bidegorria jarriko da Nafarroako Gorteen kalean eta Lizarra kalean, Navas de Tolosa kaleraino, oinezkoendako eremu diren Ahumada Dukearen kaletik, Karlos III.aren etorbidetik eta Gazteluko plazatik ez igarotzeko alternatiba gisa.
Estrategia integratuak garraio publikoaren hobekuntza bermatzeko
Bizikletendako azpiegitura hori sartuta eta Vergel kaleko espaloia zabalduta Labrit pilotalekuaren parean, hiriko erdialdera igotzen zen erreietako bat kendu behar zuten, gaur aurkeztutako diseinuaren arabera. Horrek ardatz jasangarri gisa bide horrek izan ahal zuen funtzionamendu ona zailtzen zuen, garraio publikoak lehentasuna baitu motorrik gabeko beste moduekin batera. Amaia kalera biratzeko semaforoaren eraginez auto-ilarak izan daitezkeen zirkulazio handiko orduetan hiriko autobusak igaro ahal izatea bermatzeko estrategia berriak garatu behar izan dira.
Horietako lehena autobusek soilik erabiltzeko errei bat diseinatzea izan da, Magdalena eta Vergel kaleen arteko elkargunetik hasita Labrit pilotalekuaren tarteraino, hor errei partekatu bihurtuko baita. Pixka bat gorago berriz ere bitan banatuko da: autobusendako erreia geralekuetara gerturatzeko, eta autoendako erreia, Amaia kalerantz doana. Pilotalekuaren parean, zirkulazioa errei bakarrera murrizten denean, kotxeek garraio publikoari pasatzen utzi beharko diote. Autobusen lehentasuna ziurtatze aldera, Magdalena eta Vergel kaleen arteko semaforoen programazioan autobusak aurretik ateratzea lehenetsiko da.
Hurrengo estrategia izanen da erdigunea jomuga izan ez eta Iruña zeharkatzeko erdiguneko kale horiek erabiltzen dituzten ibilgailuen kopurua murrizteko konponbideak zehaztea. Eta helburu erantsi bat izanen du, hau da, Alde Zaharraren eta Nafarroa Behereko etorbidearen artean dagoen Zabalgunearen zati horren hiri-kalitatea hobetzea. Aztertzen ari diren konponbideak zehazteko beharrezkoa da duela gutxi instalatu diren eta matrikulak irakurtzen dituzten antena radar horien neurketen xehetasunak ezagutzea. Gailu horiek emandako datuak prozesatzen hasi dira.
Jarduketa adostua
Aurreproiektuaren aurkezpenean adierazi dutenez, Ardatz Jasangarriari konponbide bat emateko zailtasunak hainbat hilabetetako eta hainbat lan-talderen lana eragin du. Urriaz geroztik aritu dira azken konponbidea erdiesteko lanean, eta Mugikortasuneko Talde Teknikoarekin adostu da, non Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko eta Herritarren Segurtasuneko alorretako arduradun teknikoek eta Iruñerriko Mankomunitateko Garraioko Alorrak jarduten baitute.
Halaber, oinarrizko bizikleta-sarearendako lehentasuneko ardatz honen azpiegituraren gutxieneko kalitate-baldintzei buruz ziklisten kolektiboek egindako eskaerei erantzuten die, baita galdetutako Txantreako elkarteenei ere. Aldi berean, Udal taldeek aurreproiektuaren garapenaren berri izan dute, Mugikortasuneko Batzordean. Elkarteek eta kolektiboek aurreproiektuaren nondik norakoak ezagutu ahalko dituzte martxoaren 5ean, ostegunarekin, 18:00etan, Descalzos kaleko 72ko udal-aretoan eginen den saioan.
“Iruña berdea, ekologikoa eta klimarekin engaiatua” lortzea
Udalak laster emanen dio hasiera proiektua gauzatzeko lizitazio-prozesuari eta obren kontratazioari. Ziurrenik hainbat fasetan garatuko dira lanak, eta aldi berean auzo batetik bestera joan eta Iruña zeharkatzeko erdiguneko kale horietatik igarotzen diren ibilgailuak nola mugatu zehaztuko da, ez baitiote inolako ekarpenik egiten erdiguneko merkataritza- zein gizarte-ehunari. Jarduketa horiek Ardatz Jasangarriaren funtzionamendua eta gauzatzea erraztuko dute, zeinak etorkizunean garraio publikoaren funtzionamendu ona bermatu behar baitu, baita bizikleta garraiobide gisa aukeratzen duten horiek bidegorriaz gozatu ahal izatea ere. Alternatiba jasangarri eta osasungarria da, bai bizikleta erabiltzaileentzat bai hiriarentzat, oro har, bizikletek ez baitute zaratarik ateratzen, ez dute kutsatzen eta ez dute CO2-rik isurtzen. Hortaz, ekarpen garrantzitsua dira Iruña 2030 Hiri Plan Estrategikoarendako, horren helburu nagusien artean baitago “Iruña berdea, ekologikoa eta klimarekin engaiatua” lortzea.