‘Basoa’ proiektuaren lanak urte amaieran hasiko dira: 9 hilabetez eginen dira, eta Santa Ana plaza izaera komunitarioko babesleku klimatiko izateari emanen zaio lehentasuna

‘Basoa’ proiektuaren lanak urte amaieran hasiko dira: 9 hilabetez eginen dira, eta Santa Ana plaza izaera komunitarioko babesleku klimatiko izateari emanen zaio lehentasuna
1,5 milioi euro inbertituko dira, eta 3.430 m2 hartuko dituzte lanek: 75 zuhaitz baino gehiago landatuko dira eta Piparrika baratzea mantenduko da
Basoa

 

Tokiko Gobernu Batzarrak Santa Ana plaza berrurbanizatzeko kontratuaren lizitazioa onetsi du. Lizitazioari esker, Alde Zaharreko erdiguneko gune hori elkarrekin diseinatu ondoko prozesua gauzatuko da. Aurreikuspenen arabera, urte amaieran hasiko dira berrurbanizazio-lanak: 1.531.667,73 euroko aurrekontua eta 9 hilabetez gauzatzeko epea izanen dute. Lehiaketara aurkeztu ziren sei proiektuetako bat da Basoa, eta lehiaketa hasi aurretik auzotarren beharrak eta nahiak jaso eta horiek oinarri hartuta eginen da, baita idazketa-prozesuan proposamena zehazteko jaso ziren ekarpenak barne hartuta ere.

Proiektuaren inguruko berritasun nagusiak Joxe Abaurrea San Juanek aurkeztu ditu, Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak, alegia. Orain lizitatu den jarduketak espazio publikoa birnaturalizatzeko eta goitik behera hobetzeko lanak barne hartzen ditu: zoladura, hiri-zerbitzuen sareak, drainatze jasangarriko sistemak, argiak, hiri-altzariak eta seinaleak jartzea, lorezaintza-lanak eta berdeguneak sortzea, jarraipen arkeologikoa, hondakinen kudeaketa, segurtasuna eta osasuna barne.

Aurreikuspenen arabera, abenduan hasiko dira lanak. Eskabideak Nafarroako Kontratazio Atarian aurkeztuko dira, eta irizpide hauek baloratuko dira: proposamen teknikoa (50 puntura bitarte), lanen antolamenduaren, izanen duten eraginaren, obra-planaren eta herritarrei eta funtsezko eragileei arreta emateko planaren arabera; eskaintza ekonomikoa (35 puntura bitarte); irizpide sozialak (10 puntura bitarte); eta ingurumen-irizpideak (5 puntura bitarte).

Parte hartzeko prozesua
Jarduketak xede du Santa Ana plaza birnaturalizatutako gune publiko bihurtzea eta Alde Zaharraren ehun historikoaren parte den babesleku klimatiko jasangarri baten ezaugarriak izatea, auzotarrek erabiltzeko eta bertan egoteko eremu kultural eta komunitario izateko egokia. Plazak auzo izaera nabaria du, eta horri jarraitutasuna eman nahi zaio. Hain zuzen ere, plazaren berrurbanizazioa egiteko, auzotarrekin batera diseinatzeko prozesu bat proposatu zen hasieratik, eta horri esker, auzotarrek ekarpen ugari egiteko aukera izan dute plazaren azken diseinua sortzeko. Halaber, plaza funtsezkoa da “babesleku edo hiri-oasi” gisa.

Parte hartzeko prozesuan, auzotarren eskakizun hauek hartu ziren kontuan: anfiteatro bat sortzea eta espazio estali bat, komuna, iturriak eta beste hiri-altzari batzuk txertatzea, plazan egoteko modu desberdinak izate aldera. Parte hartzeko prozesuaren barruan, garrantzia berezia eman zaie mantentze- eta garbiketa-lanei eta plazara segurtasunez sartzeko baldintzei.

Basoa proiektua, plazarako proposamen arkitektonikoa, Jokiñe Crespo Garbisu, Laura Hernández Soto, Ignacio Cordero Fort, OM Arq SLP, Santiago Virto Calleja eta Navenek egin dute, eta lau helburu hauek betetzen ditu proiektua idatzi dutenek adierazten dutenari jarraikiz: jadanik funtzionatzen duena mantentzea, aurretik zegoena hobetzea, babesleku klimatiko bat sortzea eta inklusibitatea sustatzea. 

Auzotarrek eskatutakoari jarraikiz, honetan oinarritzen da proiektua: Alde Zaharraren barnean oasi edo hiri-baso gisa sortutako gune bat sortzea. Hala, jarduerak egiteko gune bakoitza inguratzen eta mugarritzen duen landare-eremu bat planteatzen du, eta bigarren maila batean uzten ditu fatxada irregularrak. Gainera, plazaren jardunari dagokionez, denbora eskaini zaio lokalen eta etxebizitzen pribatutasuna hobetzeari. Landare-espezieek aniztasun handia izatea proposatu da, eta horrek gunearen kutsu naturalizatua areagotuko du. Erdiko eremuak geometria zirkularrek finkatzen dituzte, eta hala, eskatutako erabilerak antolatuko dira. Proposamenak nortasun espazial argia eta ordenatua ematen dio etorkizunean eginen den plazari.

Plazak hartzen dituen 3.430 m2 inguruetatik 1.410 m2 belardiz edo zuhaitzez betetako berdeguneak izanen dira, azaleraren % 50 ia, eta horrek Alde Zaharraren barruko birika berde bihurtuko du gunea. Babesleku klimatikoaren kontzeptua baliatzen da, gero eta ugariagoak diren hilabete beroetan behar-beharrezkoa; halaber, hilabete hotzak ere hartzen dira aintzat: landareek hostoei eutsiko diete neguan, iparraldeko haizeez babestuz, eta orientazio egokietan hosto erorkorrak erabiltzeari esker, eguzkia jasotzea posible izanen da. Proiektuak 75 zuhaitz landatzea aurreikusten du. 

Halaber, auzotarrek drainatze jasangarriko sistema ezartzea baloratu zuten, eta haren osagarri gisa, euri-urak berrerabiltzeko aukera dago. Sistema hori lurzatien jatorrizko konfigurazioan dago inspiratuta: drainatze naturaleko sistema baten eta putzuen bidez ureztatzen ziren baratzeak.

Azkenik, kontuan hartu dira aurretik zeuden ondare-osagaiak, hala nola Erdi Aroko putzua eta odol-noria, zeinak partzialki berreskuratu eta plazaren parte izanen baitira. Proiektuaren aldeko txostena eman dute Vianako Printzea Erakundeko Ondare Arkitektonikoko Saileko eta Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroko, Ondasun Higigarrietako eta Arkeologiako Sailak. Dena den, lanen jarraipen arkeologiko trinkoa egin beharko da, proiektuan bertan jasotakoari jarraikiz.

¿Te ha sido útil esta página?