Irailaren 19an bukatuko da epea Arantzadiko aisialdiko baratzeen hamalau lurzatiren zozketara aurkezteko

Irailaren 19an bukatuko da epea Arantzadiko aisialdiko baratzeen hamalau lurzatiren zozketara aurkezteko
Iruñean erroldatutakoak aurkezten ahal dira, webguneko inprimaki baten bidez edo Gurbindo Etxean bertan
huertas de ocio


Iruñeko Udalak eta Gure Sustraiak kooperatibak irailaren 19ra arte ireki dute epea Arantzadiko parkeko aisialdiko baratzeen hamalau lurzatiren emakida eskatzeko. Adjudikazioa zozketa bidez eginen da, eta Iruñean erroldatutakoek ematen ahal dute izena zozketan. Interesa dutenek online aurkezten ahal dute eskabidea, galdetegi digital baten bidez, edo aurrez aurre, Gurbindo Etxean (Arantzadiko Inguruneko kalea 8): astelehen, asteazken eta ostiraletan dago irekita, 10:00etatik 13:00etara.

Lurzatiak zortzi urtez esleitzen dira, eta edozein unetan egiten ahal zaie uko. Alokairuaren prezioa 4,15 eurokoa da metro karratu eta urte bakoitzeko. Baratzeek tamaina desberdina dute, baina bakoitzak 100 m2 inguru hartzen ditu gutxi gorabehera. Zozketa publikoa izanen da, notario baten aurrean, eta urriaren 13an, 09:00etan, eginen da Gurbindo Etxean. www.pamplona.es/eu udal-webgunearen eta Gure Sustraiak kooperatibaren webgunean emanen dira argitara emaitzak, baita epeak eta adjudikazioa baieztatze aldera aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko modua ere.

Deialdira aurkeztu nahi direnek baldintza hauek bete behar dituzte: Iruñean erroldatuta egotea, Udalarekiko zerga-betebeharrak egunean izatea eta deialdi honetan zozketa bidez esleituko ez diren Arantzadiko aisialdiko baratzeen lurzatien titularrak ez izatea. Hau da, ezin izanen da zozketan parte hartu eremu horretan bertan dagoeneko aisialdiko baratze baten titularra izanez gero edo familia-unitateko beste kide bat titularra baldin bada (familia-unitatetzat hartzen dira lehen mailako bizikide eta senideak, nahiz eta haiekin ez bizi). Era berean, ezin izanen dira zozketara aurkeztu familia-unitate bereko bi kide edo gehiago. Azkenik, ezin izanen dute parte hartu zehapen-espediente bidez aurrez lurzati bat kendu zaien pertsonek.

Duela 15 urte baino gehiago sortu ziren Arantzadiko aisialdiko baratzeak, nekazaritza eta elikagaien ekoizpena berreskuratu eta herritarrei hurbiltze aldera; izan ere, eremu horretako meandroak baratze izateko joera argia du, eta tradizionalki askotariko produktuz hornitu izan du Iruña.  2025eko ekainaz geroztik, Gure Sustraiak Baserri Eskola irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko kooperatiba arduratu da baratzeak kudeatzeaz, eta kooperatibak berak hartuko du bere gain izen-emateen, zozketaren eta sortzen ahal den itxarote-zerrendaren kudeaketa. Arantzadiko aisialdiko baratzeei eta zozketari buruzko informazioa https://www.pamplona.es/eu/sorteohuertasaranzadi eta https://www.granjaescuelaguresustraiak.com/sorteo-aranzadi-2026/ webguneetan kontsultatzen ahal da. 

¿Te ha sido útil esta página?