Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteak jaso du Iruñeko Zapia, hirian egin zen lehen kabalkadaren mendeurrenaren karietara

Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteak jaso du Iruñeko Zapia, hirian egin zen lehen kabalkadaren mendeurrenaren karietara
Kabalkadaren erakunde antolatzaileak Eguberrietako ohitura hori zaintzeko eta mantentzeko egiten duen lana nabarmendu du Udalak
Irudia
Irudia
Irudia

Batasunaren Pribilegioaren karietara antolatutako ekitaldien barruan, Iruñeko Udalak Iruñeko Zapia eman dio gaur goizean Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteari, 1927an hirian Errege Magoen lehen kabalkada antolatu zeneko 100. urteurrenean. Elkartea 1996an eratu zen arren, Udalak lehen kabalkada horren izaera zaintzeko eta mantentzeko egin duen lana aitortu nahi izan dio erakundeari. Iruñeko Zapiaren XI. edizioaren barruan, Udaletxean egindako ekitaldi hunkigarrian, Joseba Asiron Saez alkateak, Udalbatzako gainerako kideek lagunduta, saria entregatu dio Mamen Sádaba Chalezquer elkarteko presidenteari. Horrez gain, Javier López Reclusak, elkarteko presidenteak, erakundearen lana omentzeko opari bat jaso du alkatearen eskutik.

Hitza hartzean, alkateak azpimarratu du kabalkada bere horretan mantendu ez ezik, hiri guztiak berezko duen ohitura ere bihurtu dela “hura bizirik mantendu eta hazteko denbora eta esfortzua eskaintzeko prest egon diren pertsonei esker”; hala, hura antolatzeko eta koordinatzeko egiten den lana nabarmendu du, horri esker dena prest egoten baita urtarrilero Errege Magoak Iruñean barna ibil daitezen. Elkarteko ordezkariek, Leticia Vergara López erakundeko idazkariak barne, Udalaren aintzatespena eta toki-erakundeak urtero ekitaldia antolatze aldera ematen dien laguntza eskertu dituzte.

Kabalkada eta beste jarduera batzuk
Iruñeko Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteak urtarrilak 5 bakoitzean antolatzen du Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoen etorrera hirira, eta hala, jarraitutasuna ematen dio 1927ko Eguberrietan egin zen izaera sozial nabariko lehen desfile hari, urte hartan Erruki Etxea, haur abandonatuen etxea eta ospitalea, besteak beste, bisitatu baitziren. 

Sortu zenetik, kabalkada eguneratzen aritu da elkartea, eta horretarako, tradizioak berreskuratu ditu –Magdalenako zubian barna iristea eta Frantziako portaletik sartzea, besteak beste–, eta beste jarduera batzuekin osatu ditu usadio horiek, hala nola marrazketa-, argazkigintza- eta idazketa-lehiaketak eta Urrezko Baba. Erakundeak, halaber, bere horretan mantendu du jatorrizko kabalkadaren izaera soziala, eta ildo horretan, arrazoi desberdinak direla eta ekitaldia ikusteko aukera ez duten talde eta pertsonei egin ohi die bisita. Gainera, azken urteotan, agirien eta argazkien artxibo bat sortzen aritu da, ehun urteko tradizio horren memoria historikoa biltzeko xedez.

Iruñeko Zapiaren XI. edizioa
Iruñeko Udalak Iruñeko Zapia saria sortu zuen 2016an “pertsonak –fisikoak zein juridikoak– eta erakundeak saritzeko, baldin eta haien eguneroko zereginetan edo jardunbide profesionalean modu aktibo eta agerikoan aritu badira Iruñearen proiekzioa finkatzen”. Saria Batasunaren Pribilegioaren ospakizunen barruan ematen da, irailaren 8an.

Orain arte honako hauek izan dira sarituak: Paulina Fernández, La Mañueta txurro-dendako jabea; Javier Pagola kazetaria; Elisa Sesma, Pablo Sánchez-Valverde eta Mari Cruz Landa, Sexu-argibide eta -plangintzako Andraize Zentroari lotutako ibilbide profesionalagatik; Alberto Undiano Mallenco, nazioarteko futbol-epaile ohia; Medikuen Elkargo Ofiziala (Vicente Estremera, medikua) eta Erizainen Elkargo Ofiziala (Belén Izcue, erizaina); Juan José Martinena, historialaria; Mai Garde Echalecu eta Oier Sanjurjo Maté, Osasuna KA-ko emakumezkoen eta gizonezkoen lehen taldeetako kapitain ohiak; Donibaneko Adinekoen Ituna; eta Mariví Esparza Mugueta, San Domingoko aldapako San Ferminen irudia zaintzeko arduraduna.Halaber, Mari Ganuza Senosiaini eman zioten saria, besteak beste, arrazoi hauengatik: lau hamarkada baino gehiagoz Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren kide izan zen; Olentzeroren Lagunen Elkartearen sortzaileetako bat izan zen eta Errege Magoen kabalkadan parte hartu zuen; Andre Maria nahigabetuaren pausoa eraman zuen; eta Iruñearen eta Baionaren arteko senidetzean lagundu zuen.


IRUÑEKO ZAPIA

  • 2016: Paulina Fernández, La Mañueta txurro-dendako nagusia

  • 2017: Javier Pagola, idazle eta kazetaria

  • 2018: Elisa Sesma, Pablo Sánchez-Valverde eta Mari Cruz Landa, Andraizeko ginekologoak

  • 2019: Alberto Undiano Mallenco, nazioarteko futbol-epaile ohia

  • 2020: Medikuen Elkargo Ofiziala (Vicente Estremera, medikua) eta Erizainen Elkargo Ofiziala (Belén Izcue, erizaina)

  • 2021: Juan José Martinena, historialaria

  • 2022: Mai Garde Echalecu eta Oier Sanjurjo Maté, Osasunako KA-ko emakumezkoen eta gizonezkoen lehen taldeetako kapitainak

  • 2023: Donibaneko Adinekoen Ituna

  • 2024: Mariví Esparza Mugueta

  • 2025: Mari Ganuza Senosiáin

  • 2026: Iruñeko Errege Magoen Kabalkadaren Elkartea

¿Te ha sido útil esta página?