
Irailaren 8an, asteartea, irekiko dira izen-emateak 2026ko urritik 2027ko urtarrilera bitarteko lauhilekoan Civivox sareak eskaintzen dituen 413 ikastaro eta 58 lantegietan. Irailaren 14ra arte, astelehena, (egun hori barne) ematen ahal da izena 010 (948 420 100) Herritarrendako Arreta Telefonora deituta, aurrez aurre Civivox sareko zentroetan edo Iruña Kultura da webgunean gaitutako online plataformaren bidez; gainera, berritasun gisa, aurten, CIVIVOX PAMPLONA app berriaren bidez ere ematen ahal da izena, dagoeneko deskarga-plataformetan eskuragarri.
413 ikastaroetatik 305 urtekoak dira, eta, beraz, hurrengo urteko otsailetik aurrera jarraipena izanen dute; beste 108 ikastaroak lauhilekoarekin batera amaituko dira, urtarrilean. Ohikoa den bezala, askotariko ikastaroak eskaintzen dira hainbat diziplinatan, hala nola arte plastikoak, kirola eta ongizatea, argazkilaritza, poesia, sukaldaritza, marrazketa eta pintura eta dantzak.
Aurtengo edizioan, ohiko programazioari Pompelo Civivoxeko ikastaroak gehituko zaizkio, esaterako, herrialde desberdinetako sukaldaritza-ikastaroak: herrialde desberdinetako gastronomiak eta gozogintza-monografikoak barne hartuko dituzte, besteak beste. Gainera, Civivox zentro guztietan aukera hauek gehitu dira, besteak beste: adimen artifiziala modu praktikoan erabiltzeko ikastaroak eta haurrendako, familiendako eta belaunaldiarteko ikastaro eta lantegi-eskaintza zabala.
Beharrezkoa bada, irailaren 15ean, lekuak zozketa bidez esleituko dira behin-behinean izena eman dutenen artean. Jakinarazpena posta elektronikoz, Civivox sarean aurrez aurre edo 010 (948 420 100) telefonoan kontsulta eginez jaso eta gero, ikastaroetarako lekua eskuratu dutenek 72 ordu izanen dituzte matrikula formalizatzeko. Ez badute matrikula egiten, lekua itxarote-zerrendan dauden pertsonei esleituko zaie, zozketako esleipen-ordenari jarraikiz.
Izena emateko APP berria
Izena emateko ohiko bideez gain, aurten, Civivox Pamplona mugikorrerako app-aren bidez egiten ahal da; Android zein IOS sistemetan deskargatzeko eskuragarri dago. Aplikazioaren bidez, izen-emateak egin eta Civivox sareak antolatutako ikastaro eta jardueretarako sarrerak eskuratzen ahal dira, bai eta Iturramako Civivoxeko hiri-bainuetxerako abonuak eta sarrerak erosi ere. Aplikazioan sartzeko, nahitaezkoa da erregistroa egitea sartzen den lehenbiziko aldia bada, edo, identifikazioa izanez gero, erabiltzaile (NAN, IFZ, AIZ eta abar) eta pasahitz batekin sartzen ahal da kontura. Aplikaziora sartzeko, Iruña Kultura da webgunean izen-emateak egiteko eskuragarri dagoen ohiko online plataformako erabiltzaile-profil bera baliatzen da.
Civivox Pamplona aplikazioaren bidez izena emateko, mugikorrean ‘Ikastaro-eskaintza’ atalera sartu behar da; jardueretarako sarrerak eskuratzeko, berriz, ‘Ekitaldi-eskaintza’ atalera. Halaber, ‘Nire ikastaroak eta ekitaldiak’ menuaren barruan, egindako izen-emateen eta erosketen egoera ikusteko aukera dago.