Udalak jardunaldi bat antolatu du kultur bitartekaritzari heltzeko, abenduaren 13an, Kondestablearen jauregian

Udalak jardunaldi bat antolatu du kultur bitartekaritzari heltzeko, abenduaren 13an, Kondestablearen jauregian
Jardunaldia Uharte Arte Garaikideko Zentroarekin eta EDARTErekin elkarlanean antolatu da
civivox condestable


Iruñeko Udalak, Hiriartearen bitartez, kultur bitartekaritzako jardunaldi bat antolatu du abenduaren 13rako. Topaketaren diseinuan eta kudeaketan Uharte Arte Garaikideko Zentroak eta EDARTE Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa taldeak hartu dute parte. Horrela, Iruñeko Udalak elkarlanaren aldeko apustua egiten du, bai arte-jardun garaikideetan espezializatutako guneekin, bai kultur politikak hezkuntza-esparrutik ikertzen dituzten ikastetxeekin.
 

Prentsaurrekoan Arantza Santesteban Iruñeko Udaleko kultur teknikari eta Hiriarteako koordinatzaileak, Betisa Ojanguren Uharteko Zentroko zuzendarikideak eta Amaia Arriaga Nafarroako Unibertsitate Publikoko EDARTE Ikerketa taldeko ordezkariak eman dute zehetasunen berri. Horiek guztiek hiru erakundeak batzearen garrantzia nabarmendu dute ekimena bultzatu eta eztabaidak zein praktikak garatze aldera, kultur bitartekaritzaz bezainbatean.
 

Izen-ematea doan, abenduaren 10era arte, hiriartea@pamplona.es helbidean
 

Kultur bitartekaritza: kultur politikak bestela ulertzeko proposamenak jardunaldia 09:00etan hasiko da, eta goizeko saioan Eva Garridok (CA2M) dinamizatutako lantegia eskainiko du. Arratsaldez Artaziak taldeak gidatuko du lantegia. Arte-jardunetan eta kultur kudeaketan interesa dutenei eta arte zein kulturaren arloetako erakundeetako langileei zuzenduta dago. Izen-ematea doan da, eta hiriartea@pamplona.es helbidean egin daiteke, abenduaren 10a arte.
 

Publiko heterogeneoa bildu nahi da, bitartekaritza esperientzia eta ikuspuntu desberdinetatik jorratzeko aukera emanen duena. Halaber, lehen topaketa bat izan behar du, loturak sortzen laguntzeko, profesional, erakunde eta administrazioen artean; izan ere, bakarrik horrela garatzen ahalko dira kultur bitartekaritzako proiektu hauek, protagonisten lana ardatz izanen dutenak, erakundeak demokratikoago zein jasangarriago bihurtuko dituztenak eta lurraldera zein beharretara zuzenago lotuko dituztenak.
 

Eguna era praktikoan antolatu da, eta hausnarketa-guneetan, bizipen eta harreman bidez, parte-hartzaileak elkarrekin ikasteko giroan murgilduko dira taldea eratuz. Gonbidatutako lantegigileek eskarmentu handia dute arte- eta kultura-bitartekaritza/hezkuntzan. Saioak antolatzean, Artaziak eta CA2M taldeen esperientzia eta Nafarroako testuingurua lotzeko eduki teorikoak eta tresna erabilgarriak dituzten proposamenen bila aritu dira. Hitz idatzirako, ahotserako, jolaserako eta gorputzerako guneak sortuko dira, horrela parte-hartzaileen errealitate ezberdinen oparotasuna eta amankomuna ikusgai jartzeko.
 

Hitz berria, lehen zedarrituta zeuden esparruen nahasketa jasotzeko
 

Jardunaldiak “bitartekaritza” izanen du ardatz; kultur esparruan nolabait berria da hitza, baina jada hurbiltzen ari zaizkio arte-hezkuntzako, kudeaketako eta komisariotzako eragileak. Helburua sortu berria den nahasketa honen gainean lan egitea da, lehen zedarrituta zeuden esparruetako mugetan, baita ere, kultur politiken eraldaketa ahalbidetzen ahal dituzten baldintza berrien gainean.
 

Aldaketa-testuinguru honetan, saioek honako eztabaida hau mahaigaineratu nahi dute: Zer jo daiteke kultur bitartekaritzatzat? Zein dira oinarrian dituen ideiak? Praktikan nola gauzatu daitezke? Oso ikuspegi praktikotik galdera hauei erantzun nahi zaie, besteak beste: Zer da kultur bitartekaritza? Zein alde dago bitartekaritza kulturalaren eta azken urteotan kulturaren arloan egin diren jardunbideen artean? Zein dira horien helburuak? Kultur eragileen zeregina edo tokia zein izan daiteke? Zer nolako aldaketa instituzionalak behar dira kultur bitartekaritza praktikei mesede egiteko?
 

Jardunaldiko entitate laguntzaileak eta lantegigileak
 

EDARTE diziplina anitzeko taldea da, ikergai dituena ekoizpen kultural garaikideko testuinguruetan ematen diren hezkuntza-esperientziak, eta, berariaz, arteen eta ikusizko kulturaren arloan ematen direnak, ikastetxeetan, museoetan eta arte- eta ondare-zentroetan. Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuarekin elkarlanean ari da museo- eta ondare-ikerketetan; eta praktika profesionaletako programen etorkizuna bultzatzen du NUPeko Historia eta Ondareko graduko ikasleentzat, eta prestakuntza, profesionalentzat.
 

Artaziak gizarte-ekimeneko kooperatiba bat da, eta arte-hezkuntzaren eta bitartekaritza kulturalaren esparruan lan egiten du. Bultzatzen dituzten ikasketa-prozesuetan praktika eta metodologia artistikoak jakintzak partekatu, eraiki eta eraldatzeko tresnak dira. Haien ikuspuntutik, hezkuntza truke bat da, bai eta elkarrizketatik abiatuta errealitate eta harreman berriak sortzeko gunea ere. Gizarte-izaerako proiektua da, kultura-dibertsitatetik eta ezberdintasunetik abiatuta pertsonen zentzu kritikoa sustatzen laguntzen duena, aldaketa sozialak, politikoak eta kulturalak sortzea jomugan hartuta.
 

Eva Garrido del Saz artista eta hezitzailea da. Arte Ederretan lizentziaduna da Valentziako Unibertsitate Politeknikoan; 2009tik Dos de Mayo (CA2M) Arte Zentroaren Hezkuntzako Departamentuarekin kolaboratzen du, eta hezkuntza, arte eta praktika kulturalei buruzko Las Lindes Ikerketa Ekintzako taldeko kidea da.
 

 

Kultur bitartekaritza: kultur politikak bestela ulertzeko proposamenak. Kondestablearen jauregia. Abenduak 13. Programa

  • 09:00 - 09:30 – Ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena.
  • 09:00 -10:00 – Sarrera, Amaia Arriagaren eskutik. Edarte ( UPNA )
  • 10:00 -13:30 – Eva Garrido arituko da lantegia dinamizatzen. CA2M
  • 13:30 - 15:30 – Bazkaria.
  • 15:30 - 18:00 – Lantegia, Artaziak-ek dinamizatuta.
  • 18:00 - 19:00 – Jardunaldiaren amaiera.

 

Videos