Udalak ‘Infinituraino... eta haratago!’ on lineko mahai-ingurua eskainiko du gaur Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Egunaren karietara

Udalak ‘Infinituraino... eta haratago!’ on lineko mahai-ingurua eskainiko du gaur Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Egunaren karietara
Aste honetan, halaber, Udalak bi kale izendatu ditu Kimikaren arloan aitzindari diren bi emakume nafarrekin

 

 

Iruñeko Udalak gaur, otsailaren 11n, Zientziako Emakume eta Nesken Egunaren karietara ‘Infinituraino... Eta haratago!’ izeneko mahai-ingurua eskainiko du online, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek (IKT) berdintasunaren aldeko lanean eskaintzen dituzten aukeren inguruko gogoeta bat. Parte hartuko dute Afrikako Lorea elkarteko Fátima Djarrak, Black Power taldeko partaideak diren lau neska gaztek eta Maite Goñik, Mondragon Unibertsitateko gaitasun digitaleko irakasleak. 18:00etan hasiko da eta jarrai daiteke esteka honen bidez: https://zoom.us/j/94242184078.

Data hori ospatzeko Udalaren programaren barruan ‘Nik emakume zientzialaria izan nahi dut’ antzezlana taularatuko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean, bihar, ostiralarekin, Gayarre antzokian 19:00etan. Sarrerak 2 euroan eros daitezke leihatilan eta Gayarre antzokiko webgunean. Ekimenaren xedea da neskak eta emakume gazteak zientziara, ingeniaritzara, teknologietara eta matematiketara gerturatzea.

Halaber, aste honetan ere, Iruñeko Udalak Kimikaren arloan aitzindari diren bi emakume nafar aitortu ditu eta beren izenak jarri dizkiete hiriko espazio publikoei. Dorotea Barnés iruindarra aitzindari izan zen Kimika arloan Espainian, hala ikerketan nola irakaskuntzan, eta hiltegi zaharreko orubean sortutako parkearen ondoko kalearekin aitortuko dute. Concepción Zuasti, Obanosekoa, Zientzia Kimikoetan lizentziatu zen lehenengo emakume nafarra izan zen eta Institutuko lehenengo emakume irakaslea Nafarroan. Izena emanen dio Txantreako hirigintza-garapen berrian eginen den plazetako bati.

Gaurko mahai-inguruko protagonistak

Black Power afrikarren ondorengoen Nafarroako neska talde bat da eta berdintasunaren zein ahalduntze pertsonal eta taldekoaren aldeko konpromisoa elkarrekin lantzen dute. Haiekin bere jardueren inguruko gogoeta bat partekatu ahalko da, eta behar besteko garrantzia eman gaitasun digitalei, teknologiak berdintasunaren alde erabiltzeko, hazteko, ikasteko, komunikatzeko eta haratago heltzeko. Haiekin batera, aurrekoen amek osatutako Afrikako Lorea elkartea egonen da, jakitun baitira etorkizuna berdintasunean hurrengo belaunaldiaren esku ere dagoela.

Bestalde, Maite Goñik, informazioaren teknologiek, ikus-entzunezkoak eta sare sozialek komunikaziorako eta edukiak sortzeko eskaintzen dituzten aukera handien ikuspegia emanen du. Euskal Filologian lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean (1990) eta Ingeles Filologian Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU, 1994). Ia 20 urte daramatza hainbat hezkuntza-entitaterekin elkarlanean, irakasleak prestatzen hezkuntzari aplikatutako Informazioaren eta komunikazioaren teknologien esparruan (IKT). 2020. urteaz geroztik, Mondragon Unibertsitateko irakasle laguntzailea da, eta nagusiki irakaslearen prestakuntza teknopedagogikoan dihardu. Teknopedagogiari buruzko “10 minututan” podcast-a zuzendu eta aurkezten du, eta telebistako eta euskal irrati publikoko (EITB) hainbat programatan parte hartzen du, Internet, teknologia eta euskarari lotutako gaietan.

¿Te ha sido útil esta página?