Udalak eta NUPek auzoen eta merkataritza tradizionalaren historia bildu dute 47 elkarrizketen bitartez, ‘Nafarroako ondare materiagabearen artxiboa’ proiektuaren barruan

Udalak eta NUPek auzoen eta merkataritza tradizionalaren historia bildu dute 47 elkarrizketen bitartez, ‘Nafarroako ondare materiagabearen artxiboa’ proiektuaren barruan
Navarchivo sarbide libreko tresna bat da, doan, eta Nafarroako eta Nafarroa Behereko herritarren bizitza-istorioak biltzea du xede
patrimonio inmaterial

 

Iruñeko Udala eta NUPeko Ondare Materiagabeko Katedra lankidetzan ari dira Navarchivo proiektuan, eta ikus-entzunezko funtsen eta testuen bidez, Nafarroako kultur ondarea biltzeko tresna bizia sortzen ari dira. Proiektuaren lehenengo fasean, bi erakundeen arteko lankidetzak Iruñeko XX. mendeko ahozko memoria berreskuratzea izan du ardatz, ondare materiagabeko unitatetzat hartzen diren 47 elkarrizketaren bitartez. 

Elkarrizketek hiru gai hauek jorratu dituzte: auzoetako historia, merkataritza tradizionala eta hirian erreferente diren pertsonak. Auzoetako historiaren barruan, 28 elkarrizketa egin dira Alde Zaharrean, Zabalguneetan, Arrotxapean, Donibanen eta Txantrean murgiltzeko. Auzo bakoitzeko sei pertsona elkarrizketatu dituzte, Txantrean izan ezik, auzo horretan lau elkarrizketa egin baitira. Merkataritza tradizionalaren gaiari dagokionez, 15 elkarrizketa egin dira: 10, mende bat baino gehiago duten saltokiei buruz, eta, 5, San Domingoko merkatuaren historiari buruz, hiriko zaharrena baita. Azkenik, proiektuaren lehen faseari amaiera emateko, lau elkarrizketa egin zaizkie hirian erreferente diren pertsonei. 

Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak, Alfredo Asiain Ansorena Nafarroako Ondare Materiagabearen Katedrako zuzendari eta koordinatzaile teknikoak eta Labrit Multimedia SL enpresako Ane Etxarri Tapiak 2025an egindako lehenengo fasearen emaitzak aurkeztu dituzte. Elkarrizketen hautaketa egiteko, aurretik profilak zehaztu ziren: Labrit Multimedia SL enpresak egin zuen lan hori, ondare immaterialaren kudeaketan espezializatuta baitago eta proiektuarekin lankidetzan ari baita. Lehenengo fasearen aurrekontua 49.294,35 eurokoa izan da guztira (BEZa barne).

UNESCOren arabera, kultur ondare immaterialak komunitateek beren identitate kolektiboaren parte gisa aitortzen dituzten kultur adierazpen biziak barne hartzen ditu. Honela definitzen ditu: "komunitateek, taldeek, etabarrek beren kultur ondaretzat jotzen dituzten ohiturak, adierazpenak, espresioak, ezagutzak eta teknikak dira". Espainiako Kultur Ondare Immateriala Babesteko Plan Nazionalak honela deskribatzen du: "komunitate batean errotuta dauden partekatutako esanahi kolektiboei lotutako kultur adierazpen bizi oro".

Urtarrilaren 28an, asteazkenarekin, Pompelo Civivoxean ekimen publiko bat eginen da ‘Navarchivo, Nafarroako Ondare Materiagabearen Artxiboa’ proiektuaren lehenengo fasea aurkezteko. 19:00etan hasiko da, bertan izanen dira elkarrizketatutako pertsonak, eta egindako elkarrizketen zatiez osatutako bideo-laburpen bat proiektatuko da. Bertan izanen dira Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotzi ordezkaria, Alfredo Asiain Ansorena eta Ane Etxarri Tapia. 

Hogei urteko proiektua
Nafarroako Unibertsitate Publikoa 2006tik ari da ‘Navarchivo, Nafarroako Ondare Materiagabearen Artxiboa’ proiektua egiten. Helburu nagusia da ikus-entzunezko metodologia eta erregistroaren bidez Nafarroako eta Nafarroa Behereko herritarren % 1aren bizi-istorioak biltzea. Orain arte, proiektua Nafarroako herrien % 80ra heldu da, eta, hari esker, sarbide libreko multimedia funts bat eratu da, doan.

Https://www.navarchivo.com/eu webgunean Nafarroako eta Nafarroa Behereko kultura tradizionalarekin lotutako soinuez, ikus-entzunezkoez eta testuez osatutako multimedia agirien funts dinamiko bat sortu da. Sarbidea doan da, asmoa baita Nafarroaren ondarea eta aberastasuna ezagutarazi eta hedatzea. Webguneak diseinu oso erraz eta intuitiboa dauka, eta nabigazioa eta kontsulta errazten ditu, bai multimedia funtsarena bai lanak aztertu dituen herriena.

Udalak ekimen horrekiko interesa erakutsi du 2018az geroztik: orduan, batzorde bat eratu zuen NUPekin batera, eta ehun urtetik gorako sei pertsonari elkarrizketak egiteko proiektua jarri zuten martxan. Ondoren, 2020ko urtarrilean, Herritarren Aferen Batzordeak aho batez onetsi zuen "Hiriko ondare immateriala bildu, landu eta herritarren eskura jartzeko lan-plan bat garatzeko" proposamena. Konpromisoa 2024ko irailean finkatu zen, Udalaren eta NUPeko Ondare Materiagabearen Katedraren artean lankidetzarako esparru-akordioa sinatu zenean:hitzarmenak lau urteko indarraldia dauka, eta luzatzen ahalko da.

¿Te ha sido útil esta página?