‘Harizko zubiak ehuntzen’ zikloak euskara biziberritzeko eta Pirinioen bi aldeen arteko loturak indartzeko kultur jarduera eskaintza zabala eskainiko du

‘Harizko zubiak ehuntzen’ zikloak euskara biziberritzeko eta Pirinioen bi aldeen arteko loturak indartzeko kultur jarduera eskaintza zabala eskainiko du
Iruñeko Udalak eta Karrikiri elkarteak sustatzen dute ekimena: urriaren 9tik 31ra bitarte eginen da hiriko hainbat gunetan
Fitxategi
Harizko zubiak ehuntzen

 


Iruñeko Udalak, Karrikiri elkartearekin lankidetzan, Harizko zubiak ehuntzen zikloaren lehenengo edizioa martxan jarri du: ekimenak euskara biziberritzea eta Pirinioen bi aldeen arteko loturak indartzea du xede. Zikloak hamahiru jarduera barne hartuko ditu urriaren 9tik 31ra bitarte. Besteak beste, bederatzi kontzertu, liburuen aurkezpen bat, topaketa bat eta bi hitzaldi eginen dira hiriko bost gune hauetan: Karrikiri, Kondestablearen jauregia, Laba, Eusko Kultur Mintegia eta Irauli. Azken hiru entitate horiek, gainera, Pamiela argitaletxearekin batera lankidetzan aritu dira programa antolatze aldera. Jarduera guztiak doan dira, leku guztiak bete arte, eta ez da beharrezkoa izena ematea; Laban eginen diren kontzertuek, berriz, 12 euroko kostua dute, eta sarrerak Karrikirin eta ticketic plataforman daude salgai. Zikloa gaur goizean aurkeztu dute Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak, Jon Bujanda Cambra Karrikiriko koordinatzaileak, Beñat López Labako koordinatzaileak eta Xan Aire Urepeleko Plazara kooperatibako kideak. 

Harizko zubiak ehuntzen zikloak euskarazko programazioaren erreferentziazko hitzordu gisa finkatu nahi du, eta euskal kultur eta inauterietan giltzarri den Euskal Kultura? liburuaren berrargitalpenean du jatorri. Egitasmoa Karrikiri Elkarteak eta Urepeleko Plazara taldeak sustatu dute, eta, hari esker, mugaz gaindiko beste proiektu batzuk bultzatu dira, zeinek azkenean kultur proposamen berri honetan egin baitute bat. Zikloak hausnarketarako guneak sortzea du helburu, baita euskara biziberritzearekin lotutako egitasmoak sustatzea ere, betiere belaunaldien arteko ikuspuntu batetik. Horrekin batera, Iruñean euskararen alde lan egiten duten eragileen arteko harremanak sendotu nahi dira.

Kontzertuak Laban eta Kondestablen
Zikloa urriaren 9an (ostirala) hasiko da: Therry Biscary-k, Kalakan taldeko kide ohiak, eta Oreka TX txalaparta-taldeak kontzertua emanen dute Laban, eta, emanaldi horretan, tokiko erritmoak eta zurezko eta harrizko txalapartak ahotsarekin eta perkusioarekin tartekatuko dituzte. Laban antolatu diren lau musika-emanaldietatik lehena izanen da hori, eta urriko hiru ostiraletan eta larunbat batean eginen dira, guztiak 20:00etan, 12 euroan. Hurrengo hitzordua hilaren 16an izanen da, eta honako hauek izanen dira protagonistak: batetik, Ekhi Lambert, abesti tradizionala eta pop abangoardista uztartzen dituen kantautorea; bestetik, Ziburuko Ixabe seikotea. Egun bat geroago, urriaren 17an (larunbata), Gazteluko plazako elkartearen agertokian proposamen bikoitz batez gozatzeko aukera izanen da: Urruñako Odei Barroso raperoa eta Broken Brothers Brass Band talde iruindarra arituko dira. Urriaren 23an, ostiralarekin, beste bi emanaldiren txanda izanen da: tradizioa eta garaikidetasuna bateratzen dituen Habia taldea eta Garazi Esnaola piano-jotzaile gipuzkoarra izanen dira taula gainean. Lekukoa Kondestablearen jauregiak hartuko du urriaren 31n, 12:00etan: goizez, Buhaminak abesbatzak sarrera libreko kontzertua emanen du; emakumez osatutako talde koralak euskarazko abestien errepertorio zabala du. Kontzertuekin lotutako programazioa egun horretan bertan bukatuko da, Laban: poesia, ahotsak eta instrumentuak uztartzen dituen Hor Hor taldeak ñabarduraz beteriko kontzertu original bat emanen du. 

Topaketak, hitzaldiak eta aurkezpenak
Gai soziolinguistikoekin lotutako programazioa urriaren 17an (larunbata) jarriko da abian Eusko Kultur Fundazioko egoitzan: Ameslariak etorkizunari begira topaketak euskararen biziberritzeari buruzko Astindu! Ameslariendako ikastaroko aurreko edizioetan parte hartu zuten horiek bilduko ditu, eta lehendik aurkeztutako proposamenak zehaztuko dira topaketa horretan. Egitasmo horretan, Xan Airek eta Rosa Ramosek parte hartuko dute: biak ala biak euskara bultzatu eta sustatzeko hainbat proiektutan daude engaiatuta. Hurrengo hitzordua urriaren 21ean (asteazkena) izanen da, 19:00etan, Karrikiriren egoitzan: gaurkotasunari buruzko Euskal Kultura? gaur egun hitzaldiaren txanda izanen da, eta berriz irakurriko da Antton Lukuren liburua.  Aritz Ibañezek eta Peio Bereterretxek emanen dute eta Inhar Iraizoz kazetaria arituko da moderatzaile. 

Loturak sendotzeko proposamenak izanen dira protagonista urriaren 28ko Familiak, zubiak, egonaldiak hitzaldian, Iraulin. Hitzaldi horretan Famili On eta Zubi Gara aurkeztuko dira: mugaren bi aldeetako familiak hartu-emanean eta aisialdiaz gozatzen aritzeko bi esperientzia dira, eta Gartzen Garaio eta Esther Lakasta dira bi programa horien arduradun, sustatzaile eta parte-hartzaile. Programazioa urriaren 30ean bukatuko da Karrikirin, eta bertan Maiatz argitaletxeak azken berritasunak aurkeztuko ditu, izen bereko aldizkariarekin batera funtsezkoa izan baita euskarazko literatura-sorkuntza garatzeko. 
 

HARIZKO ZUBIAK EHUNTZEN. URRIAREN 9TIK 31RA

  • Urriak 9, ostirala. 20:00. Laba (sarrera: 12 euro).

    • Kontzertua: Thierry Biscary eta Oreka TX

  • Urriak 16, ostirala. 20:00. Laba (sarrera: 12 euro).

    • Kontzertuak: Ekhi Lambert eta Ixabe

  • Urriak 17, larunbata. 09:00–13:00.  Eusko Kultur Mintegia.

    •  Topaketa: Ameslariak etorkizunari begira.

  • Urriak 17, larunbata. 20:00. Laba (sarrera: 12 euro).

    • Kontzertuak: Odei Barroso eta Broken Brothers Brass Band

  • Urriak 21, asteazkena. 19:00. Karrikiri

    • Euskal Kultura? gaur egun hitzaldia

  • Urriak 23, ostirala. 20:00. Laba (sarrera: 12 euro).

    • Kontzertuak: Habia taldea eta Garazi Esnaola

  • Urriak 28, asteazkena. 18:00. Irauli. 

    • Familiak, zubiak, egonaldiak hitzaldi-solasaldia

  • Urriak 30, ostirala. 19:00. Karrikiri

    • Literatur berritasunen aurkezpena Maiatz argitaletxearen eskutik

  • Urriak 31, larunbata. 12:00. Kondestable

    • Buhaminak taldearen kontzertua

  • Urriak 31, larunbata. 20:00. Laba (sarrera: 12 euro).

    • Hor Hor taldearen kontzertua

¿Te ha sido útil esta página?