Andrea Ganuzak eta Taxio Ardanazek instalazioak jarriko dituzte Iruñeko espazio publikoetan, 2026ko Iruñeko Topaketen programazioaren barruan

Andrea Ganuzak eta Taxio Ardanazek instalazioak jarriko dituzte Iruñeko espazio publikoetan, 2026ko Iruñeko Topaketen programazioaren barruan
‘MRLLS’ eta ‘ADI’ sorkuntzak hiriko hainbat tokitan instalatuta egonen dira urriaren 2tik 12ra bitarte
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak, urriaren 2tik 12ra bitarte, gune publikoetan bi instalazio artistiko jartzea sustatu du 2026ko Iruñeko Topaketen barruan. MRLLS eta ADI sorkuntzen bidez, Andrea Ganuza eta Taxio Ardanaz artistek Alde Zaharreko eta Zabalguneko hainbat tokitan esku hartu dute, eta bi auzo horietako gune irekietan beren lanak jarri dituzte ikusgai.

Instalazioak eta topaketen programazioaren barruan antolatutako beste jarduera batzuk prentsaurrekoan aurkeztu ditu Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak; harekin batera, bertan izan dira Iñaki Apezteguia Morentín Nafarroako Gobernuko Kulturako zuzendari nagusia eta Taxio Ardanaz eta Andrea Ganuza sortzaileak.

Taxio Ardanaz artista eta ikertzailearen ADI proposamenak pankartaren erabilera aldarrikatzen du taldekako adierazpen plastiko eta ekintza politiko eraldatzaile gisa. Esku-hartze horretarako, Ardanazek 70eko hamarkadatik gaur egunera arteko gizarte-mugimendu batzuk ekarri ditu gogora, eta itxuraz desberdinak diren hainbat gizarte-testuingururen arteko oihartzunak eta harremanak sortu ditu. Oihalek askotariko formatu eta koloreak dituzte, eta hainbat mezu ematen dituzte aditzera hiriko 9 tokitan; hala, herritarrak interpelatzeko gai den ikusizko ibilbide sinboliko bat proposatzen dute. Toki hauetan jarri dira pankartak: Ziudadelako atean, Seminario etxean, Ezpeletaren jauregian, Kale Nagusian, Calderería kalean, Curia kalean, Jarauta kalean, Gazteluko plazako kioskoan eta Txistuen plazan. 

Gainera, Seminario etxean, pankartarekin lotura estua duten lau soinu-pieza entzunen dira aldian-aldian: dunbalak, txaloak, sirenak eta oihuak oihartzunaren eta errepikapenaren eraginpean egonen dira oroitzapenei eta antolakuntza kolektiboari lotutako sentipenak aldarrikatze aldera, eta, era berean, 1972ko Iruñeko lehen Topaketen bereizgarri izan zen minimalismoarekin hartu-emanean egonen dira. Soinu-proposamena Sara Fontán (Vigo, 1980) eta Edi Pou (Bartzelona, 1981) kide dituen Los Sara Fontán bikote instrumentalarekin elkarlanean egin da.

MRLLS instalazioak protesta-kartelaren eta pankartaren mintzairara hurbiltzeko aukera ematen du, eta Alde Zaharreko hainbat gunetan barnako ibilbidea sortzen du Jacobaren pasadizoa epizentro gisa hartuta. Proposamenak marrazketa, testuak eta gune publikoak uztartzen ditu, eta ikusle bakoitzaren eskuetan uzten du lanaren interpretazioa egitea. Esku-hartze grafikoa kartel gisa aurkeztuko da, eta Alde Zaharreko hormetako batzuetan hedatuko da. 50 x 70 zentimetroko kartelek bost eta zazpi aldaera artean izanen dituzte, eta aldaera horiek modulu gisa errepikatuko dira. Tinta bakarreko serigrafian inprimatuko ditu Madrilgo La Caverna Serigrafía estudioak, Ganuzak urteak baitaramatza lantegi horrekin lanean. Aurreikuspenen arabera, guztira 1.050 kartel eginen dira.

Proposamenaren barruan, performance bat eginen da Jacobaren pasadizoan bertan. Gizarteak espazio publikoa berreskuratzea, hori da Ganuzak proposatzen duena; horretarako, arreta jartzen du adierazpidea eta parte-hartzea bultzatzeko tresna herrikoi eta irisgarrietan, besteak beste, marrazki, fanzine, aldarri eta abestietan. Horren harira, protesta egiteko eta erresistentziarako abestien karaoke bat eginen da, pertsona orori irekia eta doakoa, eta gonbit moduko bat izanen da protesta-ereserkiak partekatzeko eta abesti herrikoiak berriz ere erresistentzia eta adierazpide kolektiborako tresna gisa nabarmentzeko. Daniela Giraldoren eskutik, jarduera Jacobaren pasadizoan eginen da urriaren 9an (ostirala), 19:00etatik 23:00etara. Andrea Ganuza ilustratzailea, komiki-marrazkilaria eta artista ibiltaria da, eta Arte Ederretan lizentziaduna da EHUn; gainera, Ikerketako eta Sorkuntza Artistikoko masterduna da Bartzelonako Unibertsitatean.

Bi esku-hartzeek hiriko hainbat gune mintzaira eta hurbilketa desberdinetatik aktibatzen dituzte, eta harremanak sortzen dituzte sorkuntza artistikoaren, espazio publikoaren, oroimenaren eta partaidetza kolektiboaren artean.

¿Te ha sido útil esta página?