Arte garaikidea, historia eta memoria izanen dira Ziudadelako erakusketen ardatz 2026ko Iruñeko Topaketetan

Arte garaikidea, historia eta memoria izanen dira Ziudadelako erakusketen ardatz 2026ko Iruñeko Topaketetan
Bolborategian, Labean eta Arma aretoan Hito Steyerlen, Mona Hatoumen, Ainhoa Apezteguiaren, Nagore Chiviteren, Leire Lacunzaren, Udalaren arte-bildumako eta Susana Solanoren lanak izanen dira ikusgai
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Ziudadela erreferentziazko gunea da Iruñean arte garaikidearen sorkuntza eta erakusketari dagokionez, eta 2026ko Iruñeko Topaketen agertokietako bat izanen da. Arma aretoan, Bolborategian eta Labean belaunaldi eta jatorri desberdinetako artisten erakusketak eta sorkuntzak egonen dira ikusgai, bai eta Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen bildumako eta ‘la Caixa’ fundazioko Arte Garaikideko bildumako lanak ere. Hainbat lengoaia eta hurbilpenen bidez, proposamenek honako gai hauek jorratuko dituzte, besteak beste: memoria, testigantza, gatazka, irudiak eta lanen eta horiek dauden espazioen arteko harremana. 

Proposamenak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte Maider Beloki Unzu Kulturako Alorreko zinegotzi ordezkariak, Iñaki Apezteguia Morentín Nafarroako Gobernuko Kulturako zuzendari nagusiak, Izaskun Azcona ‘la Caixa’ fundazioko Nafarroako ordezkariak eta Elena Olave eta Jone Rubio Hemen ez den leku bat erakusketaren komisarioek.

Hemen ez den leku bat: memoria, testigantza eta espazioa
Hemen ez den leku bat erakusketa Ziudadelako Arma aretoan dago ikusgai urriaren 1etik 2027ko urtarrilaren 31ra bitarte: Ainhoa Apezteguia, Nagore Chivite eta Leire Lacunzaren artelanak Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumako obrenhautaketa batekin daude hartu-emanean. Jone Rubio Mazkiaran eta Elena Olave Duñabeitia dira erakusketaren komisarioak.

Erakusketa kolektiboak memoria eta testigantza gorpuzteko modu desberdinak arakatzen ditu. Proposamena Ziudadelako Arma aretoari loturiko testigantza historiko eta pertsonalaren eta hiru artisten lanen arteko harremanetik abiatzen da, eta gogoeta bat planteatzen du memoria nola gauzatu eta erakusketa-gunean geratzen denari eta falta denari buruz.

Erakusketak, ebokazioaren bitartez, espazio historikoaren eta hura okupatzen duten artisten arteko harremana aztertzen du, eta arreta berezia jartzen du artelanen alderdi poetikoan, lausoan eta definiezinean. Udalaren Arte Garaikidearen bildumako lanek hiru sortzaileen lanekin hartu-emanetan daude, XVI. mendearen amaieran helburu gerrazaleekin eraikitako areto batean garai, esperientzia eta oroimenera gerturatzeko modu desberdinen arteko harreman bat sortuz.

Nagore Chivite Lizarragaren (Aos, Nafarroa, 1999), Ainhoa Apezteguia Extramianaren (Iruña, 2002) eta Leire Lacunza Mirandaren (Donostia, 1996) lanek oroimena eraikuntza-prozesu gisa ulertzen dute eta hitzak, irudiak eta eguneroko bizipenak hezurmamitu eta partekatzen dituzte artearen bidez. Erakusketan hiru artisten bideoak, argazkiak, muntaiak eta instalazioak uztartzen dira.

Erakusketa asteartetik larunbatera bisitatzen ahalko da, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.

Erakusketaren jarduera osagarriak
Erakusketarekin batera, hiru jarduera osagarri antolatu dira: bi idazketa-lantegi eta kontzertu bat. Lehenengo lantegiak Oroimena orri zuri bat da izena du eta Iñigo Satrustegik gidatuko du azaroaren 7an, larunbatarekin, 11:00etan; leku-kopurua mugatua da eta  cultura@pamplona.es helbide elektronikoan erreserbatu behar dira. Lantegian kontakizuna eta oroimena landuko dira. Bigarren lantegia 2027ko urtarrilaren 16an (larunbata) eginen da, 11:00etan, Ingurua izendatuz gerorako lur bat malgutuz izenburupean: Ane Zubeldia Magriña idazlearen Kontra (Susa, 2025) liburuan agertzen den aipu bat da. Lantegi horretan, Ainhoa Apezteguia eta Nagore Chivite idazleek irudiak beren testuekin eta beste idazle batzuenekin hartu-emanean jartzen dituzte esperientzia eta narratiba propioak kolektibotik eta taldeka lantzeko xedez. Lantegia euskaraz eginen da eta aldez aurretik izena eman behar da cultura@pamplona.es helbidean. 

Hirugarren jarduera abenduaren 12an eginen da, larunbatarekin, 18:00etan: musika eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen Carmasutra izeneko kontzertua izanen da, Carmen Rodriguez Conesaren eskutik. 

Hito Steyerl, Mona Hatoum eta Susana Solano Ziudadelan
2026ko Iruñeko Topaketen programazio artistikoa Ziudadelako beste gune batzuetara hedatzen da beste proposamen batzuekin, arte garaikidea, espazioa, historia eta oroimenaren arteko harreman berriak ezartzeko.

Hito Steyerl Ziudadelako Bolborategian egonen da urriaren 1etik azaroaren 15era bitartean, Is the museum a battlefield? (Museoa gudu-zelaia da?) eta November (Azaroa) obrekin. Artista bisuala, zinema-errealizadorea eta arte garaikidearen pentsamenduari buruzko erreferentzia da Steyerl, eta urteak daramatza komunikabideen, irudien eta horien zirkulazio-eren inguruan lanean. Is the museum a battlefield? bi bideo-kanalez osatutako instalazioa da, eta arte garaikideko instituzioen eta munduko arma-industriaren arteko lotura finantzario eta politikoak lantzen ditu. Hala, obrak begirada kritikoa proposatzen du kulturaren, boterearen, ekonomiaren eta gatazkaren arteko harremanetan. November lanean Steyerlek prozesu iraultzaileetan irudiek duten eginkizunari buruz eta eraldaketa politikoari buruz hausnartzen du Andrea Wolfen historiaren eskutik, artistaren lagun hori Turkiako kurduen askapen mugimenduan aritu baitzen. Lanak norbanakoaren oroimena irudien zirkulazioarekin eta eraldaketarekin lotzen du, eta horiek mobilizatze- eta ordezkatze-tresna bihurtzeko izaten ahal duten erarekin.

Arma aretoaren sarreran, urriaren 2tik 12ra, Susana Solanoren Fontana nº 3 aurkeztuko da, La Caixa fundazioaren Arte Garaikideko bildumako burdinazko obra bat. Lana sentsualitatearen eta zolitasun poetikoaren adibidea da, Solanoren lanaren ezaugarriak. Burdina landu gabeko forjaketa industrialaren tekniken bidez landu duenez, egiteko prozesuaren aztarnak ditu, eta hala, eskulanaren eta gizakiaren esku-hartzearen irregulartasunak eta akatsak ekartzen ditu gogora. Lana 2006 eta 2007 artekoa da, eskailera bat gogorarazten duen forma hartzen du eta naturaren, igarotzearen eta jasotzen duen gunearen beraren arteko harremana ezartzen du.

Halaber, Ziudadelako Labean egonen da urriaren 1etik azaroaren 15era Mona Hatoumen Webgunea instalazioa, ‘la Caixa’ fundazioaren Arte garaikideko bildumako lana. Obra eskuz puztutako beira gardenezko esferez eta altzairu herdoilgaitzeko kablez osatuta dago. Labearen barruan zintzilik dago eta armiarma sare gisako bat osatzen du, espazioa ulertzeko era aldatu eta inguratzen duen arkitekturarekin harreman fisikoa ezartzen duena. Beirazko esferen hauskortasunak eta gardentasunak kontrastea egiten dute altzairuaren tentsio eta erresistentziarekin, eta sortzen duen instalazioak tokiaren pertzepzioa eraldatu, eta hauskorra eta mehatxagarria denaren arteko orekak markatutako esperientzia espaziala proposatzen du.

Susana Solano, Hito Steyerl eta Mona Hatoumen proposamenek eta Ainhoa Apezteguia, Nagore Chivite eta Leire Lacunzaren taldekako erakusketak 2026ko Iruñeko Topaketen erakusketa-gune nagusietako bat bihurtzen dute Ziudadela, etahainbat belaunalditako lanak eta hizkuntzak historiaz betetako multzo arkitektonikoarekin lotzen dituzte. Susana Solano eta Mona Hatoumen lanek ‘la Caixa’ fundazioaren laguntza dute, Iruñeko Topaketen sustatzailea baita. Programazioari buruzko informazio guztia hemen ikusten ahal da: 2026ko Iruñeko Topaketen web-orrian eta Iruña Kultura da web-orrian.

 

IRUÑEKO TOPAKETAK 2026. ERAKUSKETAK ZIUDADELAN

  • Hemen ez den leku bat

    • Ziudadelako Arma aretoa. 1. solairua

    • Datak: 2026ko urriaren 1etik 2027ko urtarrilaren 31ra

    • Erakusketako komisarioak: Jone Rubio Mazkiaran eta Elena Olave Duñabeitia

    • Ainhoa Apezteguia, Nagore Chivite eta Leire Lacunzaren artelanek osatua, Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumaren lan-hautaketa batekin daude hartu-emanean.

    • Jarduera osagarriak:

      • Azaroak 7, larunbata. 11:00: Lantegia: Oroimena orri zuri bat da. Iñigo Satrustegiren eskutik. Izen-emateak, cultura@pamplona.es helbide elektronikoan. 

      • Abenduak 12, larunbata. 18:00: Carmasutra kontzertua eta ikus-entzunezkoak

      • 2027ko urtarrilak 16, larunbata, 11:00: Lantegia euskaraz: Ingurua izendatuz gerorako lur bat malgutuz. Ainhoa Apezteguia eta Nagore Chiviteren eskutik. Izen-emateak cultura@pamplona.es helbide elektronikoan. 

  • Susana Solano: Fontana Nº 3

    • Ziudadelako Arma aretoa. Beheko solairua

    • Datak: 2026ko urriaren 1etik 12ra.

  • Mona Hatoum: Webgunea

    • Ziudadelako Labea

    • Data: urriaren 1etik azaroaren 15era

  • Hito Steyerl: Is the museum a battlefield? (Museoa gudalekua da?)

    • Ziudadelako Bolborategia

    • Data: urriaren 1etik azaroaren 15era

¿Te ha sido útil esta página?