Udalak María Luisa Elío Bernal idazle eta aktore iruindarrari eginen dio omenaldia urrian, eta horretarako, askotariko kultur ekimenak antolatu dira

Udalak María Luisa Elío Bernal idazle eta aktore iruindarrari eginen dio omenaldia urrian, eta horretarako, askotariko kultur ekimenak antolatu dira
Poesia, antzerkia, zinema, literatura eta beste jarduera batzuk eginen dira, Kondestable Civivoxean eta Salestarrak zentro komunitarioan
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak omenaldia eginen dio urrian Maria Luisa Elío idazle eta aktore iruindarrari, haren jaiotzaren mendeurrenean; horretarako, kultur programa bat eginen da artistaren ibilbidean eta oraindik bizirik dirauen lanean barna. Erbesteak, memoriak, identitateak, itzulerak eta jaioterriarekiko loturak baldintzatu zuten artistaren jarduna. Zikloak Ehun urte María Luisa Elío jaio zenetik: Iruñeari zuzendutako ondarea izenburua du eta mahai-inguru bat, bi poesia-errezitaldi, bi irakurketa dramatizatu bat barne hartuko ditu, baita solasaldia eta guzti izanen duen zinema-emanaldi bat ere.

Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotziak aurkeztu du programazioa prentsaurrekoan, eta harekin batera izan dira Fátima Frutos idazle eta ikertzailea, Olatz Ovejero Alfonso zinemagile eta ikerlaria eta Aurora Moneo Martínez aktore, zuzendari eta antzerkigilea. Proposamenek diziplina anitzetatik jorratuko dute Elíoren irudia, eta agerian utziko dute haren lanak sortzaile garaikideengan oraindik ere duen eragina. Jarduera horiek guztiak urrian eginen dira, bi toki hauetan: Kondestable Civivoxean eta Txantreako Salestarrak zentro komunitarioko ekitaldi-aretoan. Jarduera guztiak doan izanen dira, 18 urtetik gorakoei zuzenduta daude, eta sarrera librea izanen da leku guztiak bete arte.

Programa urriaren 1ean (osteguna) hasiko da, 19:00etan, Kondestable Civivoxean: María Luisa Elío: Iruñeari zuzendutako ondarea mahai-inguruak emanen dio hasiera. Fátima Frutos idazle eta ikertzaileak, Inma Biurrun poetak eta Patxi Irurzun idazleak parte hartuko dute, Jesús Barkos kazetariak koordinatuta. Topaketan Elíoren lanak oraindik duen garrantzia aztertuko da, baita egungo adierazpen artistikoetan izan duen eragina ere, eta oinarri hartuko dira nostalgia, oroitzapena, lurrarekiko maitasuna, itzulera, erbestearen zauria eta denboraren joana.

Urriaren 11n, igandea, 11:00etan, María Luisa BERTSOTAN errezitaldia eginen da Kondestable Civivoxean; urriaren 20an, asteartea, 19:00etan, jarduera hori bera eginen da Salestarrak zentro komunitarioko ekitaldi-aretoan. Inma Biurrun, Mikel Sanz Tirapu, Itziar Ancín eta Tasús Burguete Lacallek, Lisett D. Páez Cubak koordinatuta, migrazioarekin, deserrotzearekin, identitatearekin eta ezinezko itzulerarekin lotutako esperientzietara hurbilduko dituzte ikus-entzuleak. Jardueran NUPeko Poesia-klubeko kideek parte hartuko dute.

Urriaren 15ean (osteguna) eta 24an (larunbata), 19:00etan, Y volver, volver, volver irakurketa dramatizatuaren txanda izanen da, Kondestable Civivoxean eta Txantreako zentroko ekitaldi-aretoan, hurrenez hurren. Lore More konpainiaren proposamenak, Maialen Día, Emi Ecay eta Aurora Moneoren eskutik, Tiempo de llorar (Negar egiteko garaia) lana du abiapuntu, eta gai hau izanen du hizpide: Iruñera itzuli eta jada atzean utzi zuen hiri hori ez izatearen esperientzia. Memoria, nostalgia, erbestea eta itzultzeko nahia uztartzen dira Erriberriko Antzerki Jaialdiaren XXV. edizioaren barruan egindako lan-egonaldi batetik sortutako proposamenean; gainera, jaialdiaren edizio horretan Aurora Moneok eta Carmelo Gómezek parte hartu zuten.

Azkenik, urriaren 18an, igandea, 10:30ean, Kondestable Civivoxean En el balcón vacío (Hutsik dagoen balkoian;Jomí García Ascot, Mexiko, 1962) filma proiektatuko da Kontakizunetik kanpo geratzen dena: María Luisa Elío eta ‘En el balcón vacío’ jardueraren barruan. Olatz Ovejero Alfonso zinemagile eta ikertzaileak zuzenduko du saioa: Olatzek sarrera bat eginen du, eta ondoren, solasaldi bat eginen da Elíok filmean izan zuen parte-hartzeari eta autoretza zinematografikoaren eraikuntzari buruz. Filma Luis Alberto Juárez Pinedak 2025ean 2K-n egindako bertsio zaharberrituan proiektatuko da: Elías Querejeta Zinema Eskolan egin zuen lan hori, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin eta UNAM Filmotekarekin lankidetzan. Jarduerak, halaber, aukera emanen du aztertzeko nola ekarpen artistiko jakin batzuk partzialki jasota geratzen ahal diren kontakizun ofizialetan, eta zer-nolako garrantzia duten ahozko memoriak, testigantzek eta sare pertsonal eta sortzaileek aztarna horiek berreskuratze aldera.

Omenaldia hiriarekin lotura duen pertsona bati
María Luisa Elío Bernal (Iruña, 1926 - Mexiko, 2009) idazlea, gidoilaria, aktorea eta kultur eragilea izan zen. Iruñean jaio zen 1926an, eta Mexikora erbesteratu behar izan zen Gerra Zibilaren ondoren. Cien años de soledad eleberria irakurri zuen lehenengo pertsona izan zen, eta Gabriel García Márquezek eskaintza egiten dio liburu horretan. Zinemaren esparruan, Jomí García Ascoten En el balcón vacío (1962) filmaren gidoian parte hartu zuen: errepublikarren erbestearen inguruko zinemaren funtsezko lana da.

Bere ibilbide literarioak lotura estua du ‘Itzuleraren literatura’ delakoarekin, batez ere Tiempo de llorar obraren bitartez, non Iruñera itzulera jorratzen duen, hiritik alde egin eta hogeita hamar urtera. 2025ean Tiempo de llorar y otros relatos. Obras completas argitaratu zen eta horrek Elíoren literatura-ekoizpena berreskuratzen eta hedatzen lagundu du.

Programa horren bidez, Iruñeko Udalak María Luisa Elíoren irudia eta lana aldarrikatu nahi ditu, eta herritarrek haren ondareari buruz gehiago jakitea du helburu. Elíok harreman afektibo estua izan zuen Iruñearekin bere bizitza osoan zehar, hiria bere oroimenean eta lanetan presente egon baitzen. Jaio zenetik mende bat igaro da eta, horren harira, Udalak harreman hori berreskuratu nahi du idazleak, poetak, arte eszenikoetako profesionalak eta ikertzaileak biltzen dituen programazio baten bidez, interpretazio berriak sortzen jarraitzen duen artista bat publikoari hurbiltzeko..


'EHUN URTE MARÍA LUISA ELÍO JAIO ZENETIK: IRUÑEARI ZUZENDUTAKO ONDAREA'

  • Mahai-ingurua: María Luisa Elío: Iruñeari zuzendutako ondarea. 

    • Urriak 1, 19:00. Kondestable Civivoxa.

  • Errezitaldia: María Luisa BERTSOTAN

    • Urriak 11, 11:00. Kondestable Civivoxa.

    • Urriak 20, 19:00. Salestarrak zentro komunitarioko ekitaldi-aretoa.

  • Irakurketa dramatizatua: Y volver, volver, volver

    • Urriak 15, 19:00. Kondestable Civivoxa.

    • Urriak 24, 19:00. Salestarrak zentro komunitarioko ekitaldi-aretoa.

  • Proiekzioa eta solasaldia: Kontakizunetik kanpo geratzen dena: María Luisa Elío eta ‘En el balcon vacío’

    • Urriak 18, 10:30. Kondestable Civivoxa. 

Jarduera guztiak doan dira, 18 urtetik gorakoei zuzenduta daude, eta sarrera librea da leku guztiak bete arte.

¿Te ha sido útil esta página?