Udalak deialdi publikoa eginen du, lehia librearen bidez, elkarte eta kolektiboei zentro komunitarioetako guneen erabilpena esleitzeko

Udalak deialdi publikoa eginen du, lehia librearen bidez, elkarte eta kolektiboei zentro komunitarioetako guneen erabilpena esleitzeko
Datorren urtean Zentro – Elkarlaneko gunea Plazara zentro komunitariora lekualdatuko da, egun Kondestablen duen egoitzatik
plazara


Abuztuan sartu zen indarrean Zentro komunitarioak arautzen dituen Ordenantza. Horretan zentro komunitario horien sarbide eta erabilerarako baldintzak ezartzen dira, "Udalak auzotarrek erabiltzeko dituen lokalak baitira, irekiak, erabilera anitzekoak eta integratzaileak". Ordenantza berri honen babespean, Iruñeko Udalak deialdi publikoa eginen du, lehia librearen bidez, betebeharrak betetzen dituzten elkarte eta kolektiboei zuzenduta, zentro komunitarioetako guneen erabilera esleitzeko.
 

María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak aurkeztu ditu lehiaketa-deialdirako eta -ebazpenerako ezarri diren prozedura eta irizpide berriak. Horrela, auzoetako zentro komunitarioetan entitate egonkor gisa erabilpen-baimenak jasotzeko prozedura ireki nahi da, non elkarte eta kolektibo interesdunek parte hartzeko aukera izanen baitute. Entitate erabiltzaile egonkortzat hartuta izatea ezinbesteko betebeharra izanen da Udalarekin zentro komunitario baten erabiltzaile esleipendun gisa hitzarmena sinatzeko.
 

Irizpide berriek honako premisa hau dute abiapuntu: zentro komunitarioetako guneen lagapena lehia libre, berdintasun, publikotasun eta gardentasuneko printzipioen babesean egin behar da. Horrez gain, elkarte-ehuna, herritarren partaidetza eta ondasun publikoen zainketaren ardurakidetasuna ere bultzatzen dira. Horregatik deialdi publikoen aldeko apustua egiten da, baliabide publikoak eskuratzeko berdintasuna eta aldeen berme juridikoak bermatuko baitituzte. Zentro komunitarioetako guneen erabilpena eskatzeko agiri eta formulario guztiak Udalaren www.pamplona.es webgunean argitaratuko dira, eta Udalaren Elkarteen Erregistroan dauden entitateei igorriko zaizkie behin deialdia irekita.
 

Azken hilotan Iruñeko Udalak bilerak izan ditu elkarte-ehunarekin zentro komunitario guztietan, guneen erabilera-emakidarako ezarriko diren irizpide berriak jakitera emateko. Halaber, elkarte, entitate eta kolektiboekin hasiko da lanean, zentro guztietan neurri amankomunak ezarriko dituen barne-araudia garatze aldera. Zentro komunitarioetan sartzeko sistema berriak ere aztertzen ari dira elkarteak jarduera zein eraikinetan egin eta hor bere kabuz sar daitezen.
 

Gune bat era egonkorrean erabiltzeko eskaera-prozedura

Prozedurari deialdiaren iragarpen publikoak emanen dio hasiera, bai Iruñeko Udalaren Egoitza Elektronikoan bai egokitzat jotzen diren horrenbeste bideetan. Zentro publiko bakoitzean lagatzen ahalko diren guneen kokapena eta azalera zehaztuko dira deialdi-iragarkian. Deialdi hau abenduaren erdialdera has liteke, bi hilabete inguruko epean entitate interesdunek eskabidea aurkez dezaten. Eskabideari atxiki beharko dizkiote bai bertan egin nahi diren jardueren proiektua bai eskatuko zaizkien agiriak.
 

Guneak lagatzeko deialdietan irabazi-asmorik gabeko entitate, elkarte eta taldeek hartzen ahalko dute parte, horrela eskatuz gero. Horrez gain, estatutuetan islatutako helburuetan jaso beharko dira herritarren partaidetza edo komunitate-garapena bultzatzea, edo bideratu beharko dira auzo-esparruan bizi-kalitatea hobetzera edo komunitaterako onuragarriak diren gizarte intereseko xedeak lortzera; halaber, elkartegintza garatzea sare sozio-kulturalak zein prestakuntza-, informazio-, hezkuntza-, kirol- eta jolas-arlokoak sortzeari begira, bizitza publikoa dinamizatzeko, herritarren partaidetza bultzatzeko eta Iruñeko auzoetan komunitate-garapena bultzatzeko; edo auzoetan elkarrekin bizi diren pertsona eta kolektiboen interes zehatzen eta beharren ikuspegitik jarduerak sortzea.
 

Aurkeztutako eskaerek dagokien balioespena jasoko dute. Beharrezkotzat joz gero, gizarte-txostenak edo teknikoak eskatzen ahalko dira, proiektuak egokiroago baloratzeko. Gune beraren inguruan lehiarik egonez gero, lizentzia-emakida lehentasunezko erabilerarako irizpideen arabera eginen da, honako hurrenkera honetan: gunea jarduera egiteko egokia izatea; jardueraren eragin soziala (xede-publikoa); auzo inguruan errotuta egotea; jarduera egiteko beste lekurik ez egotea, eta garatzen diren jarduerak irekiak, doakoak eta inklusiboak izatea. Azkenik, bi jardueren arteko berdinketarik gertatuz gero, erabilera-eskabidearen sarrera-data hartuko da kontuan.  Alderdi horiek guztiak aintzat hartuta, Udalaren zentro komunitario bateko gunearen entitate erabiltzaile egonkorrarendako erabilera-lizentzia Iruñeko Udalaren Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko Alorreko zinegotziak emanen du.
 

Zentro komunitario bakoitzean gunea era egonkorrean erabiltzea egokitu zaien entitate esleipendunek orduan sinatuko dute Iruñeko Udalarekiko lankidetza-hitzarmena, non bertatik datozen betebehar eta eskubideak bilduko baitira. Edozein zalantza argitzeko, deialdietan parte hartu nahi duten entitateak Iruñeko Udalaren Komunitate Ekintzako Unitatearekin jartzen ahalko dira harremanetan, Zapatería kaleko 40an.
 

Zentroren lekualdatzea Plazara zentro komunitariora

Egun Kondestablearen jauregiko bigarren solairuan dago Zentro – Elkarlaneko gunea, eta datorren urtean, Plazara zentro komunitariora lekualdatzea aurreikusi da, Redín eta Cruzatarren jauregira (hau ere, Kale Nagusian). Zentro komunitarioak erabiltzeko deialdi publikoan lehiatuko diren elkarteekin hitzarmenak sinatzean gauzatuko da lekualdatzea.
 

Zentro 2016ko urrian abiatu zen, 2017ko apirila arte Kondestableko ateak ireki ez bazituen ere. Herritarrei, elkarte eta kolektiboei, Udaleko eta beste administrazio publikoetako politikariei eta teknikariei, eta arlo sozio-komunitarioko (hezkuntza, kultura, osasuna edo ingurumena) langileei zuzendutako jarduera- eta zerbitzu- gunea da. Egun honako areto ezberdindu hauek dauzka: argibide-gunea, liburutegia eta dokumentazio-zentroa, administrazioa eta aholkularitza, eta bilera- eta prestakuntza-aretoak.
 

Hona Zentro – Elkarlaneko gunearen jendaurreko ordutegia: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
 

Zentro komunitarioen zerrenda

  • Milagrosako Zentro Komunitarioa – Ilargienea. Blas de Laserna k., 61, behea
  • Arrotxapeko zentro komunitarioak.
    • La Carbonilla (Arrotxapea). Marcelo Celayeta etorbidea, 51
    • Lokalak. Joaquín Beunza k., 33
  • Sanduzelaiko zentro komunitarioak.
    • Sanduzelai k. 11, behea
    • Sanduzelai k. 1, behea –Gridillas txaleta–
    • Karrikagune. Labayen doktorearen k. 17
    • Sandua pasealekua, 48 – 50
  • Lezkairuko Zentro Komunitarioa. Tellaiturri k., E-F (Lezkairu, 1 F, behea)
  • Plazara – Zentro Komunitarioa (Alde Zaharra)
  • Salestarrak Zentro Komunitarioa (Txantrea). Iruñerria k., 24
  • Mendillorriko zentro komunitarioak.
    • Mendillorriko Zentro Komunitarioa. Ardatz Kontzejuaren kalea, 4
    • Antzara Zentro Komunitarioa. Sarriguren kontzejuaren k., z.g.
  • Buztintxuriko Zentro Komunitarioa
    • Iparra. Gipuzkoako etorbidea, E lursaila
    • Hegoa. Santa Luzia pasealekua, 60, behea
  • Etxabakoitzeko Zentro Komunitarioa. Urdánoz multzoa, 1, eta Urdánoz multzoa, 4
  • Ermitagañako Zentro Komunitarioa
    • Ermitagañako k., 30 – 32
    • Bartolomé de Carranza kalea, 52, behea

 

¿Te ha sido útil esta página?