
Iruñeko Udalak ingurumen-boluntariotzako jardunaldi bat antolatu du urriaren 19an (larunbata) Arga ibaian, Next Generation EU Europako funtsen bidez finantzatutako proposamen multzo bat biltzen duen RUNA 2025 proiektuaren barruan. Programaren ekintzen artean, hondakinak garbitzeko jarduerez gain, flora inbaditzailea kontrolatu eta desagerraraztekoak, ibaietako uraren kalitatea neurtzekoak eta eskolako patioak birnaturalizatzeko ekintzak ere eginen dira.
Kasu honetan, udalak herritar guztiei dei egiten die sentsibilizazio-ekintza horretan parte har dezaten, hondakin plastikoek ibaietan eragiten duten kutsaduraz, ingurunea zaintzeko beharraz, ibaiertzak garbi mantentzeko beharraz sentsibilizatzeko eta ibai-ekosistemen balioaz hausnartzeko. Eta, jakina, ingurumen-kontzientzia hori praktikan jartzera, taldeka antolatutako eta teknikariek bideratutako garbiketa-jardunaldi batean parte hartuz. Goizean zehar, gamifikazio proposamenak eta musikaz lagundutakoak izanen dira.
Jardunaldian parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago dagoeneko, eta 010 Herritarrendako Arreta Telefonoaren bidez egin daiteke (948 420 100 Iruñeaz kanpotik edo mugikorrez deituz gero). Gehienez ere 105 lagunek parte hartzen ahalko dute jardunaldian. Boluntariotzako jardunaldi hori Jasangarritasun Eskolaren jardueren barnean dago eta urriaren 19an eginen da, 10:30etik 13:30era. Futbol-estadioaren aurreko aparkalekuko pasabidean izanen da hitzordua. Iaz, 40 lagunek antzeko ekintza bat egin zuten garaitsu honetan, eta 40 kilo zabor bildu zituzten, batez beste kilo bat pertsonako, oro har plastikoak eta paper-zapiak, bai eta tamaina handiko beste bi hondakin ere.
RUNA 2025 proiektuak 2,7 milioi euro lortu ditu Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) Biodibertsitate Fundazioaren laguntzen deialdian, Europar Batasunak eta Next Generation EU funtsek finantzatutako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. Proiektuko jarduerak Udalak diseinatu eta Iruña 2030 Hiri Agendan sartuta dagoen Iruñeko Ibaien Ibai Plangintzako Ereduaren barruan sartuta daude.
Lana gamifikatzea gehiago ikasteko
Bateratze-lana egiteko hitzalditxo baten ondoren, boluntario-talde bakoitza, dinamizatzaile batek lagunduta, garbiketa egiteko esleitutako eremura joanen da. Jarduera egin bitartean, erronka txikiak eginen dituzte taldeka, hala nola eguneko hondakinik arraroena aurkitzea. Horrez gain, antzezle bikote bat (Kili Kili) lantaldez lantalde ibiliko da, ekologiarekin eta ingurumenaren zaintzarekin zerikusia duten egoerak umorez antzezten. Gainera, jardunaldian zehar, Reimy DJak, bere triziklo eta soinu- eta garraio-sistema berezi eta autonomoak hartuta, boluntarioekin batera ibiliko da eguna soinuz girotzen eta hondakinen garraioan laguntzen.
13:00ak aldera, azken bilketa eginen da eta hondakinak sailkatuko dira. Talde guztiak bildu dituzten hondakinak hartu eta elkargunera itzuliko dira Han poltsak hustu eta hondakinak bereiziko dituzte: latak, beira, tamaina handiko hondakinak eta toxiko eta arriskutsuak izaten ahal diren hondakinak. Une horretan, aurkitutako hondakinei buruzko hausnarketa eginen da, baita zaborrak ekosisteman duen eraginari buruzkoa ere. Goiza amaitzeko, hamaiketakoa eginen da, antolatzaileek ekarrita, eta antzerki-animazioko performance bat eta talde-argazki bat ere eginen dira.
Iruñeko Udalak brigadak osatzen dituztenei oinetako eta arropa erosoak eramatea gomendatzen die, eta etxetik plastikozko eskularruak ekartzea, berrerabilgarriak badira hobe. Antolakuntzak matxardak, txaleko islatzaileak eta zabor-poltsak jarriko ditu parte hartzen dutenen eskura.
INGURUMEN-BOLUNTARIOTZA ARGA IBAIAN. PROGRAMA
10:30. Harrera eta Erregistratzea
- Ongietorria eta informazio-hitzaldi elebiduna euskaraz eta gaztelaniaz. Jardunaldiaren xedea, segurtasun-jarraibideak eta zaborrak behar bezala jasotzeko eta sailkatzeko jarraibideak landuko dira hitzaldian
11:00 | Garbiketa-lanak
- Boluntario-talde bakoitza garbitzeko esleitu zaion eremura joanen da.
- Jarduerak irauten duen bitartean, dinamika edo erronka txikiak eginen dituzte bi antzezleren laguntzarekin. Antzezle horiek lantaldez lantalde ibiliko dira, eta ekologiarekin eta ingurumenaren zaintzarekin lotutako egoerak antzeztuko dituzte umorez.
- Reimy DJa, bere triziklo eta soinu- eta garraio-sistema berezi eta autonomoak hartuta, boluntarioekin batera ibiliko da, eguna soinuz girotzen eta hondakinen garraioan laguntzen.
13:00 | Azken bilketa eta Hondakinen Sailkapena
- Poltsak hustu eta hondakinak sailkatzearekin batera, aurkitutakoari buruzko balorazioa eginen dute eta zaborrak ekosisteman duen eraginarena.
13:30 | Ekitaldiaren amaiera
- Bazkaria, antzerki-taldearen performance berezi batez girotuta, eta talde-argazkia.