Udalak datorren ikasturtean berriz eramanen du ingurumen-jasangarritasunari buruzko hezkuntza ikastetxeetara, eskola-baratzeen bidez

Udalak datorren ikasturtean berriz eramanen du ingurumen-jasangarritasunari buruzko hezkuntza ikastetxeetara, eskola-baratzeen bidez
Parte hartu nahi duten Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek izena eman dezakete maiatzaren 14ra arte

 

 

Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako lantaldeak datorren ikasturtean hiriburuko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei eskainiko die, bosgarren urtez segidan, ‘eskola-baratzeen’ programan parte hartzeko aukera, zeinetan ikasleek jasangarritasunaren inguruko prestakuntza jasotzen baituten, teoria eta zentroan bertan egiten den praktika uztartuz. Horrela, ikasgelako jardueren osagarri, baratze ekologiko bat abiatuko da ikastetxeko instalazioetan eta ikasleek irakasleekin batera, urte osoan mantendu beharko dute ingurumen hezkuntzako lantaldearen aholkularitzarekin. Programa horretan parte hartu nahi duten ikastetxeek educacionambiental@pamplona.es helbide elektronikora eskaerak bidali ditzakete maiatzaren 14ra bitarte.

‘Eskola-baratzeak’ programaren helburu nagusia ingurumen hezkuntza txiki-txikitatik ikasgelara eramatea da, gizarte jasangarriago baten alde aurrera egin ahal izateko haurrengan aldaketa indibidual eta kolektiboak eragiteko. Horrela, eta ikastetxeetan bertan kokatutako baratzeetan haiek beraiek izandako esperientzia eta bizipenen bidez, ikaskuntza esanguratsua errazten da, eta ikasleek esperientzia eta balio etikoak, giza balioak, ingurumenekoak edo osasungarriak partekatzea lortzen da. Elikadura osasungarria eta hurbilekoa sustatzea ere lortzen da. Programa honen berezitasunei esker askotariko ezagutzak ikasteko ikasgela bat eskaintzen da eta hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea sustatzen da, eta aldi berean, eskolako patioak, bereziki, eta hiria, oro har, atseginago egin eta naturalizatzen dira.

“Eskola-baratzeak” programa garatzeko Iruñeko Udaleko ingurumen hezkuntzako lantaldeak uneoro laguntza ematen dio parte hartzen duen ikastetxeari eta ‘Ikasgelatik baratzera’ unitate didaktikoa ematen dio, zeina http://educacionambiental.pamplona.es/webgunean eskuragarri baitago, gaztelaniaz zein euskaraz. Horrez gain, “Baratze-saskia” izeneko materialak eskaintzen ditu mailegu gisa, baratzearen inguruko jolas eta proposamenekin. Teknikariek egiteko garrantzitsua izanen dute jardueraren hasieran proiektua sustatu eta haren inguruan garatzen diren ekintzetan lagunduko baitute. Programan aurrera egin ahala, laguntza hori murriztuko da eta ikastetxe bakoitzeko talde eragileak hartuko du lema. Iruñeko Udaleko Lorategietako Zerbitzuak parte hartzen duten ikastetxeei baratzea abiatzeko beharrezkoa den lurra emanen die, eta ikastetxea bera arduratuko da baratzea sortu edo/eta hobetzeaz.

Bi urteko prestakuntza, ikasgelan zein baratzean bertan

‘Eskola baratzeak’ hezkuntza proiektua elkar osatzen duten bi zutabetan oinarritzen da: landa-lana eta ikasgelako jarduerak. Horrela, alde batetik, ikasleek beren baratze ekologikoa abiatuko dute hezkuntza-komunitate osoaren laguntzarekin. Irakasleek, ikastetxeko langileek eta familiek modu aktiboan laguntzen dute prozesuan, planteamendua baratze bat abiatzetik haratago joatea eraginez eta partaidetza eta lankidetza balioak emanez. Bestalde, lana ez da soilik kanpoan gelditzen, eta ikasgelara ere eramaten da, curriculumean txertatuz baratzearekin lotuta egin daitezkeen diziplina anitzeko jarduera didaktiko askotarikoak. Proposatutako unitate didaktikoan arrakastaz garatzen diren puntuak eskola-curriculumean txertatuko dira, eta ikasturtero, jarduera garatu ondoren, puntuak ebaluatu eta hobetzeko proposamenak eginen dira.

Ibilbide luzeko proiektu bat da, eta ikastetxeak bi ikasturtez jarraian parte hartzea dakar. Lehenengoan programan parte hartuko duten irakasleen prestakuntza eginen da, eta ikastetxeko gela ezberdinekin lantegiak eginen dira ikasleak motibatu eta gaiak curriculumean errazago txertatzeko. Ikastetxeak ez badu baratzerik, ikasturte horretan sortuko da, eta talde eragile bat eratuko da ikastetxeko zuzendaritza-taldeak eta hezkuntza-etapa bakoitzeko irakasleen ordezkariek osatua.

Lehengo urtetik aurrera, ikastetxeak beren ‘Baratzearen eguna’ ospatuko du, eta Iruñeko Udalaren Ingurumen Hezkuntzako lantaldeak antolatzen duen Iruñeko eskola-baratzeen topaketan parte hartuko du. Bigarren ikasturtean irakasle berriendako prestakuntza prozesuak ireki eta proiektuaren jarraipenerako bilerak eginen dira. Hirugarren urtetik aitzina, ikastetxeek segituko dute Iruñeko baratze ekologikoen sareko kideak izaten, eta horrek bidea emanen die aldian behin baratzeko jarduerei buruzko informazioa jasotzeko eta esperientziak zein sor litezkeen beste ekimen batzuk elkarri trukatzeko xedez egiten diren eskola-baratzeen topaketetan parte hartzeko.

‘Eskola-baratzeen’ bosgarren ikasturtea Iruñeko ikastetxeetan

Iruñeko Udalak 2017-2018ko ikasturtean ekin zion eskola-baratze ekologikoen programari, Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako bi ikastetxek parte hartu zuten proiektu pilotu baten bidez. Orduz geroztik, ikasturtero (honetan izan ezik, deialdia bertan behera utzi baitzen pandemiagatik), ikastetxe gehiago sartu dira, hiriko eskola-baratze ekologikoen sarea indartuz eta esperientziak gehituz gainerako ikastetxeei. Gaur egunera arte, Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako bederatzi ikastetxek hartu dute parte eskola-baratze ekologikoen programan.

‘Eskola-baratzeak’ ekimena Iruñeko Udalak garatutako ‘Go Green Iruña’ proiektuaren barruan kokatzen da, zeinak barne hartzen baititu hirian garatzen ari diren edo garatuko diren klima-aldaketaren kontrako ekimen guztiak, eta datozen urteetako jarduketa-ildoak zehaztuko baititu.

¿Te ha sido útil esta página?