Iruñeko Udalak ‘Sanitas Mayores El Mirador’ zahar-etxea gune seguru batez hornitu du bide publikoan, bertan bizi direnak kalera paseatzera edo deskantsatzera atera daitezen, beren ingurutik kanpo daudenekin kontaktuan egon gabe. Hirian sistema hori zuten beste hiru kasuekin gertatu den moduan – ‘Padre Menni’, ‘La Vaguada’ eta ‘Solera Urban’ zahar-etxeetan- prestatutako gunea zentroaren inguruetan dago, eta horrek neurria eraginkorra bihurtzen du, gunerako joan-etorriak ahalik eta laburrenak izatea ahalbidetuz. Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko Alorra baliabide hori eskatzen duten zahar-etxe guztiekin lan egiteko prest agertu da.
Gune seguru berria Arrotxapeko Errotazar kalean dago, Marcelo Celayeta etorbideko 144. zenbakian dagoen ‘Sanitas Mayores El Mirador’ zahar-etxetik oso gertu. Zentroak eskaera egin ondoren, abenduaren 31n bertan eremuan gune bat zedarritu zen, jardinerez, eta orain hiri-altzari gehiagoz osatu da, egoiliarrek bide publikoan paseatzen edo deskantsatzen ematen duten denboran, bakarrik haiek sartu ahal daitezen gunera.
Helburua: zahar-etxeetako egoiliarrak hiriko bizitzan inolako arriskurik gabe inplikatzea
Ekimen honen xedea da zahar-etxeetan bizi diren adinekoak hiriko bizitzan engaiatzea, zaintzaileez beste inorekin kontaktuan jarri beharrik gabe. Parke eta kaleetan hiri-altzariak erabiliz, zentroen hurbileko eremu irisgarriak zedarritu dira, nahi duten erabiltzaileek paseatu edo atseden har dezaten.
Udala eta egoitzen arteko elkarlana, ekimen hori martxan jartzeko, honetan datza: lehenengoak eremuak mugatu eta bide publikoko alde hori erabiltzeko erreserba baimentzen du, eta zentroak eremu hori kudeatzeaz arduratzen dira irteerek irauten duten bitartean. Horrela, eta zaharrak kalean dauden bitartean beraiekin sortutako barne-burbuila mantentze aldera, Udalak konpromisoa hartu du eremu horien erabilera soilik egoitzei uzteko eskatzen duten momentuetan. Emandako konponbideak alda daitezke egoitza bakoitzaren ezaugarrien arabera eta inguruetan gune egokirik dagoen kontuan hartuta.
Gune horien ekimena duela hilabete batzuk abiatu zen, Nafarroako Gobernuko Unitate Soziosanitarioaren eta Nafarroako egoitzen arteko bileratik, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren laguntzarekin. Ekimena eremu seguruen beharra antzematearen ondorioz sortu zen, COVID-19aren pandemiak bereziki zigortu duen adin-tarte honen eguneroko bizitza normalizatzeko aukera ematen baitute.