Udalak Bernardino Tirapu kaleko bidegorria bukatu eta beste hainbat jarduketa eginen ditu Arrotxapeko eremu horretan mugikortasuna hobetze aldera

Udalak Bernardino Tirapu kaleko bidegorria bukatu eta beste hainbat jarduketa eginen ditu Arrotxapeko eremu horretan mugikortasuna hobetze aldera
Oinezkoendako pasabide berri bat eraikiko da Orontze kaleko bidegurutzetik Anelier pasealekura, eta La Compasión - Escolapios ikastetxearen ondoan dagoena handituko da

 

 

Iruñeko Udalak Arrotxapeko Bernardino Tirapu kaleko bidegorriaren trazadura osatuko du, hala, kale guztia igarotzen duen ibilbidea amaitzeko, auzoa bizikletaz ibiltzeko ipar-hego ardatz batekin egituratuz hiriaren erdigunetik udal-mugartearen mugaraino. Gainera, dagoen bidegorriaren hobekuntza aprobetxaturik Orontze kalearen eta Anelier pasealekuaren artean oinezkoendako beste pasabide bat eginen da, auzoko bizilagunek asko eskatu dutena.

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du hirian mugikortasuna hobetzeko obra horren kontratua. Aurrekontuak 161.736 euro jotzen du eta Urbanismo Táctico Pamplona ABEEak gauzatuko du, Iruñeko Udalak obra mota horiek gauzatzeko onetsitako esparru-akordioaren bitartez. Lanak irailaren hasieran abiatuko dira, eta bi hilabete baino gutxiago iraunen dute. Lan horien azken helburua Bernardino Tirapu kalean ziklisten, oinezkoen eta Iruñerriko Hiri Garraioaren baldintzak hobetzea eta zirkulazioa baretzea da. Proiektu hau GoGreen Estrategiaren barruan kokatzen da, hiriak klima-aldaketaren kontra borrokatzeko egiten dituen jarduketa guztiak barne hartzen dituena.

Egun, bidegorria Marcelo Celayeta etorbidearen bidegurutzean bukatzen da. Jarduketa honen bidez, trazadura Armendáriz Erregeordearen plazaraino zabalduko da, zeina udal mugartearen muga baita. Laster, puntu horretan Eurovelo 1 izeneko nazioarteko bizikleta-ibilbideari elkartuko zaio, horrela, Iruñerako sarrera egokituz. Bi noranzkoko bidegorri berri bat ezarriko da neurri estandarrekin (2,50 metro gehi 0,90 edo 0,50 metroko babesa, baldin eta ondoan aparkalekua dagoen ala ez), iparreko noranzkoan eskuin aldetik igaroko dena. Trazadura berriak berekin ekarriko du Marcelo Celayeta eta Sueca Hiriaren kaleen arteko tartean zeuden erreietako bat desagertzea eta baterian aparkatzeko tokiak luzetara aparkatzeko toki bilakatzea.

Otsagabia kalearen eta Marcelo Celayeta etorbidearen arteko bidegorri-tartean dagoen erreiaren zabalera handituko da neurri estandarretara egokitu arte, egun 2 metroko zabalera eta babes-banda eskasa baititu, eta horrela tarte horretan dagoen segurtasuna nabarmen hobetuko da. Babes-bandetan egun Iruñeko gainontzeko bidegorrietan jartzen ari diren elementuak instalatuko dira. Halaber, Otsagabia, Raimundo Lanas, Marcelo Celayeta, Toda Aznárez, Sueca Hiriaren, Tiburcio Redín eta Ximénez de Rada kaleetako eta Plazaolaren zeharkaleko txirrindulariendako bidegurutzeak gorriz margotuko dira, hartara segurtasun-baldintzak indartuz.

Oinezkoendako pasabide berria Anelier pasealekura heltzeko eta hobekuntzak ikastetxearen ondoko pasabidean

Jarduketaren berrikuntza nagusietako bat Orontze kalearen bidegurutzearen eta Anelier pasealekuaren artean eraikiko den oinezkoendako pasabide berria da. Horrela auzoaren eskari bat asetuko da, eta segurtasuna emanen dio horretarako egokituta egon ez arren, Anelierrerako ibilbidea murrizten duen eremu batetik gurutzatzeko ohitura finkatuari. Oinezkoendako pasabide berri honek eskatuko du, alde batetik, Bernardino Tirapu kaleko tarte batean ezkerreko espaloia handitzea, iparreko noranzkoan, eta bestetik, oinezkoendako aterpe bat eraikitzea erdiko erdibitzailean. Halaber, iparreko noranzkoko ezkerreko ertzeko galtzada igoko da erdibitzailean dagoen kota-aldea murrizteko.

La Compasión-Escolapios ikastetxearen ondoko oinezkoen pasabidea ere zabalduko da Maiteminduen pasealekuaren bi aldeetako joan-etorriak zuzenagoak egiteko helburuz. Gainera, ezkerraldeko ibia aparkaleku-lerroraino zabalduko da, eta semaforo-zutabeak posizio berrietara atzera eramanen dira. Azkenik, bidegorriaren handitzeak edo eraikuntza berri horrek eragiten dien oinezkoen egungo pasabideak aurreratu eginen dira aparkaleku-lerro berriraino.

Hobekuntzak ere Iruñerriko hiri garraioaren geralekuetan

Halaber, villavesetara sartzeko plataforma berriak eraikiko dira bidegorria duen Bernardino Tirapu kaleko aldean dauden Iruñerriko hiri garraioaren hiru geralekuetan. Plataforma horiei esker, villavesa zirkulazio-erreian bertan geratuko da, horrek dakartzan abantailekin eragiten dien lineen abiadura komertziala handitzeari eta gainontzeko trafikoaren abiaduraren murrizteari lotuta. Marcelo Celayetako bidegurutzea zeharkatu ondoren dagoen geralekuari dagokionez, metro batzuk iparralderago aurreratuko da, espaloi berean, eta egungo geralekua zamalanetarako gune bat izanen da Jarduketa horiek berekin ekarriko dute euri-urak biltzeko sistema berriak eraikitzea beharrezkoa den puntuetan.

Dagoen bidegorriaren zabalera handitzeak, bidegorri berria eraikitzeak, oinezkoen pasabide berriak eta Iruñerriko hiri garraioko geralekuetako aldaketek ibilgailu motordunendako erreien zabalera murriztea ekarriko dute, eta hortaz, Bernardino Tirapu kaletik igarotzen diren ibilgailuen abiadura ere.

¿Te ha sido útil esta página?