Udalak berdegune, oinezkoendako itxarote-leku edo auzotarrek erabiltzeko gune bihurtuko ditu oinezkoen pasabideen aurreko guneak

Udalak berdegune, oinezkoendako itxarote-leku edo auzotarrek erabiltzeko gune bihurtuko ditu oinezkoen pasabideen aurreko guneak
Aurkeztutako ideiak –galtzadan pinturaz margotzea– arrakastaz probatu dira Portland eta New Yorken, besteak beste
Fitxategi
Nuevos pasos de cebra


 

Berdeguneak handitzea, oinezkoei toki gehiago ematea eta, hortaz, haien segurtasuna areagotzea edo atseden hartzeko zein auzoetako pertsonekin egoteko gune berriak; horiexek dira Iruñeko Udalak aurreikusi dituen jarduketetako batzuk Mugikortasuneko Ordenantza berriak ezartzen duenari esker libre geratu diren esparruetarako. Ordenantza horrek, galtzada zeharkatuko duten ikusgaitasuna bermatze aldera, zera jasotzen du: “oro har, eta oinezkoen segurtasunaren aldeko arau gisa, debeku da oinezkoen pasabide orotara iritsi aurreko 5 metroetan aparkatzea edo geldialdia egitea, zirkulazioaren noranzkoa zein eta horretan”. Ikusgaitasuna oztopatzen duten osagaitzat jotzen dira aparkatuta edo geldituta dauden autoak, hondakin-edukiontziak eta hiri-autobusen geralekuak.
 

Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak eta Maribel Gómez Udaleko Mugikortasuneko arduradunak gaur aurkeztu dituzte prentsaurrekoan, Mugikortasun Batzordeari aurkeztu ostean, abiatuko diren hiri-eredu berriak, zeinak hiri-kalitatea handituko baitute hiriko kaleak atseginagoak ez ezik seguruagoak ere bihurtuz. Azaldu dute galtzadan pintura bidezko irtenbideak aplikatzeko ideiak arrakastaz probatu direla Portland eta New Yorken, besteak beste. Jarduketa-esparruetako bat ikastetxeen inguruak izanen dira; izan ere, tratamendu berezia eginen da bertan, Mugikortasuneko Ordenantzarekin bat datorren “Metroek bizitzak salbatzen dituzte” lelodun kanpainaren bidez.
 

Iruñean 2.627 oinezkoen pasabide daude, eta ordenantza onetsi zenean 1.566k ez zuten arau berria betetzen, ikusgaitasuna oztopatzen zuten osagaiak zituzten-eta. Mugikortasuneko Ordenantza indarrean sartzearekin batera, lehenbiziko esku-hartzeak premiaz egin zituen, Udalak seinaleztapen horizontalerako duen kontratak. Gune horiek baliatu zituzten bertan bizikletak aparkatzeko euskarriak eta motorretarako aparkalekuak paratzeko, betiere gune horietarako arauak ahalbidetzen duenarekin bat: 3 metroko distantzia utzi behar da moto-aparkalekuen kasuan, eta 2koa, bizikleta-euskarrien kasuan.
 

Aparkatzea debeku izatetik oinezkoendako lehentasun-gune izatera

Bizikleta- eta moto-aparkalekuak instalatzeko orain arteko aukera ez ezik beste aukera batzuk ere biltzen ditu gaur aurkeztutako lanak, kalitatea eta hiri-paisaia hobetzeko xedez. Proposatu egiten du osagai berrietan ez dadin gidariendako bide-hizkuntzarik txertatu –”aparkatzea debeku da” eta halakoak–; aldiz, herritarrei oro har zuzendutako mezu bat helarazi nahi da, azalduz gune horietan oinezkoek lehentasuna dutela edo guneak hiriak dituen askotariko berdeguneen sorta aberastera bideratuta daudela. Diseinu berriarekin, aparkalekuei kendu eta oinezkoendako libratutako eremu horiek berreskuratuko dira, baina ez hori bakarrik, pasabidea gurutzatzen duten pertsonek galtzadaren ertzetik zeharkatuko dute, eta ez espaloiaren arrasean; horrela lortuko da, aurreratutako espaloien kasuan bezala, oinezkoak askoz lehenago egon daitezen ikusgai, eta oinezkoek ere garaiz ikus dezaten –zeharkatzen saiatu aurretik– ibilgailurik ote datorren galtzadatik.
 

Oinezkoen pasabide bakoitzeko esku-hartzearen prezioa kasu bakoitzean zer irtenbide aplikatu behar edo nahi den eta horren araberakoa izanen da, eta kalkulatu dute kostua 762 eta 1.890 euro bitartekoa izanen dela (BEZa barne). Hala diseinu guztiak nola balorazio ekonomikoa SUMA Arquitectura enpresak garatu ditu, Mugikortasuneko Zerbitzuko zuzendaritzarekin. Diseinu berriei uda ostean ekitea aurreikusi dute, datozen asteotan gauzatze-proiektua kontratatu ondoren. Lanak lizitatu eta gauzatzeko, Finantziaz bezainbatean Jasangarriak diren Inbertsioen partida bat eduki beharko dute.
 

Bi jarduketa-proposamen eta pasabideen ondoko gune libreetarako zenbait aldaera

Gaur aurkeztutako esku-hartze berriak bi motakoak dira nagusiki: tratamendu berdea edo oinezkoendako gunea. Biak elkarren osagarri gisa aurkeztu dira, eta irtenbide bat edo bestea aukeratzea zenbait alderdiren mende egonen da; aintzat hartuko dira, besteak beste, behar den inbertsioa, inguruan berdegunerik dagoen edo ez, espaloien tamaina, hiri-altzaririk behar den, gertuko pasabideetarako hautatutako irtenbideak edo beheko solairuetako erabilerak.
 

Oinezkoendako azalera handitzeko aukerak proposatzen du liberatutako gunea oinezkoen pasabidean bertan txertatzea, hura zabalduta eta hari jarraipena emanez, “espaloiaurrea” balitz bezala. Horrela, gurutzatuko duen pertsonak ikusgaitasun handiagoa izanen du, eta ibilgailuko gidariak ere errazago ikusiko du, zeharkatzen espaloiaren arrasean hasten bada baino errazago, alegia; horrek nabarmen handitzen du segurtasuna. Irtenbide horrek, halaber, pasabidearen aurreko bost metro horietan erreia pixkanaka estutzea proposatzen du, 3,3 metro zabal jo arte; hori lagungarria da zirkulazioa baretzeko, ibilgailuak tartearen zabalera horretara egokitu behar direnez nahitaez murrizten dutelako abiadura.
 

Orobat, diseinuak aukera emanen du traba-elementuren bat jartzeko, betiere oinezkoen gunean araberako diseinuarekin bat etorrita –hesi bat edo antzeko elementuren bat–, toki jakin batzuetan ibilgailuak igarotzea saihesteko, baina ez oinezkoak igarotzea. Kasu batzuetan, bereziki espaloi estuko kaleetan, hiri-altzariak paratzen ahalko dituzte galtzadari irabazitako tokietan, non lehen aparkatzeko tokiak baitzeuden.
 

Sortzen den eremuak behar besteko tamaina duenean, adibidez baterian aparkatzeko tokiak kentzen direnean, eta bereziki espaloi estuko kaleetan, hiri-altzariak paratzen ahalko dituzte galtzadari irabazi zaizkion eta lehen aparkalekuak ziren guneetan. Eserlekuak edo iturriak paratzen ahalko dituzte, esaterako. Are, gaur egun kokaleku desegokian edo erabilera gutxiko tokietan dauden eserlekuak birkokatzen ahalko lituzkete.
 

Berdegune gehiago eta herritarrendako toki gehiago

Eremu txikiak diren arren, proposamenetan apustu egiten da parterreak eta txorkoak jartzeko –biribilgune eta erdibitzaileetan egiten den bezala– loreak eta zuhaixkak landatzeko edo, posible denean, zuhaitzak txertatzeko. Hartara, berdegune gutxi duten auzo edo kale jakin batzuek haien irudia biziberrituko dute. Kasu horietarako, liberatutako eremuan drainatze-sistema jasangarria instalatzea proposatzen dute, egokitutako espeziak landatzea ahalbidetzeko, ez baitute ureztapenik behar eta ez baitira sobera hazten. Sistema hori txorkoen alternatiba izanen da, baina txorkoak ere erabil litezke zenbait kasutan. Hiria edertu ez ezik, euri-urak drainatzea ere erraztuko du, eta horrek ingurumen-onura gehigarriak ditu: ura iragazki batetik pasa ondoren iristen da euri-uren sarera, eta euri-jasa handiak daudenean gainezkabideak saturatu daitezen ekidinen du.
 

Pasabideen aurreko gunea oinezkoen eremuetara txertatzeko aukerari dagokionez, zeinak galaraziko baitu liberatutako gunea galtzadaren zatitzat jotzea, hautatutako diseinuaren jomuga izanen da gunea oinezkotzat hauteman dadin. Horretarako kolorea erabiliko da, halako moduan non galtzadako beltzaren ordez espaloietako kolore grisaren antzekoa baliatuko baita, nahiz eta kolore argitsuagoren bat erabil litekeen ere. Modu horretan oinezkoek zein gidariek erraz antzemango liokete guneari, oinezko eremu gisa identifikaturik. Halaber, berriro ere koloreaz eta ibilgailuetan zirkulatzen duten pertsonentzat ulergarri izanen diren kodeez, zintarri-gisako lerro zuri batez mugatuko da eremua, eta horren osagarri, bigarren marra zuri bat margotuko da, zirkulazio-erreia mugatzeko bide-markari dagokiona.
 

Halako irtenbideak, bidea emanen dutenak hala Iruñeko berdeguneak handitzeko nola oinezkoendako tokia irabazteko galtzadan pintura-irtenbideen bidez, arrakastaz probatu dira Portland edo New Yorken, besteak beste, baina baita gertuko beste hiri batzuetan, Calahorran kasu. Hiri hori guztietako esperientziek aditzera ematen dute beharrezkoak eta desiragarriak direla zoladura-azalera handituz galtzadari irabazitako oinezkoen guneak osatzen dituzten irtenbideak –aurreratutako espaloiak kasu–, eta halakoak azkarrago eta kostu gutxiagoz gauzatzen ahal dira, eta hein berean areagotzen dute hiri-kalitatea.
 

Iruña “Hiri Hezitzailea”, eskola-inguruetarako ideia bereziak dituena

Proposamenak zenbait aukera proposatzen ditu, hala nola motorren aparkalekuetarako, bizikletak aparkatzeko euskarri-ereduetarako, eta halako aukeren zein bi noranzkoko bide-gorriaren arteko elkarbizitza ahalbidetzeko diseinuak.
 

Oinezkoen pasabideen gainean eskola-inguruetan egindako ikerlan zehatzean, kontuan hartu da aparkatzeko presio handia dagoela ikasleak eskolara sartu eta eskolatik irteten direnean, une horietan arau-huste ugari egin eta arrisku-egoerak gertatzen baitira. Halako egoerak saihesteko 5 metroko distantzia hori handitzea ere proposatu dute. Emandako irtenbidearen arabera, baliteke eskola-inguru horietan jolaserako elementuak eta elementu hezitzaileak diseinatzea, batetik, familiei ohartarazteko oinezkoen guneak errespetatzea garrantzitsua dela, eta, bestetik, haurren autonomia erraztu eta haien segurtasuna bermatzeko. Gune horietarako hauexek lirateke azken helburuak: ikastetxeetako sarrera- eta irteera-eremuetara gerturatzen diren autoen kopurua murriztea eta Iruña Hiri Hezitzailea estrategiari erantzuten dioten irtenbideak ematea.

¿Te ha sido útil esta página?