Aurten 2.100 urte dira Gnaeus Pompeius Magnus jeneralak Iruña erromatarra sortu zuela, Pompelo, Erromaren zergapeko hiria, lehendik baskoiak bizi ziren herrixka batean. Halaber, aurten 600 urte dira Karlos III.a Noblea hil zela, eta hura izan zen Iruña modernoari bide eman ziona: 1425eko irailaren 8an zendu zen, Batasunaren Pribilegioa argitara eman eta justu bi urte beranduago. 2.100 urteko elkarbizitza leloari helduta, Iruñeko Udalak urteurren horien balioa azpimarratu nahi du, eta haien esanahia ideia bakar batean bildu: hiriaren historia askotariko sentimen, sinesmen eta hizkuntzen arteko elkarbizitza etengabearen isla da.
Gaur goizean, Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak eta Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak ekitaldi-programa bat aurkeztu dute urteurren horiekin lotuta: hil honen amaieran hasi eta 2026ko erdialdera arte iraunen du. Iruñearen historiari dagokion balioa eman eta historia horretan funtsezkoak izan diren bi gertakari azpimarratu nahi dituzte (erromatarrek hiria sortu zutenekoa eta hiri moderno bilakatu zenekoa), eta hiriaren nortasunaren bereizgarri bat nabarmendu nahi dute bereziki: elkarbizitzarako gaitasuna. Iruña ezagutarazteko ere balioko dute ospakizunek, bai eta hiri-marka eta bere buruaz egiten duen kontakizuna etorkizunera begira kanpoan zabaltzeko ere.
Askotariko jarduerak bildu dituzte programan, mota guztietako ikus-entzuleei zuzenduta: zientziaren arloko jarduerak ez ezik (historiografia, arkeologia, irakaskuntza, etab.), adierazpen herrikoiak, kulturalak, artistikoak eta etnografikoak jorratzen dituztenak ere izanen dira. Besteak beste, unitate didaktiko bat prestatu dute Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloan erabil dezaten datorren ikasturtetik aurrera. Halaber, Udalak jardunaldi estrategiko batzuk antolatuko ditu etorkizunean hiria nolakoa izanen den hausnartzeko, eta sinposio zientifiko batek emanen dio amaiera programari, 2026ko udaberrian. Orotara, 460.000 euroren aurrekontua dute aurreikusitako ekitaldi guztiak egiteko.
Pompelo, Pamplona, Iruña / 2.100 urteko elkarbizitza - años de convivencia izena eman diote programari, eta itsas zaldi moduko baten irudia jarri diote logotipo moduan: zaldi burua du, eta bularretik behera, itsas munstro edo arrain baten itxura. Itsas zaldia indarraren eta jarraikitasunaren sinbolo da gainera. Bada pisuzko arrazoi bat itsas animalia mitologiko hori hautatzeko programaren ikur gisa: XIX. mendean indusketak egin zituzten Compañía eta Curia kaleek bat egiten duten tokian zeuden erromatarren termetan, eta mosaiko bat aurkitu zuten han; hain zuzen ere, mosaiko horretatik atera dute irudia.
Martxotik maiatzera: hitzaldi zikloa
Hil honetan bertan hasiko dira antolatu dituzten ekitaldiak: zazpi hitzaldiko ziklo bat eginen dute Kondestablearen jauregian. Historian, euskal filologian, arkeologian, arkitekturan eta hirigintzan adituak izanen dira hizlari, eta ibilbide zabala eskainiko dute baskoien kokalekuaren garaitik hasi eta Zabalguneen Iruña sortu zen arte. Martxoaren 26tik maiatzaren 20ra bitartean izanen da zikloa.
Aurrehistorian, Erdi Aroan eta Aro Modernoan aditu diren hizlari batzuk unibertsitatetik datoz, Nafarroako unibertsitateetatik (NUP eta Nafarroako Unibertsitatea), Euskal Herriko Unibertsitatetik (EHU) eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsetik (UCM); beste batzuk Arantzadi Zientzia Elkarteko kideak dira, eta badira kazetaritzaren eta filologiaren arlokoak ere.
Hitzaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, eta sarrera librea izanen da. Hainbat gai jorratuko dituzte: ibilbide historiko bat eginen dute gure garaiaren aurreko (g.g.a) 75. urtean Pompelo sortu zutenetik XX. menderaino; emakumeek Iruñearen historian izan dute presentzia aztertuko dute, eta hiri-bilbearen bilakaera aletuko.
Kultura eta etnografia etorkizunera begira
Ospakizun herrikoiak hartuko dio tokia testuinguru historiko espezializatuaren lanketari, abuztutik irailera bitartean. Abuztuaren 5ean Harresien Jaialdia hasiko da, Udalak udarako antolatzen dituen jardueren barruan: Kukai dantza taldeak erromatarrek hiria sortu zutenetik 2.100 urte betetzen direla ospatzeko berariaz sortutako dantza-ikuskizuna eskainiko du.
Irailean Batasunaren Pribilegioari lotutako Erdi Aroko azoka eginen da ohi bezala, baina aurten berritu eginen dute: hiriak Aro Modernoan sartzeko eginiko pausoa izanen du ardatz, eta horren arabera apainduko dute Iruña, Fernando Hualde Nafarroako Erdi Aroko ikonografian adituaren aholkuei jarraikiz. 100 postu izanen dira azokan, eta kaleko animazioak eta Erdi Aroko arteetan adituak diren artisten ikuskizunek girotuko dituzte kaleak. Asteburu horretan bertan, irailaren 6tik 7ra, Bertako Ganaduaren eta Tokiko Produktuen Azoka tradizionala berreskuratuko dute. Runa parkean eta Gaseko eskortetan izanen da.
Urrian, berriz, iraganetik etorkizunera jauzi egin eta Irudika ezazu Iruñea 2050ean jardunaldiak izanen dira. Denboran 25 urte aurrera egin eta hiriaren etorkizunaz hausnartuko dute, hainbat arlo aintzat hartuta: mugikortasuna, adimen artifiziala eta Iruñearen bilakaera soziala, besteak beste.
Erakusketak, sinposioa eta materiala
2025aren amaieran hasi eta 2026aren lehen seihilekora arte, erakusketa handi bat jarriko dute ikusgai Zabalguneko Civivoxaren eraikin berrian: g.g.a. I. mendetik g.g.o. I. mendera bitartean hiria eta ingurua nolakoa zen erakutsiko dute. Erakusketak 500 m2 baino gehiago hartuko ditu, eta jatorrizko hainbat objektu eta adin guztietako eta mota guztietako herritarrei zuzendutako material pedagogikoa egonen dira ikusgai. Erreferentziazko hainbat ikerketa-zentrotako aditu talde batek gainbegiratuko du.
Batasunaren Pribilegioari buruzko baliabide pedagogikoak ere jarriko dituzte eskuragarri; izan ere, urteurrenaren aitzakian, unitate didaktiko bat prestatzen ari dira Karlos III.ari eta Batasunaren Pribilegioari buruz: Iruñeko Udal Artxiboa eta NUP ari dira elkarlanean material hori ontzen, eta Lehen Hezkuntzako hirugarren ziklorako pentsatua dago. 2025/2026ko ikasturtean ikasleek aukera izanen dute historiaren zati hori hiru ikuspegitatik jorratzeko: hiriaren sinboloak, agirien zaintza eta akordioak erdiesteko prozedura.
Eta udaberrian adituek hartuko dute berriz lekukoa: sinposio zientifiko bat eginen dute 2.100 urteko historiaren inguruan. Hiriko hiru unibertsitateek hartuko dute parte, eta material espezifikoa argitaratuko dute sinposio horretako informazioarekin.