Udalaren 2027rako aurrekontu-proiektua 299,6 milioi eurokoa da, eta hirugarren aldiz jarraian gainditu du udal-gastuaren zifra historikoa

Udalaren 2027rako aurrekontu-proiektua 299,6 milioi eurokoa da, eta hirugarren aldiz jarraian gainditu du udal-gastuaren zifra historikoa
28,3 milioi eurotan ezarri da, hasiera batez, honako hauek egiteko inbertsioa: Sarasateko lanak bukatu eta Erripagañako Civivoxeko lanei hasiera ematea, Sanduzelaiko biribilguneko eta Erorien Monumentuko proiektuak finkatzea eta Klimaren aldeko Ituna eta Etxebizitza Plana diruz zuzkitzea, besteak be
Fachada del Ayuntamiento


Iruñeko Udalaren 2027rako aurrekontu-proiektuak zifra historikoak izanen ditu hirugarren urtez jarraian. 299.607.465,56 euroak gaur goizean onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak, eta zenbatekoak % 1,9 egin du gora 2026ko aurrekontuekin alderatuta (293.786.620 euro). Horiek horrela, proposatu diren aurrekonturik altuenak dira Iruñearen historian.

Lau lehentasun hauek ezartzen ditu proposamenak: egun abian diren hiri-proiektu handiak osatzea, hala nola Sarasate pasealekua eraberritzea; jadanik hitzartutako zuzkidurak martxan jartzea, besteak beste, Erripagañako Civivoxa eta Guelbenzu zinema-aretoetako kultur zentroa (Arrosadia); hiriaren plangintza finkatzea epe labur eta ertainean, eta, horretarako, funtsezko proiektuen idazketa finantzatzea, besteak beste, Sanduzelaiko biribilgunea, Donapeako plangintza eta faxismoaren aurkako oroimenezko museoa; eta, azkenik, Udalaren bi apustu handiak –Etxebizitza Plana eta Klimaren aldeko Hiri Ituna– diruz zuzkitzea.

Gainera, legegintzaldian finkaturiko gastuen hiru ildo nagusiak bultzatu ditu proiektuak: udal-zerbitzuak hobetzea (langileria-gastuek % 5,7 egin dute gora, guztira 129,8 milioi euro), auzoetan inbertitzea (20 milioi euro inguru) eta gizarte arloko aurrerapenak finkatzea (100 eurotik 38 gastu sozialerako dira). Prentsaurrekoan aurkeztu dute proposamena Garbiñe Bueno Zabalza Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko zinegotzi ordezkariak eta Aitor Navarro Ogasuneko zuzendariak. Aurrekontu-proiektuak munta handiko partidak barne hartzen ditu hiriaren ondarea finkatzeko, eta hori esku-hartze eta lan hauetan islatzen da: Kondestableko mantentze-lanak (446.248 euro), autobus-geltoki zaharreko esku-hartzeak (350.000 euro) eta Arantzadiko plisti-plasta aritzeko igerilekua konpontzeko lanak (305.000 euro).

Esku-hartzean, hauxe esan du Garbiñe Buenok datorren urterako aurrekontu-proposamenaz: “orekatua da ekonomiari dagokionez, engaiatuta dago hiriaren garapenarekin, anbiziotsua da zerbitzuak finkatzeari dagokionez, eta zorrotz jokatuko du hartutako konpromisoak betetze aldera”. Izapidetzeari dagokionez, lehen alkateordeak berak azaldu duenez, aste honetan batzorde bereziei helaraziko zaie proposamena, eta, aurreikuspenen arabera, Osoko Bilkuran onetsiko dira aurrekontuak abenduaren erdialdean. Dena den, Buenok argitu duenez, “proiektuak Osoko Bilkuraren gehiengoaren babesa duen arren, aurrekontu-akordioa ez dago guztiz itxita, eta ebatzi gabe dauden kontuak daude oraindik”.

Inbertsioak: Bost multzo handitan antolatutako 71 partida
Inbertsioei dagokienez, proiektuak 71 partida aurreikusten ditu hasiera batez, guztira 28.334.070 eurokoak. Hain zuzen ere, inbertsioen zenbatekoak egiten ahal du gora gehien negoziazio-prozesuaren barruan. Partiden izaeraren arabera, bost multzo handi hauek bereizten dira: hasitako lanak bukatzea; lan berriak; plangintza eta proiektuak; plan handietarako zuzkidura (Etxebizitza Plana eta Klimaren aldeko Ituna); eta azpiegiturak hobetzea.

Lehenengo multzoari dagokionez, 7,3 milioi euroko gastua aurreikusten da Sarasate pasealekuko lanak bukatzeko (ustez, maiatzean); hala, aurrekontuen (6. eta 7. kapituluetan) partidarik handiena da hasiera batez egindako inbertsio konprometituaren barruan. Halaber, multzo horretan sartzen dira Erreginaren aldapa kalea berrurbanizatzeko 1,68 milioi euroak eta Urdazubiko Monasterioaren kaleko lanen 0,9 milioi euroak.

Lan berrien kapituluari dagokionez, hauek dira esanguratsuenak: Santa Ana plaza eraberritzeko lanak (miloi bat euro); 586.000 euro, Erripagañako Civivoxaren lanak abian jartzeko eta Guelbenzu zinema-areto zaharrei buruzko proiektua idazteko eta lanak abian jartzeko; 436.637 euro, Arantzadiko zentro okupazionala eraikitzeko (Agustindarren komentuko baratze zaharra); eta 204.000 euro, Calderería kalean igogailua jartzeko.

Plangintzari dagokionez, hiru kreditu-erreserba egin dira Sanduzelai berrantolatzeko proiektuak egiteko: 176.500 euro, erdiko biribilgunearen proiektua idazteko (lurperatzea barne); beste 250.000 euro, esku-hartze horrekin lotutako lanak hasteko; eta 180.000 euro, Repáraz Doktorearen kaleko disuasioko aparkalekua handitzeko. Funtsezko ekimenak egiteko beste gastu konprometitu batzuk barne hartzen dira, honako hauek, besteak beste: 484.000 euro, Erorien Monumentuan faxismoaren kontrako oroimenezko museoa egiteko amaierako proiektua idazteko; 283.000 euro, Donapeako plangintza berria egiteko; 85.000 euro, Iturraman egundoko etxe-uharte bat egiteko; 75.000 euro, San Domingo kaleko aparkalekuaren proiekturako; eta 50.000 euro, San Agustin Aquavoxa eraberritzeko.

Laugarrenik, nabarmentzekoak dira udalaren plan handiek jasoko duten zuzkidura. Zenbatekoari dagokionez, Etxebizitza Eskuragarriaren Planean inbertituko da gehien: 2,7 milioi euroko laguntzak bideratuko dira birgaitzeak egitera; 771.500 euro transferituko zaizkio PCH-IB SAri; eta beste 831.621 euro urbanizazio-kuotak ordaintzeko baliatuko dira. Klimaren aldeko Hiri Planak hainbat proiektu garrantzitsu barne hartzen ditu:  Biziki-k (bizikleta elektrikoen zerbitzua) 900.000 euro jasoko ditu; patioak birnaturalizatzeko programak, 648.400 euro; eraikinak klima-aldaketara egokitzeko planak, 200.000 euro; hiri-baratzeek, 103.000 euro; eta irisgarritasuneko plan operatiboak, 60.000 euro.

Azkenik, azpiegiturak hobetzeko poltsaren (2,1 milioi euro) barruan, hauek dira inbertsiorik aipagarrienak: bide publikoko mantentze-lanen kontratua (0,9 milioi euro); 250.000 euroko bi partida, ikastetxeetan konponketak egiteko eta Nicasio Landa ikastetxeko civivoxerako; eta 150.000 euroko beste bi partida, kultur zentroetan eta ikastetxeetan hobekuntzak egiteko. Halaber, 1,75 milioi barne hartu litezke ANIMSAri transferentziak egiteko, Udalaren gaitasun teknologikoak hobetze aldera.

Aurrekontuaren % 38, gizarte-gastuetarako, eta % 26,5, hiri finkatua hobetzeko 
Garbiñe Buenok hitza hartu duenean nabarmendu du Udalak 2027an gastatuko duen zenbatekoaren % 37,9 gastu sozialera bideratuko dela, eta bertan sartuko direla, gizarte-ekintzako zenbatekoa ez ezik, Etxebizitzara, Haur Eskoletara, Gazteriara, Garapenerako Lankidetzara eta kultura- eta kirol-sustapenera bideratutako partidak. Bestalde, 100 eurotik 26,5 hiri finkatua hobetzeko eta etorkizuneko hiria bultzatzeko erabiliko dira, eta hor sartuko dira planifikaziorako, hiri-kontserbaziorako, proiektu estrategikoetarako eta mugikortasunerako zuzkidurak eta garbiketa- eta osasun-zerbitzuak hobetzen jarraitzeko apustua. Azkenik, aurrekontuaren % 17,3 erabiliko da bizikidetzaren hiriaren oinarriak ezartzeko, Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorraren bidez.

Alorrei dagokienez, Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko eta Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako alorrek jaso dute diru gehien aurrekontuaren barruan: 59,8 milioi eta 51,8 milioi, hurrenez hurren. Ehunekoei begira, igoera handienak honako alor hauetan erregistratu dira: Ogasun eta Kontratazio Publikoa (% 15,9 egin du gora, 14,5 milioi guztira), Proiektu Estrategikoak eta Mugikortasuna (% 15 egin du gora, 8,7 milioi guztira). Gobernu Estrategikoa, Hirigintza, Etxebizitza eta 2030 Agenda (% 14,6 egin du gora, 16,7 milioi guztira), Gizarte Ekintza (% 12 egin du gora, 34,3 milioi guztira), Giza Baliabideak (% 11 egin du gora, 37,8 milioi guztira) eta Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Euskara (% 10,1 egin du gora, 28,2 milioi guztira).

% 10eko igoeraren azpitik, baina 2026an baino aurrekontu handiagoarekin, honako alor hauek ditugu: Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako eta Kultur Aniztasuneko Alorra (% 8 gehiago, 4,5 milioi guztira); Gerentziako eta Aholkularitza Juridikoko Alorra (% 6,5 gehiago, 10,9 milioi guztira); Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorra (% 1,8 gehiago, 23,6 milioi guztira) eta Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorra (% 0,3 gehiago, 51,8 milioi guztira).

Hiru alorrek iaz baino aurrekontu txikiagoa izanen dute, eta horren arrazoi nagusia da Next Generation Europako proiektuen finantzazioa amaitu dela. Honako hauek dira: Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berriztapeneko, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako Alorra (6,1 milioi euroko aurrekontua izanen du; iaz 9 milioitik gorakoa zuen); Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorra (% 7,2 eginen du behera, 64,5 milioitik 59,8ra) eta Alkatetzako Alorra (% 6,3 eginen du behera; 2026an 2.036.249 euro zituen eta 2027rako 1,9 milioi izanen ditu). 

Langileria-gastuek eta tasa eta transferentzia arrunten bidezko diru-sarrerek gora eginen dute
Aurrekontuaren kapituluei dagokienez, % 5,7 eginen du gora langileria-gastuak: 2026rako 122,4 milioi aurreikusi ziren, eta 129,8 milioi izanen ditu 2027an. Gastu arruntak 101 milioi euro ingurukoa izaten jarraituko du, eta zertxobait altuagoa izanen da datorren urtean. Langileria-gastuek eta gastu arruntek aurrekontuan sartutako gastuaren % 84 hartuko dute. % 22 hazi dira finantza-gastuak, 834.000 eurotik 1.020.000 eurora, eta % 7,8 egin dute gora transferentzia arruntek, 28,7 milioi eurotik 30,9 milioi eurora. Kontingentzia-funtsak zenbatekoa biderkatu du: 2026an 100.000 eurokoa zen, eta 2027an, berriz, 4 milioi eurokoa izanen da.

Beste administrazioek egindako transferentzia arruntek diru-sarreren erdia baino gehiago hartzen dute. 2027rako aurrekontuetan, 153,6 milioi euro aurreikusi dira, 2026an baino % 5,8 gehiago (145 milioi euro). Zuzeneko zergei dagozkien diru-sarrerek KPIak baino gutxiago eginen dute gora (% 1,3, 64,8 milioitik 65,7ra), baita zeharkako zergek ere (% 2,3, 10 milioitik 10,2ra). Tasa eta prezio publikoek % 6,2 eginen dute gora, 40,6 milioitik 43,1era, KPIaren igoera dela eta. Besterentzeen (udalaren ondasunak eta lurrak saltzea) ondoriozko diru-sarrerek % 30 eginen dute behera, 22 milioi eurotik 15,3ra.

¿Te ha sido útil esta página?