2024ko Iruñeko Topaketen harira, Iruñeko Udalak hainbat erakusketa eta bitartekaritza-jarduera proposatu ditu datozen hilabeteetarako. Ziudadela, Kondestable eta hiriko hainbat gune aukeratu dira, 1972ko Topaketetan bezala, hiri-espaziora irekita egiten den planteamendu artistikoa gauzatzeko. Helburua ekintzak gizarteari hurbiltzea izanik, proposamenak bitartekaritza- eta jarduera-egitarau bat jasotzen du, Iruñeko Topaketen Eskolaren jardueran ere oinarrituta. Eskola hori esperimentazioa, pentsamendua eta diziplina artistikoen gurutzaketa uztartzen dituen hezkuntza-eremu bat da, haur eta gazteei zuzentzen zaie eta Kondestablen ikus daitezke esperientzia horren emaitzak.
Arma Aretoan, eta urtarrilaren 12ra arte, ‘Oparitzea urtzea da’ proposamena egonen da ikusgai; erakusketak opariaren nozioa transferentzia gisa aztertzen du, beste bati eman nahi zaion gorputzaren luzakin gisa, alegia. Ada Garrués, Lorea Alfaro eta Katixa Goldarazenaren erakusketa kolektiboa da, Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumako lanekin hartu-emanean dagoena. Iñigo Villafranca Apesteguia da erakusketaren komisarioa, eta erakusketari loturik bitartekaritza- eta jarduera-egitarau bat gauzatuko da.
Hiri-espazioari dagokionez, bi dira proposamenak: alde batetik, Nerea de Diegoren ‘Igaro’-k sei instalazio ditu eta hiriko beste hainbat pasabidetan, igarobiderako tuneletan, hala nola Seminarioko pasabidean edo Ziudadelako Laguntza Ateko irteeran bertan jarriko da. Bestetik, Sarasate pasealekuan jarriko da Alberto Odérizen ‘Hontzek ez dute habiarik egiten’ eskultura-instalazioa.
Gaur goizean, ekitaldi publiko batean aurkeztu dute ekimena Maider Beloki Unzu Iruñeko Udaleko Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zinegotziak,Iñigo Villafranca Apesteguia erakusketaren komisarioak eta Nerea de Diego eta Alberto Odériz kaleko instalazioen bi sortzaileek. Erakusketa eta proposamen horiek guztiak osatzeko, urriaren 4an, ostiralarekin aurkeztuko den Hertha Müllerren 140 artelan eta poema – collagez osatutako erakusketa egonen da ikusgai Ziudadelako Bolborategian.
Oparitzea “Erriberako adieran”
1993. Urteaz geroztik, Iruñeko Udalak arte garaikidearen aldeko apustua egin du, eta, horren harira, gure kulturako sormen kezken isla den bilduma bat sortuz eman die babesa artistei. Gainera, 1972. urtean Udala Iruñeko Topaketen sustatzailea izan zen, eta behin baino gehiagotan esan izan da topaketa horiek opari bat izan zirela hiriarentzat. Gaur egun, erakundeak Kultura, Arte eta Pentsamenduaren ‘2024ko Iruñeko Topaketak’ Biurtekoa bilakatu den hausnarketa-gune horren parte izan nahi du.
Bi planteamendu horien arragoa da gaur aurkeztu den ‘Oparitzea urtzea da’ erakusketa, non hiru egile ezberdinen lanak Iruñeko Arte Garaikidearen Bildumako bost piezarekin hartu-emanean dauden, Iñigo Villafranca Apesteguia komisario dela. Ada Garrués, Lorea Alfaro eta Katixa Goldarazena artistek Amadeo Gambino, Juan Luis Moraza, Mireya Masó, José María Baez eta Taxio Ardanazek 1975 eta 2000 artean sinatutako bost proposamenei loturik jarri dituzte euren lanak.
Erriberan, gaztelaniazko “derretir(se)” (urtu) hitzaren sinonimotzat erabiltzen da “regalar” (oparitu) hitza; alegia, oparitzea urtzea da. Erriberako lokalismo horrek irudi bat eskaintzen du, eszena desegoki bat, elementu desberdinen topaketa iradokitzaile bat. Hain zuzen ere hizkuntzaren toki horretan, irudien gurutzaketa horretan, kokatzen da erakusketa hau. Haren diseinuak, gainera, espaziora bideratzen du arreta, Arma Aretoaren berezitasunetara. Materialak arkitekturara egokitzen dira –zeina hondoko oihal izateari utzi eta erakusketaren subjektu aktibo bihurtzen baita– eta espazio bera adierazi eta partekatzen dute.
Arte-bitartekaritzako jarduerak
Programak hiru bisita gidatu barne hartzen ditu, erakusketaren komisarioaren eskutik. Bisita horiek arreta jarriko dute arte garaikideko erakusketa bat eraikitzeko moduan eta komisariotza-lanaren inguruko konbentzioetan.
Gainera, esparru horretan, Ada Garruések lantegi bat eginen du Ziudadelako parkea pinturaren eta marrazkiaren aldetik aztertzeko; Katixa Goldarazenak eta Blanca Niemietzek, espazioa eta objektuak baliatuz, ekintza performatibo bat eginen dute Arma Aretoan, irekitze-ordutegi osoan zehar, eta Lorea Alfaro eta Isabel de Naveránen arteko topaketa bat eginen da.
Horrez gain,Zuzeneko bideo-emankizuna eginen dute Sidneytik, eta gero hura erakustaretoan instalatuko dute Lorea Alfarok eta Jon Otamendik. Eta erakustaldi honen inguruko azken proposamena Iñigo Villafranca Apesteguiaren ekintza bat da: astero lore moztu berriak bidaltzean datza, urrun egonik ere aretoarekin loturik egoteko eta gune hori ospatzeko modu gisa.
Instalazioak pasabideetan
Topaketek eremu publikora zabaltzeko bokazioa izan zuten, eta, alde horretatik, udalaren egungo proposamenak ere bokazio bera du. Nerea de Diegok, ‘Igaro’ lanean, sei instalazio proposatzen ditu urriaren 13ra arte, hiriko sei pasabidetan jartzeko: Francisco Seminario pasabidean, Jacobaren pasabidean, San Domingo merkatuko pasabidean, Descalzos kale aldera doan Ingurabideko pasealekuan, Plazaolako tunelean eta Ziudadelako Laguntza Atetik irteteko tunelean. Horiek guztiak, egilearen ustez, joan-etorrirako espazioak dira.
Arte Ederretan doktorea eta Arte Ikerketa eta Sorkuntzako masterduna EHU/UPVn. Bere lana, eskulturatik abiatzen bada ere, diziplina anitzetan garatzen du. Bere obran esanahi berria ematen zaie lekuen usadio herrikoiei, zin-hitzezkoari eta inkontzienteari, batez ere erritualei, herri-adorazioari eta eskaintzei. Austrian, Txinan, Mexikon edo Frantzian egin ditu egoitzak eta erakusketak. Besteak beste, Nafarroako Museoko Bestelako liturgiak (2023) eta Ni, guztietan okerrena (2027) erakusketetan parte hartu du, Artium Museoko First Thought Best erakusketan (2014) eta Oteiza Museoko Begiradaren traslazioa-n (2014). Uharteko Arte Garaikideko Zentroko zuzendaritzakidea izan da, eta arte irakaslea da NUPen.
‘Hontzek ez dute habiarik egiten’ Sarasaten
Bestetik, Sarasate pasealekuan, Alberto Odérizen ‘Hontzek ez dute abiarik egiten’ eskultura-instalazioa egonen da ikusgai urriaren 13ra arte. Artistak hontz zuriak errundako arrautzak eremu publikora jatorrizko arrautzak baino askoz eskala handiagoan eramatea proposatzen du, baina materia bera erabiliz eginda, hau da, kaltzioz. Arrautza horiek hartu-eman bat planteatzen dute 72ko edizioko Prada Pooleren lan ikonikoarekin: elementu nomada, arrotz eta ikoniko bat hiriaren erdian, ingurumenaren hauskortasunari, artisautzaren garrantziari eta gizakien migrazio-izaerari buruzko gogoetak bultzatzen, besteak beste.
Arkitektoa Bartzelonako ETSAn, 2008an. Arkitekturaren eta Hiriaren Analisi Teoria eta Historiako Maisutza UNAMen, Mexiko Hiriko espazio publikoaren suntsiketari buruzko tesia eginda. 2010etik Nafarroa eta Mexikoren artean bizi da, eta eskultore lana beste diziplina batzuekin uztartzen du, hala nola hirigintzarekin edo irakaskuntzarekin (Etxebizitza- eta Hiri-maisutzako ikerketa mintegiko irakaslea ZENTROn-Mexikon).
72ko topaketak gazteengana hurbiltzea
Udalaren proposamenak, gainera, Iruñeko Topaketen Eskolaren jarduera babestu nahi du, haur eta gazteendako diziplina artistikoen esperimentazioa, pentsamendua eta gurutzaketa uztartzen dituen hezkuntza-espazioa. Kondestablearen jauregian, urriaren 22ra arte, eskolako lantegietan garatutako lan-prozesuak biltzen dituen erakusketa bat ikus daiteke. Astelehenetik igandera bisitatzen ahal da, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara.
Topaketen Eskolak koordinazio-taldeak eta proiektuan parte hartzen duten artistek diseinatutako lantegiak egiteko aukera eman die ikastetxeei, 2024ko Iruñeko Topaketen ibilbide ezberdinei lotuta. Lehen edizio honetan, Marina Lameiro, Xabier Erkizia, Peru Galbete, Ghislaine Verano eta Naiara Gorostidi arduratu dira apiriletik irailera arte Nafarroako 14 ikastetxetara eraman diren lantegiak diseinatu eta egiteaz.
Eta jarduera gehiago hirian
Topaketen erdigunea Baluarteko Biltzar Jauregia izanen den arren, hainbat ekintza gozatu daitezke hirian, Udalaren laguntzari esker. Aipatutakoez gain, Apichatpong Weerasethakul zinemagilearen ikus-entzunezko instalazio bana ikusi ahal izanen da Kondestablearen jauregiko areto gotikoan eta Ziudadelako 8. kasernan; Oskar Alegríaren ekintza Ziudadelako kasamatetan, Daito Manaberen soinu-performancea Arma Aretoko beheko solairuan, eta Marabiyak, BAC, Cabeza de artista eta Maslow Industries taldeen ekintzak. Argibide gehiago, hemen: https://www.losencuentrosdepamplona.com/eu
- Gaurkotasuna
- Berriak
- Udalak 2024ko Iruñeko Topaketak ekimenaren inguruan eginiko proposamenek barne hartzen dute bide publikoan erakusketak eta instalazio artistikoak egitea