Gaztediaren Etxeko udako ikastaroetan izena emateko epea zabalik da. Guztira 200 leku dira, 7 ikastaro eta informatikako doako 5 lantegiren artean banatuak. Eskaintza 14 eta 30 urte arteko gazteei zuzentzen zaie, eta zenbait diziplina izanen dira, besteak beste argazkilaritza, antzerkia eta erretratuak akuarelaz egiten ikastea. Gazteen garapen, autonomia eta ongizate pertsonalari laguntzen ahal dieten jarduerak sustatu nahi dira, eguneroko bizitzarako baliagarriak izanen zaizkien baliabideak eskaintze aldera.
Ikastaroen prezioa 10,80 eurotik 26,40 eurora bitartekoa da, edukien ordu-kopuruaren arabera eta izena ematen duenaren adinaren arabera, 14 eta 18 urte bitarteko gazteek prezio berezia baitute. Izena aurrez aurre eman behar da, Gaztediaren Etxean bertan (Zangoza k. 30), NANa aurkeztuta. Izena emateko epea uztailaren 31n amaituko da, eta instalazioen irekiera-ordutegian egin behar da, hau da, astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 22:00etara.
Osasun-segurtasuna dela eta, ikastaroetako parte-hartzaileen kopurua murriztu egin da eta saioak 14 eta 20 lagun bitartekoak izanen dira, ikastaroaren edukiaren arabera; parte-hartzaileek maskara eraman beharko dute eta COVID-19a ez hedatzeko gomendatutako distantzia gorde.
Gaztediaren Etxeak gogorarazten du une honetan Gazteendako Informazio Bulegoaz, Erakusketa Aretoaz, aretoak lagatzeko zerbitzuaz eta ziber-ikasgelaz (aldez hitzordua hartuta) gain, martxan dagoela, baita ere, Aholkularitza Psikologikoa, asteazkenetan, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Baliabide hori erabiltzeko, ordutegi horietan bertaratu behar da edo, bestela, telefonoz deitu, hitzordua eskatzeko, Etxearen telefono zenbaki orokorrera (948 233512).
12 eduki, lau astetan
Udako ikastaroak astelehenetik ostegunera eginen dira, arratsaldez, 19:00etatik 22:00etara, eta 2020ko denboraldi honetan jardueren eskaintzak sei eduki ezberdinetako jarduerak ekarriko ditu gaztelaniaz: automakillajeko azken joerak, Bollywoodeko koreografiak, eta erretratu-lantegia hala marrazketaz nola akuarela-teknikaz. Halaber, argazkilaritzaren hastapen-ikastaro teoriko-praktikoa izanen da, bai eta antzerki-saioak eta urtaro honetako berezko sendabelarrei buruzko ikastaroa ere. Aurreikusita dago, baita ere, ‘Gainbirziklatze??Suprarreciclaje/ Upcicling’ lantegi bat: hondakinak objektu baliodun bilakatzea helburu duen esku-hartze teknika. Lantegi hori euskaraz eginen da. Mikel Tolosana, Yeray Paz, Garatzi Valluerca eta Nadia Redín Etxeko prestakuntzako ohiko edukiei loturiko profesionalek emanen dituzte ikastaroak.
Ikastaro “digitalei” dagokienez, informatikako bost lantegi izanen dira, egun batekoak edo bikoak, eta 19:00etatik 21:00etara bitarte eginen dira. Software, hardware, gailu mugikor zein 3D inprimaketari buruzko edukiak doakoak izanen dira, eta helburu dute beharra duten gazteei laguntzea gaitasun teknologiko erabilgarriak eskura ditzaten. Lantegiak ziber-ikasgelan eta 3D inprimaketako laborategian izanen dira, eta Pablo Aragónek emanen ditu, Ziber-ikasgelako arduradunak.
Denboraldi honetarako, hain zuzen ere, honako eduki hauek eskaintzen dira: ‘Bot bat sortu Telegram-erako’, ‘Zizelkatze artistikoa 3Dn SculptGL-ekin’, ‘Domotika erraza’, ‘3D diseinu-teknikoa Onshape-rekin’ eta ‘PCa formateatzea eta SSD bat instalatzea’.