Uda honetan 2.000 lagun sartzen ahalko dira aldi berean Arantzadiko instalazioetara, eta 1.206, Sanduzelaiko Aquavoxekoetara

Uda honetan 2.000 lagun sartzen ahalko dira aldi berean Arantzadiko instalazioetara, eta 1.206, Sanduzelaiko Aquavoxekoetara
Udalak erabiltzaileen eskura jarri ditu bi instalazioetarako onartutako COVID protokoloak eta erregelamenduak
piscina

 

Iruñeko Udalak Arantzadi eta Sanduzelaiko udal-igerilekuak erabilera-baldintzak arautu ditu, eta ohiko neurriez gain, COVID-19aren ondorioz ezarritako osasun-segurtasuneko neurriak biltzen ditu honako hauei dagokienez: erabiltzaileen trazabilitatea, gehieneko edukierak, ibilbide eta sarbide desberdinduak, maskaren erabilera, eskuak desinfektatzea, etab. Iaz bezala, Udalak bi instalazioetako segurtasun- eta higiene-neurriak areagotu ditu, eta jarritako seinaleak eta joan-etorrietarako ezarritako ibilbideak errespetatu beharko dira nahitaez. Garbiketa eta informazio- zein zaintza-zerbitzuak indartu dituzte eta instalazioak prebentzio-arauek eskatzen duten beharrezko desinfekzio-materialaz hornituko dira.

Momentuz, Arantzadik 2.000 lagunendako edukiera izanen du, eta Sanduzelaik, 1.206rendako, horrela instalazioen kanpoaldean pertsona bakoitzeko 4 m2 bermatuz. Ehuneko hori aldatuz joan daiteke, arau erregulatzaileen bilakaeraren arabera. Udalak eta instalazioak kudeatzen dituzten enpresek erabiltzaileei ezarritako ordutegiei men egiteko eskatzen diete, eta oinarrizko urruntze-, higiene- eta segurtasun-neurriak betetzeko. Edozein kasutan, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia errespetatu beharko da. Igerilekuetan, megafoniaren bidez, ezarritako arauak entzungo dira aldizka, eta instalazioetako langileen jarraibideak bete beharko dira.

Instalazioak eta COVID-19a

Arantzadiren kasuan, kanpoko igerilekuetan gehienez ere 268 lagun egoten ahalko dira (61, plisti-plasta ibiltzeko igerilekuan), eta Sanduzelaiko Aquaboxean, igerileku olinpikoan 315 lagun sar daitezke, ludikoan, 129, eta plisti-plasta ibiltzekoan, 28. Bi instalazioetan kolore-kode bat ezarriko da (semaforoen parekoa) belardi eremu bakoitzeko betetze-maila seinalatzeko.

Bi instalazioetan joan-etorrietarako ibilbideak ezarri dira, eta maskara nahitaez erabili behar da, salbu eta bainatzerakoan eta igerilekuetarako joan-etorrietan, dutxetan, jan edo edateko une zehatzetan eta belardietan atseden hartzen egotean, baldin eta 1,5 metroko gutxieneko tartea mantentzen bada. Bi azpiegituretan, erabiltzaileek eskuragarri izanen dute indarreko arauei buruzko informazioa, eta megafoniaz ere igorriko da.

Jarraipena egiteko trazabilitateaz bezainbatean, abonatuen datuak erregistratuko dira sartzen direnean, “eguneko” sarrerak dituztenei NANa eskatuko zaie eta plataformaren bidez sarrerak erosten dituztenak https://aranzadi.provis.es aplikazioan erregistratuta geratuko dira.

Elementu zehatzak: erretegiak, aldagelak...

Arantzadin kanpoko iturriak, komunak eta aldagelak zabalik egonen dira, nahiz eta zenbait dutxa, konketa, pixatoki eta armairu batzuk baliogabetuko diren eta ile-lehorgailu guztiak kenduko dituzten. Hamakak ezinen dira gordailuan utzi, eta erretegien erdia eta hiru mahai bikoitz eta hiru sinple baino ezin izanen dira erabili, non gehienez ere 8 mahaikide egon ahal izanen baitira; gune horietan desinfektatzailea, papera eta paperontziak egonen dira. Halaber, instalazioen sarreran alfonbra desinfektatzaile bat, gel hidroalkoholikoa eta erabilera-arauen kartelak jarriko dira, eta oro har, barrualdeko ate guztiak zabalik utziko dira, erabiltzaileek eskuekin uki ez ditzaten. Arantzadin txanda erreserbatu beharko da muskulazio gela, padel pistak, frontoia eta erretegiak erabiltzeko.

Sanduzelaiko Aquavoxean erretegien % 70 egonen da erabilgarri (bertan dauden 10 mahaietatik, 7), baita ere 8 mahaikideko mugarekin; mahai bakoitza zenbaki baten bidez egonen da lotuta dagokion erretegiarekin, eta aurreko eguneko 19:00etatik aurrera erreserbatu beharko dira telefonoz. Gune horietan zein erabilera libreko mahaietan desinfektatzailea, papera eta zakarrontziak egonen dira. Muskulazio gela erabiltzeko ere txanda erreserbatu beharko da. Zenbait dutxa eta aldagela erabilgarri egotea aurreikusten den arren, zerbitzu horiek ez erabiltzea gomendatzen da.

¿Te ha sido útil esta página?