Txantreako hainbat kale eta bi plaza berrurbanizatuko dituen proiektuaren laugarren faseak protagonismo handiagoa emanen dio oinezkoari. Iruñeko Udaleko Garapen Jasangarriko eta Proiektu Estrategikoetako Alorrak aurreikusitako lanek Artaxoa, Kaseda, Cintruénigo, Etxalar eta Etxarri Aranatz kaleei, Esprontzeda zeharkaleari, Ezkaba eta San Kristobal kaleei, eta Euskararen eta Erlojuaren plazen arteko espazioari eraginen diete. Lanak 2024 eta 2025 urteen artean hasiko dira.
Txantrean eginen den jarduketa hau Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsioen Planeko behin behineko dirulaguntzen barruan sartuta dago, eta sareak berritu, zoladura eta zeharkaleen urbanizazio lanak egiteko laguntzak eskaintzen ditu, beste inbertsio-lerro batzuen artean. Auzoko zortzi kaleak eta bi plazak berrurbanizatzeko proiektuak 4.334.545,36 euroko aurrekontua du, BEZ barne.
Aurrekontu hori Iruñerriko Mankomunitatearen eta Iruñeko Udalaren jarduketari dagokio. Mankomunitatearen gastua, 1.220.223,31 eurokoa (BEZa kanpo), oso-osorik diruz laguntzen ahal da, eta guztizkoaren %85 jasoko du, hots,1.037.189,81 euro. Iruñeko Udalaren kasuan, diruz lagun daitekeen zenbatekoa 1.792.291,23 eurokoa da, BEZa kanpo, eta zenbateko horren% 85 jasoko du: 1.532.447,54 euro. Udalak% 10 gehiago ere jasotzen ahalko luke du diruz laguntzen ahal diren kontzeptuetan gastu handiagoa justifikatuz gero. Udalaren gainerako inbertsioa, 1.789.977,66 euro, BEZa kanpo, ez da laguntzetan sartzen.
Proiektuan aurreikusitako obrak honako hauek izanen dira: aipatutako zortzi kale eta plazetako zoladura zeharo berritzea, etxe-multzoetako bidegurutzeak berriz antolatzea maila bereko eta beheratutako oinezkoen pasabideak sortuta, Erlojuaren plazaren ondoko kaleen elkargunea berrantolatzeko biribilgune bat eraikitzea, hiri-argiteria berria jartzea, sortu berri diren berdeguneak eta finkatzen diren berdeguneetarako lorezaintza, baita ureztaketa eta hiri altzariak ordezkatzea ere.
Eraberritze honetan bete beharreko jarraibideek auzoko gainerako faseetan egin diren zoladuretarako erabili diren ildo bera mantenduko dute. Halaber, proiektuak saneamendu-, euri- eta hornidura-sareak ere berrituko ditu, Iruñerriko Mankomunitateak idatzitako proiektu baten bidez, bi administrazioek hitzarmen bat sinatu ondoren.
Toki gehiago oinezkoen ibilbideendako
Proiektuaren helburua da ingurua seinaleztatutako oinezkoendako lehentasunezko eremu bihurtzea, auzokideei bertan aparkatzeko aukera emanez. Horretarako, kaleen arteko bidegurutzeak plataforma bakarrean egitea pentsatu da, espaloiak zabalduz eta kaleen linealtasuna ekialdetik mendebaldera hautsiko duten bihurgune txikiak eginez. Lanak espaloietako zoladurak eraitsiz eta zintarriak desmuntatuz hasiko dira, irisgarritasuna ziurtatuko duten oinezkoendako pasabide beheratuak eta maila bereko pasabideak sortzeko.
Ibilgailuen zirkulazio-eremuan, beltzez inprimatutako asfaltozko aglomeratuzkoa izanen da zoladura Artaxoa, Kaseda, Cintruénigo, Etxalar eta Etxarri Aranatz kaleetan eta Esprontzeda zeharkalean. Biribilgunean eta San Kristobal kalean asfaltoa beltza eta leuna izanen da. Maila bereko zebrabideei eta barruko kaleetako plataforma bakarreko bidegurutzeetan galtzada koloretan inprimatutako asfaltozko aglomeratuzkoa izanen da. Oinezkoen lehentasuna areagotu eginen da aparkalekuen ertzetan zuhaitzak landatuta. Lorategien zerbitzuak auzoko beste kale batzuetan dagoeneko ezarritako neurria da hori, esaterako Paternain, Zuasti edo Tiebasko Gazteluko kaleetan.
Artaxoa, Kaseda, Cintruénigo, Etxalar, Etxarri Aranatz eta Esprontzeda zeharkalearen arteko sekzioa berdimentsionatu eginen da, zirkulazio-erreia 3,20 metroko zabalerara eta aparkatzeko eremua 2,20 m-ra doitzeko Espaloiek 2,20 metro inguruko zabalerak utziko dituzte libre fatxadetatik. Kale guztietan dauden ibiak errespetatuko dira eta etorkizunean baimen berriak banatzeko aukera emanen da lanak egin bitartean.
Ezkaba kaleari dagokionez, Cintruénigo eta Etxarri Aranatz kaleen arteko bi etxadietan jardunen da, eta Txantrea Hegoaldeko bigarren fase gisa Hirigintza Gerentziak egin berri duen esku-hartzearekin bat etorriko da. San Kristobal kalean, Artaxoa eta Etxalar kaleen artean, jarduketaren bidez, oinezkoendako perimetroko pasabideari segida emanen zaio, besterik gabe; izan ere, izkina horiek eraberritu egin ziren, espaloiak zolatu, ureztaketaz hornitutako parterreak antolatu eta eserlekuak jarri ziren.
San Kristobal kalean, Etxarri Aranatz eta Mendigorria kaleko ingurabidearen artean azpiegiturak berritu eta zintarrien artean 3,50 m-ko bi erreiko sekzioa utziko da, 3,50 metroko zirkulazio-errei bana eta alde banatan 2,20 m-ko lerroko aparkalekua utziz. Eraikitako aldeko espaloiaren neurriak aldatu eginen dira, antolamenduari egokitzeko eta zabalera ez da inola ere 2,20 m baino estuagoa izanen. Oinezkoendako pasabideak goratuakizanen dira eta kalearen erdian dagoen pasabidea Doneztebe eta Lesaka kaleetako etxadietako barruko plazekin lotuko da.
Biribilgune berria
Proiektuaren erreforma nagusietako bat San Kristobal, Etxarri Aranatz eta Magdalena kaleen arteko bidegurutzeko biribilgune berria da. Planak oinezkoen eta ibilgailuen arteko loturak zailtzen dituen bidegurutze semaforoduna kenduko du, Udal Planak adierazi bezala, eta 10,75 m-ko erradioko biribilgune berria eraikita berrantolatuko du, 5,75 m-ko galtzada utziz, espaloiak zabalduz eta bidegurutze guztietan oinezkoendako maila bereko pasabideak eginez.
Irtenbide horren bidez, nabarmen hobetzen dira oinezkoen ibilbideak, eta zirkulazioa arintzen da auzoko erdigune neuralgikoan. Biribilgunearen kanpoaldeko perimetroak lorategiz hornituko dira alderik zabalenetan eta segida emanen diete Erlojuaren plazako eta Euskara plazako jarduketei.
Erlojuaren plazaren azalera handitu eginen da, parterrearen eta eraikita dagoen pabilioiaren eta erlojuaren aurreko autobus-geralekuko asfaltoaren azalera gehituko baitzaizkio. Erlojuak gaur egungo kokalekuari eutsiko dio. Egonlekuek ere forma zirkularra izaten jarraituko dute hormigoizko bankuak medio, baina perimetroko hormak kendu eta horien inguruko parterrea espaloiaren mailara beheratuko da, ikuspegi zabalagoa eta garbiagoa emateko. Autobus-geltokia birkokatuz eta zuhaitzak landatuz osatuko da parterrerantz zabalduko den eremua. Pinazi-pinu handiena leku berean utziko da eta txikiena birlandatu eginen da.
Etxarri Aranatz kaleko sarbideko oinezkoen pasabideak Erlojuaren plazako eremua eta Euskararen plaza lotuko ditu. Bi espazio horiek josteko, parterreari atxikitako egonaldi-eremuak prestatuko dira, San Kristobal kaleko espaloian sortzen den gainzabaleran biribilguneko ibilgailuen zirkulaziotik babesteko.
Euskararen plaza, irisgarri
Berrurbanizazio proiektuaren aldaketa nabarmenetako bat Euskararen plaza egokitzea da, irisgarria izan dadin jende guztiarendako. Gaur egun, perimetroa espaloien mailan dago, baina erdialdea beherago dago eta eskailerak eta arrapalak daude. Gainera, jatorrizko diseinuak zuhaitz aleak hormigoizko txorko-lorontzi batzuetan sartu zituen, eta kasu askotan haien hazkundea mugatu dute.
Proiektuak San Kristobal kaleko espaloiko zuhaitz gehienak kontserbatuko ditu, eta zuhaitz gazteen lerrokadura berri bat gehituko da espaloi berriko zintarriari itsatsita, iragazki papera egin dezan plaza barruko espazio aldera. Erdiko gunea goratu eginen da eta inguruko espaloien plataformari jarraipena emanez jarriko da. Osasun etxeko eraikinaren hesiarekin muga egiten duen mendebaldeko aldean, parterre berde bat itsatsiko da, egoteko eremuak inguratuz. Gainera, mantentzen diren zuhaitz aleekin bat etorriko da. Horrela, bi plazen arteko oinezkoendako ibilbideetan segida emanen zaio espazioen arteko trantsizioari.
Hiri garraioaren bi geralekuak, Magdalena kaletik biribilgunera sartu aurreko geltokia eta Erlojuaren plazan dagoen San Kristobal kaleko geralekua mantendu eginen dira. Ibilbideetako bat Etxarri Aranatz kaletik egiten zuen 7. lineak San Kristobal kaleko biribilguneen artetik eginen du joan-etorria, eta Mendigorria kaletik jarraituko du. Aldaketa hori Iruñerriko hiri-garraioaren zerbitzuarekin adostuta egin da.