Uda amaierarekin eta ikasturtearen hasierarekin batera Trinitarioseko Trenaren Parkeak ordutegiak eta irekitze-egunak moldatuko ditu, larunbat eta igande goizez irekitzeko, 11:30etik 13:30era. Egutegi berriarekin batera, irailaren 17 eta 18ko asteburuan, ‘Trenaren festa’ ospatuko da; jende orori zuzendutako jarduerak izanen dira eta lurrunezko hamar bat tren-makinak parte hartuko dute. Astean zehar, eta ikasturte osoan zehar, instalazioek bisitaldiak eskainiko dizkiete ikasleei, elkarteei eta kolektiboei, aurrez Nafarroako Trenbidearen Lagunen Elkartearen webgunean edo presidente@anaftren.com posta elektronikoan erreserba eginda
Nahi duten eskola-talde, elkarte edo taldeek Trenaren Parkera bisitak eska ditzakete dagoeneko, joan den ekainetik zabalik dagoen Trinitarioseko parkean. Nafarroako Trenbidearen Lagunen Elkarteak –berak du zuzkidura honen kudeaketaren ardura–, kide-kopuruaren, adinaren eta taldeen ezaugarrien arabera moldatuko du jarduera, kasu bakoitzean. Nolanahi ere, bisitak honako hauek izanen ditu: sarrera bat trenak hiriaren historian izan duen garrantzia azaltzeko, Parkean aurki daitezkeen tren-makina ezberdinen lagin bat ikustea eta ibilbide bat instalazioetan eraiki den trazaduran barna. Baldintza bakarra dago jarduera horretan parte hartzeko: ikasleek bost urte baino gehiago izatea.
Parkeak 6.740 metro karratu ditu, eta dekoraziorako elementuz (zurezko hesiak, seinaleak, marmitak, desbideratzeak eta semaforoak) girotutako zirkuitu batez gain kotxe-tokitarako eraikin bat ere badu tren-makinak gordetzeko, baita geltokia dirudien eraikin nagusi bat ere. Hor eginen zaie harrera eta emanen zaizkie azalpenak bisitetan parte hartzen duten ikasleei eta taldeei. Esparruak, gainera, plater birakariko gune bat du; bertan hainbat motatako tren-makinak ikus daitezke: elektrikoak, lurrunezkoak, gasolinazkoak, baita elurra kentzeko makina bat ere, guztiak ere erabiltzen direnak; horietan eramanen dituzte bisitariak tren-zirkuituan zehar urteko garai desberdinetan. Nafarroako Trenbidearen Lagunen Elkarteak –administrazio-emakidaz eman zitzaion parkearen ardura– hamar tren-gidari ditu ibilbidean barna ibili ohi diren trenak gidatzeko.
Instalazio horiek joan den ekainetik jendearentzat zabalik daude asteartetik igande arratsaldera bitarte; irailetik aurrera, ordea, lehendik aurreikusita zegoen moduan, ordutegia aldatu eginen da ikasleen egunerokora egokitzeko. Sarreraren prezioa 1,5 euroan mantenduko da heldu batek lagunduta doazen adingabeendako, eta 2,5 eurokoa gainerakoendako.
Hilaren 17an eta 18an ‘Trenaren festa’ eginen da Trinitarioseko Trenaren Parkean
Jendearentzako ordutegi berria abiatzearekin batera, irailaren 17 eta 18ko asteburuan ‘Trenaren festa’ ospatuko da Parkean; jardunaldi horietan Iruña lehen aldiz izanen da lurrunezko tren-makinen topaketa nazionalen egoitza. Oraingo honetan, oraindik abian dauden hamar bat tren-makinaz gozatzeko aukera izanen da Trinitariosen; batzuk beste erkidego batzuetatik etorriko dira, hala nola Andaluzia edo Galiziatiketa, are, Portugaldik iritsiko den bat ere izanen da.
Parte-hartzaileentzako inaugurazio ofiziala ostiral arratsaldean izanen den arren, jendaurreko jarduerak larunbat goizean hasiko dira, 10:30etik aurrera. Goizean etengabe ibiliko dira trenak, eta arratsaldeko 17:00etatik 20:30era eta gaueko 22:00etatik 23:30era, Trinitarioseko parkean prestatutako ibilbidean. Igandean abian izanen dira berriro goizeko 10:30etatik aurrera.