Sexu-erasoei buruzko argibide-gunea Gazteluko plazan egonen da, uztailaren 5etik 14ra, herritarrak sentsibilizatu eta laguntza soziala emateko baliabideak abian jartzeko

Sexu-erasoei buruzko argibide-gunea Gazteluko plazan egonen da, uztailaren 5etik 14ra, herritarrak sentsibilizatu eta laguntza soziala emateko baliabideak abian jartzeko
Udalak giza baliabideak eta baliabide materialak areagotu ditu zerbitzua eskatzen duten eraso sexisten biktimei arreta emateko
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Aurten ere Gazteluko plazan egonen da sexu-erasoei buruzko argibide-gunea, eta uztailaren 5etik (igandea) 14ra egonen da irekita, 11:30etik 15:00etara eta 18:00etatik 00:00etara. Argibide-gunea hiriko erdigunean dago, eta ‘Pamplona libre de agresiones sexistas /Eraso sexistarik gabe, Iruña aske’ kanpainaren inguruko informazioa eman eta sentsibilizaziorako materialak banatuko dira bertan, besteak beste, esku gorriaren intsignia, indarkeria sexista hautemateko gidak eta eranskailuak. Argibide-guneko langileek gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez emanen dute arreta.

Argibide-gunean, sexu-eraso baten biktima izan diren emakumeei arreta emateko udal-baliabideen inguruko informazioa jakinarazten da, eta bertan erasoei dagozkien laguntza-zerbitzuak eta protokoloak aktibatzen ahalko dira. Beharrezkoa bada eta emakume batek hala eskatzen badu, arreta- eta laguntza-protokoloa aktibatuko da. Argibide-gunean konfiantza-giroa sortzeko eta konfidentzialtasuna eta anonimotasun-eskubidea bermatzeko eremu bat dago. Sexu-eraso bat ikusten, informazioa eskatzen edo intzidentziaren baten berri eman nahi dutenei ere eskura dituzten aukerei eta baliabideei buruzko argibideak emanen zaizkie.

Argibide-gunea modu sinbolikoan irekitzeko ekitaldian honako hauek parte hartu dute gaur goizean: Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak, Txema Mauleón Echeverría Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak, Aitziber Campión Ganboa Hezkuntzako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako Alorreko zinegotzi ordezkariak eta Elian Peña Guerrero Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako eta Kultur Aniztasuneko Alorreko zuzendariak. Hauxe da udal-estrategiaren aldarrikapenetako bat: jai-testuinguruan izan arren, “saihesgarria” da eraso sexistak gertatzea; izan ere, ezein ospakizunetan ezin da onartu eskubideak eta erantzukizunak deuseztatzea.

Erasoen biktimei laguntzeko taldea indartu da
Jaien karietara, sexu-erasoen biktima izan diren emakumeei laguntza emateko zerbitzua indartu da. Aurtengo lantaldean Gizarte Ekintzako Alorreko udal-langileak egonen dira egunero, eta bikoteka eginen dute lan. Jende gehien dagoen egunetan, eta gorabeheraren bat gertatuz gero, Kaimira entitate espezializatuko langileak kontratatu dira errefortzu gisa. Hala, zerbitzua uztailaren 6ko eguerditik 15eko 08:00etara emanen da.

Aurten protokoloa landu da eta prestakuntzak egin dira Nafarroako Gobernuaren Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroaren (SIAIZ) aholkuei jarraikiz. Halaber, 16 urtetik beherakoekin egindako esku-hartzeak hobetu dira, Nafarroako Gobernuak berriki martxan jarri duen Barnahus ereduaren bidez: sexu-indarkeriaren biktima diren haur eta nerabeei ematen die zerbitzua. Argibide-guneko langileek ere desgaitasunen bat dutenei orientabidea eta aholkuak emateko prestakuntza jaso dute CERMINen eskutik. Gainera, berariazko prozedura bat ezarri da laguntza-zerbitzuan bikoteka lan egiten denean krisi-egoerei arreta emateko.

Dispositiboak lau etxebizitza-baliabide ditu, biktimak eta laguntzaileak (lagunak, senideak...) bertan geratu daitezen. Iaz baino bat gehiago dago aurten, eta horrez gain, laguntza-zerbitzuko telefono-guardia lokalizatuak eskaintzen dira eguneko 24 orduetan. 

¿Te ha sido útil esta página?