Sanferminetarako bandoan, Udalak eskatu du jaiak alai eta gizalegez ospatzeko, eta gogorarazi poliziaren eta funtzionarioen oharrei kasu egin behar zaiela

Sanferminetarako bandoan, Udalak eskatu du jaiak alai eta gizalegez ospatzeko, eta gogorarazi poliziaren eta funtzionarioen oharrei kasu egin behar zaiela
Halaber, oroitarazi du edalontzi berrerabilgarria derrigorrezkoa dela ostalaritzan, eta debeku izanen dela su artifizialen eremuan zirkulatzea 03:00ak arte
Fitxategi

Joseba Asiron Iruñeko alkateak konfiantza adierazi du bai herritarrek eta bai bisitariek arduraz jokatuko dutela jaietan, eta “lagunduko dutela sanferminak giro onean ospa daitezen”. Esaldi horrekin amaitzen da 2025eko bandoa. Iruñeko Alkatetzak urtero onesten du testu hori, jaietan hirian izanen den funtzionamendua arautzeko.

Sanferminetarako bandoan jaien antolamendua eta egun horietan bete beharreko jarraibideak zehazten dira, bai ordenantzei eta arauei dagozkienak eta bai ekitaldietan parte hartzean aintzat hartu beharrekoak: hala nola zirkulazioa eta aparkatzea; eraikinetako fatxaden eta balkoien segurtasuna; txupinazoan, entzierroetan eta entzierriloetan gogoan izan beharrekoak, eta establezimenduen, terrazen eta kaleko salmenta-postuen lizentzien nondik norakoak.
2025eko testuan bildutako xedapen gehienak aurreko urteetakoen antzekoak dira, baina aurten lehen aldiz ezarri dute establezimendu guztiak behartuta daudela Banatu, Bildu eta Itzultzeko Sistemako (BBI) edalontziak erabiltzera erabili eta botatzeko plastikozko edalontzien gainetik. Hala, Udalak berriz eskaini die sistema hori establezimendu pribatuei, haientzat errazagoa eta jasangarriagoa baita beren kudeaketa-sistema propioak erabiltzea baino. 

Gainera, orain Alde Zaharreko establezimenduak behartuta daude bi ateko atari estankoak jartzera, eta bandoan zehaztu dutenez, oraindik halakorik ez dutenek edo Udalari legeak ematen dituen bi aukeretako bat hartzeko borondatea helarazi ez diotenek (atari estankoa jartzea edo musika jartzeko lizentziaren muga 23:00etan ezartzea) sanferminetan ezin izanen dute musikarik jarri 02:00etatik aitzina. Azkenik, aurreko urteetan ez bezala, zehaztu dute terrazek, oin bakarreko mahaiek eta antzekoek hartzen duten espaloi edo bide publikoaren zatia establezimenduaren jabeak garbitu eta ureztatu beharko duela, eguneko tarte batzuetan kentzen badituzte ere.

Iazko sanferminetan, gauez zirkulaziorako itxi zuten Foruen plazako ingurua tarte baterako, eta neurriak emaitza onak eman zituen. Horregatik, aurten 30 minutu luzatuko dute tarte hori, eta 22:30etik 03:00etara moztuko dute zirkulazioa gauero inguru horretan. Beraz, ordu horietan ezin izanen da zirkulatu Zaragozako etorbideak eta Zangoza kaleak bat egiten duten biribilgunean, Gayarre kalean, Galizia etorbidean, Abejeras, Gaztelugibel eta Yanguas y Miranda kaleetan, eta Zaragozako etorbidean, Vianako Printzearen kaletik hasita.

Berdintasuna eta aniztasuna eskubide
2025eko lan-ildo orokorrari jarraikiz, Udalak bandoan adierazi du Iruña harro dagoela bertako aniztasunaz, eta jaiak ospatu nahi dituzten guztiak bultzatu ditu “sanferminetan askatasunez parte hartzera”. Halaber, ohartarazi du ez dela onartuko “LGTBIfobia-adierazpenik”. Beste behin ere azpimarratu du "neurri judizialak hartuko direla edozein egoeratan edozein adinetako emakumeen aurka eginiko eraso sexistei aurre egiteko, eta zehatu eginen direla eraso horiek", eta herritarrei dei egin die “modu aktiboan egin diezaieten aurre edozein motatako emakumeen aurkako erasoei, eta erasoa jasan duen emakumeari lagundu eta erasotzailea bakartu dezaten”. Hala, alkateak oroitarazi du Udalak "konpromiso osoa duela halako erasoak eta jokabideak ez onartzeko eta neurriak hartzeko horien aurka, emakumeek aukera izan dezaten sanferminez aske, seguru eta berdintasunez gozatzeko". Horren harira, debekatu egin du “mezu eta/edo lelo sexistak dituzten materialak saltzea (kamisetak, txapak eta abar)”.

Gizalegezko jokabidea
Udalak bandoan aldarrikatu du sanferminak herritarren eta bisitarien alaitasunaren isla izatea duela xede, festa horien tradizioari eta gizalegeari eusteko, eta behar bezain zorrotz jokatuko duela jaien ezaugarriak aintzat hartuta. Aurten ere debekatuta egonen da txupinazora “makilak, beirazko ontzi eta edalontziak, ireki gabeko edarien latak eta zuzenean edo zeharka kalteren bat eragiten ahal duen bestelako ezein objektu" sartzea bai Udaletxe plazan eta bai Gazteluko plazan. Arrautzarik ere ezin izanen da sartu, ez eta pinturaz betetako puxikarik eta fatxadetara jaurti eta eraikinak zikindu eta ekitaldia izorratzeko erabiltzen ahal den bestelako objekturik ere.
Iruñeko Udalak garrantzi handia eman nahi izan dio gizalegez jokatzeari, eta irmo esan du “zehapenak paratuko” zaizkiela “bide eta gune publikoak zikintzen dituztenei”, “bereziki beirazko ontziak kalean utzi edo hausten dituztenei eta kalteak eragiten ahal dituzten bestelako ekintzak egiten dituztenei”. Gainera, aurten adierazi duenez, “era berean, zehapenak paratuko zaizkie espaloietan eta espazio publikoetan txiza egiten dutenei, Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko Udal Ordenantza aplikatuta”. Amaitzeko, bandoan oroitarazi dute "indarrean diren legeekin bat neurri judizialak hartuko direla hala agintarien ordezkariei eta zerbitzu publikoko eginkizunetan ari diren funtzionarioei eraso, mehatxu edo aurre egiten dietenen aurka, eta behar izanez gero halakoak egiten dituztenak atxilotu eta epailearen esku utziko” dituztela.

 

¿Te ha sido útil esta página?