Iruñeko Udal Txit Garai, Leial eta Agurgarriko ALKATE UDALBURUAK honako hau ematen du aditzera:
SANFERMINAK hiriaren eta bertara etorri ohi diren bisitari ororen alaitasunaren benetako isla izan daitezen, festa hauen ohiturei eta gizalegeari eusteko asmoz eta, betiere, festa hauek dituzten ezaugarriak direla-eta, behar bezain zoeguraldia rrotz jokatuta, alkate-udalburu honek honako xedapen hauek eman nahi ditu argitara, jende orok jakin eta bete ditzan:
LEHENA
UDAL ORDENANTZAK ETA BESTE ARAU BATZUK
Hona hemen, zerrendaturik, derrigorrean bete behar diren zenbait manu berezi:
1.1.- Ostalaritzako establezimendu guztiek begi-bistan paratu beharko dute prezioen zerrenda, erraz lokalizatu eta irakurtzeko moduan.
1.2.- Mahai, terraza eta mahai hankabakarretan emandako zerbitzuetan, hartutako janari-edariei dagokien tiketa edo ordainagiria entregatu beharko da, eta hori baliogabetu egin beharko da ordaindu ondoren.
1.2.1.- Mahaiak zein terrazako mahai hankabakarrak, atrakzioak, salmenta-postuak, agertokiak eta antzekoak dituzten lekuak, baita horien eragin-eremuak ere, baldintza egokietan mantendu behar dira, higieneari eta osasungarritasunari dagokienez, halako eran non behar bezala garbitu eta haietatik hondakinak jasoko baitira, indarra duten ordenantzetan ezarritako betekizunak oro gordeta. Berariaz debekaturik dago lekuak garbitzean zikinkeria bide publikora bota eta jaso gabe uztea.
1.2.2.- Elikadura-jarduerei lotuta bando hau onesten den egunetik uztailaren 5era arte aurkezten diren erantzukizunpeko adierazpenek ez dute indarrik izanen uztailaren 15era arte. Horren arrazoia da halakoek ez dutela Administrazioaren aurretiko kontrolik, eta osasunerako arriskua izaten ahal direla sanferminetara bisitari piloa datozela kontuan hartuta.
1.3.- Elikagai eta edarien salmentarako eta kontsumorako jarduera guztiek zehatz-mehatz bete beharko dituzte higieneari nahiz osasungintzari dagozkien arauak. Haien titular direnei gogorarazten zaie komunak irekita eduki behar dituztela beti, eta, bereziki, sanferminetan, bai eta era egokian erabiltzeko beharrezkoak diren osagarri guztiez horniturik ere, jarduera zabalik den bitartean.
1.4.- Runa parkeko Feria-lekuan, Antoniutti parkean, Taconera parkean eta Basotxo kalean paratzen diren jolas- eta ikuskizun-postuek eta baimena jasotzen duten guztiek hertsiki beteko dituzte halakoei aplikatu beharreko segurtasunari eta osasungintzari buruzko arauak, eta, nolanahi ere, dagozkien baimenetan jasotakoak.
Halaber, baimendutako instalazioen titularrek erantzukizuna edukiko dute muntatze-lanetan errespetatzeko hala lorategi-aldeak eta zuhaitzak –eta azken horien kasuan haien aireko parteak zein lurrazpikoak– nola hiri-altzariak, zoladurak eta bide publikoko elementu komunak, halako eran non beren gain hartuko baitute behin desmuntatze-lanak eginda elementu horiek guztiak egoera onean uzteko erantzukizuna.
Baimendutako instalazioen ondorioz beharrezkoa balitz bide publikoan ezein esku-hartze publiko egitea, elementuak babesteko edo oinezkoen joan-etorriak modu irisgarrian hobetzeko, kasuan kasuko instalazioaren titularrak hartu beharko du bere gain esku-hartze horiek egiteko erantzukizuna.
1.4.1.- Runa parkeko Feria-lekuan, Antoniutti parkean, Taconera parkean eta Basotxo kalean paratzen diren jolas- eta ikuskizun-postuen zein baimendutako guztien titularrek behar bezala garbituko dituzte leku horiek, haietatik hondakin solidoak gaika bereizita jasoko dituzte eta ur zikinak sarera hustuko, betiere indarra duten ordenantzetan ezarritako baldintzak oro beteko dituztelarik.
1.5.- Tabakoa edo horren produktuak saldu edo banatzeko legezko baimena duten establezimendu edota jardueretan, kartelak paratu beharko dituzte, jendaurrean ikusgai, non adieraziko baitute debekaturik dagoela 18 urtetik beherakoei tabakoa saltzea.
1.6.- Festek iraun bitartean bide publikoan saltzeko baimenak eta baldintzak Herritarren Segurtasuneko gaien ardura duen Zinegotzi Ordezkariaren ebazpen baten bidez arautuko dira.
Salmenta mota horretarako xedatu denaren kontrako arau-hausteak arau aplikagarriekin bat zehatuko dira, behin salgaiak badaezpada konfiskatu eta, beharrezkoa bada, saltzeko baimena kendu eta gero. Konfiskatutako salgaiak ez dira itzuliko, gutxienez, festak bukatu arte.
Debekaturik dago, aldi baterako saltokietan edota kaleko jardueretan, piercingak eta tatuajeak egitea gorputzean –azala zulatu beharra edo beharrik eza gorabehera– eta produktu kosmetikoak saltzea, produktu horiek gaixotasunak sendatzeko edo haiei aurrea hartzeko balio dutelakoan saltzen badira edo etiketetan haiek merkaturatzeko exijitutako gutxieneko informazioa ekartzen ez badute. Debekua da, baita ere, kontsumitzen dituztenen segurtasunari eta osasunari arriskua ekar liezaiekeen edozein produktu saltzea.
1.7.- Debekaturik dago baimenik gabeko propaganda saldu edo banatzea, iragarle nor den eta pertsona edo entitate hori izanen dela erantzule, edo legez iturburua nor, eta hori bera. Halaber, debekaturik dago piroteknia-elementurik edo lehergairik saldu eta erabiltzea, salbu berariaz baimendurik daudenak.
Debekaturik daude mota orotako publizitate-jarduerak, ibilgailuetatik eta ibilgailuen bidez egindakoak barne, salbu berariaz baimendurik daudenak.
1.8.- Ezin izanen da inolako jardueratan aritu hirigintza-, osasun- eta zerga-baldintzak betetzen ez dituzten lokaletan (irekitzeko lizentzia edo, bestela, erantzukizunpeko adierazpena eta alta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan edo Lizentzia Fiskalean). Elikagaien edo edarien kasuan, agintaritzaren agenteek salatuko dituzte arauak urratzen dituztenak, eskainitako gaien konfiskazioa ezertan galarazi gabe, horrelakorik bidezkoa izanez gero. Halaber, kasuan kasuko udal-zerbitzuek zehatu eta kenarazi ahalko dituzte bide publikoan baimenik gabe paratzen diren mahaiak eta mahai hankabakarrak.
1.9.- Erabat debekaturik dago kalez kale saltzen diren haurrendako puxikak gas deflagratzaileez edota sute- nahiz leherketa- edo intoxikazio-arriskua eragin ahal duten gasez betetzea.
Aipatu puxika horien salmentan aritzen direnek ziurtatu beharko dituzte erabilitako gasaren ezaugarriak eta jatorria, eta onartu datu horiek egiaztatze aldera udaltzainek edo Babes Zibilekoek eginarazi ahalko dizkieten froga guztiak.
1.10.- Iturri publikoak eta urmaelak edo aintzira artifizialak ezin izanen dira erabili garbiketarako edo bainuetarako edota berezko dituzten xedeez besteko helburuetarako, eta debekaturik dago haien funtzionamendu-sistema manipulatzea. Gomendatzen da, baita ere, ez bainatzea Iruñeko udal-mugarteko ibai eta erreketako uretan.
1.11.- Haur-jolasen eremuetan, debekaturik dago toki horiek berezko dituzten jarduerez besteko edozein egitea. Ezin izanen da ez eremu horiek okupatu, ez beraietan kanpatu, ez ezein salmenta mota egin ere.
1.12.- Zehapenak paratuko zaizkie eremu eta gune publikoak zikintzen dituztenei eta, bereziki, beirazko ontziak bertan utzi edo hausten dituztenei eta kalterik eragin dezaketen bestelako ekintzak gauzatzen dituztenei. Era berean zehapenak paratuko zaizkie espaloietan eta espazio publikoetan txiza egiten dutenei, Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko Udal Ordenantza aplikatuta.
1.13.- Hondakinak sortzeari aurre egitea xede harturik, batez ere erabilera bakarreko plastikoak badira, eta horiek zein haien kudeaketak giza-osasunean zein ingurumenean eragiten duten kaltea arintze aldera, ostalaritza arloko establezimendu guztiek edalontziak Banatu, Bildu eta Itzultzeko Sistemaren barruan (EBBIS) dagoen edalontzi berrerabilgarria –eta ez botatzekoa– erabiliko dute nahitaez. Neurri horren bidez, halaber, bertakoen eta bisitarien arteko elkarbizitza hobetu nahi da, denon artean geure eginez festak jasangarriagoak egiteko ardura.
Hori horrela, Udalak eskura dituen behar beste neurri jarriko ditu, hondakinak gutxitu daitezen bermatzeko, ostalaritzako establezimenduen eta bestelako festagune publikoen eskura jarrita edalontzi berrerabilgarriak kudeatzeko zerbitzua. Halaber, establezimendu pribatuak premiatzen ditu hondakin gutxiago sor dezaten, Udalak eskaintzen duen edalontzi berrerabilgarrien sistema (EBBIS) erabilita, kudeaketa sistema baino errazagoa eta jasangarriagoa baita.
1.14.- Lorategi eta parkeak errespetatu behar dira, eta, bereziki, arboladia eta hiri-altzariak –hala finkoak nola aldi baterakoak–, zoladurak eta ezein motatako udal-azpiegitura, eta debekaturik dago honako hauek egitea:
Landare-elementuak manipulatu edo hondatzea.
Hondakinak, gantzak, produktu kaustiko edo kaltegarriak, xaboiak edota olioak arbolen txorkoetan edo berdeguneetan botatzea.
- Linea elektrikoak edo horien erregistroak arboletan instalatzea edo haien kontra bermatzea.
- Arbolak, zuhaixkak edota horien parteak inausi edo moztea, bai eta arbolak Udalaren baimenik gabe lekuz aldatzea ere.
- Zoladura zulatzea edo kaltetzea, baita bertan torlojuz lotzea edo sartzea ezein elementu finko edo aldi baterako, nahiz eta zerbitzua ematen duen jarduera baimenduta egon.
- Ibilgailu astunak (+18Tn-ko gehieneko tara) oinezkoendako diren eremuetan ibili, gelditu edo aparkatzea, baita espaloietan ere, nahiz eta zerbitzua ematen duen jarduera baimenduta egon.
1.15.- Leku publikoetan, zakurrak uhalez loturik ibiliko dira, horiek kontrolatzeko erantzule diren pertsonek gidatuta. Arriskugarriak izaten ahal diren zakurrek muturrekoa eraman behar dute, eta bi metro luze baino gutxiagoko uhal edo kate batez gidaturik joan, bai eta halako animalien kasuan berariazko arauek ezartzen dituzten gainerako betebeharrak bete ere.
Arriskugarriak izaten ahal diren beste animalien kasuan, horien jabeek behar diren neurriak hartuko dituzte herritarrei arriskua galarazteko.
1.16.- Ziudadelako barrutia jendearendako itxirik egonen da sanferminetan, ekitaldi berezietarako izan ezik. Barrutira sartzeko, babes Zibileko segurtasun gaietako arduradunak, goi-mailako segurtasun teknikariak, emandako baimena beharko da, nahitaez.
1.17.- Udalei esleitu zaizkien eskumenen babespean, sanferminetan, ixteko ordua eta, halakorik bada, ikuskizunak eta aisia-jarduerak amaitzekoa goizaldeko 06:00ak izanen dira, taberna, kafetegi, jatetxe, taberna berezi eta ikuskizun-kafetegi gisara jarduten duten establezimenduen kasuan, 2025eko uztailaren 7tik 15era bitartean (bi egun horiek barne); eta goizeko 07:30ak, diskoteka eta dantzaleku zereginetan aritzen diren establezimenduen kasuan, betiere jendez husteko denbora osagarria ere kontuan hartuta, 201/2002 Foru Dekretuaren 4. artikuluarekin bat, edozein kasutan hiru orduko tartea utzi beharko dutelarik, bederen, itxi eta irekitzeko orduen artean, lokala eta terraza –halakorik badu– behar diren baldintzetan egon daitezen, higieneari eta osasungarritasunari dagokien orotan. Diskotekek eta dantzalekuek 17:00etara aurreratzen ahal dute irekitzeko ordua. Terrazek garbi egon beharko dute Udaleko garbiketa-zerbitzuak igaro baino lehen.
Alde Zaharrean dauden establezimenduek Alde Zaharreko Babes eta Barne Berrikuntzarako Plan Bereziaren (BBBPB) ezartzen zaie eta atari estanko bat eduki behar dute, nahitaez, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera. Atari estankorik ez dutenek eta erregistroan idazkia aurkeztuta Udala informatu ez dutenek hain egoera azaltzeko eta aurreikusitako bi alternatibetako bat (atari estanko bat paratzea edo musika emititzeko lizentzia 23:00etara mugatzea) hartzeko borondatea adierazteko, azken horien erregimena ezarriko zaie eta sanferminetan ezein modutako musika-emisioa 02:00etan amaitu beharko dute.
Udaltzaingoak zainduko du ordutegi hori betetzen dela, bereziki sartzeko atea zezenen entzierroaren ibilbidean daukaten lokaletan, horiek 06:00etarako itxita egon beharko baitute, jendez husturik eta merkataritza-jarduerarik gabe, ez establezimenduen barrenean, ez horien kanpoaldean ere. Lokal horiek ezin izanen dute zaborra kalera atera hondakinen gaueko bilketako zerbitzua pasa eta gero. Lokal horiek ezin izanen dira ireki goizeko 09:00ak baino lehen.
Segurtasun-arrazoiak direla medio, uztailaren 6an, 10:00etatik 13:00etara, Udaletxe plazara, Calceteros kalera eta Txupinazoaren eraginpean diren kaleetara ematen duten fatxadak dituzten establezimenduek orok –ostalaritzakoek barne– itxita egon beharko dute.
1.18.- Establezimenduetan orotan debekaturik dago musika erreproduzitzeko instalaziorik paratzea bide publikoan edo bide publikorantz zuzenduta, salbu, aldez aurretik eskaria eginda, espresuki horretarako baimena ematen bada, eta, betiere, kasuan-kasuan ezarritako baldintza berezien menpe ordutegiei eta soinu-mailari dagokienez. Bide publikoan musika erreproduzitzea elkarren ondoan dauden lokalei baimenduz gero, guztiek musika bera paratu behar dute.
Debekatuta dago fatxadako itxitura-elementuak zabaltzea musika-jarduera duten lokaletan, bai eta soinu-mailari buruz irekitzeko lizentziaren baldintzetan ezarritakoa ez betetzea ere. Irekitzeko lizentzian musika paratzeko baimena berariaz adierazita ez duten merkataritzako establezimenduek ezin izanen dute musikarik paratu.
Merkataritzako establezimenduek debeku dute jarduera jakin baterako udal-lizentziarik edo, bestela, erantzukizunpeko adierazpenik gabe horretan aritzea, haien lizentziako baldintzak aldatzea eta, bereziki, fatxadako itxitura-arotzeria irekitzea.
Edari alkoholdunak saltzea baimenduta duten merkataritzako establezimenduek ezin izanen dituzte haiek modu zatikatuan saldu. Debeku honek barne hartzen du izotza bera, hori ere ontziraturik saldu beharko baitute.
1.19.- Jartzen ahal diren zehapenak deusetan galarazi gabe, 1.3 eta 1.8 apartatuetan ezarritakoa urratuz gero, lokala berehala itxiarazi eta prezintatu ahalko da; eta 1.5, 1.6, 1.7, 1.8 eta 1.9 apartatuetan xedaturikoa bete ezean, salgaiak konfiskatu ahalko dira zer gerta ere, eta, horretaz gain, elikagai edo edariak badira, desegin ahalko dira, hori guztia kasuan-kasuan eskudunak diren udal-alorrek proposatuta.
1.20.- Taberna eta kafetegietako terrazak. Hala urtean zehar baimena duten terrazen azalera handitzeko nola sanferminetan soilik irekitzen direnak paratzeko, berariazko baimena eduki beharko da, zeina Herritarren Segurtasuneko Alorrak bideratuko baitu, horretarako eskabidea jaso ondoren. Bi kasuetan, hala handitzekoan nola berritik paratzekoan, gai honetan indarra duen ordenantza fiskalean ezarritako tasak aplikatuko dira.
Alde Zaharrean ez da terrazarik baimenduko, Gazteluko plazan izan ezik; bestelako salbuespenak ere berariaz baimentzen ahal dira Ebazpen bidez, zeinetan jasoko baita zein egunetan eta ordutegitan lan egiten ahal duten.
1.21.- Terrazek okupatutako espazioa eta horietako altzariak baldintza egokietan mantendu behar dira, higieneari eta osasungarritasunari dagokienez. Ezein kasutan ere ez zaie oztopatuko pasatzea larrialdi- edota garbiketa-zerbitzuetako ibilgailuei. Terrazek, mahai hankabakarrek edo antzekoren batek ukitzen duen espaloia edo espazio publikoa, nahiz eta ordutegiren batean desmuntatuta eta kenduta egon, kasuan kasuko instalazioaren jabe den establezimendu titularrak garbitu eta ureztatuko du, eta ahalik eta garbitasun-baldintza onenetan mantenduko ditu. Zaborra eta hondakinak bildu beharko dira, bide publikora bota gabe, bando honen 1.2.1. puntuan adierazi den bezala.
1.22.- Taberna-barrarik paratzea baimenduta eduki, eta, araudiak aginduta, hornidurako ura duten terrazek, sarera hustu beharko dituzte sortzen dituzten ur-zikinak. Aldez aurretik Iruñerriko Mankomunitatearen berariazko baimena beharko dute, haiek baitira sarearen jabeak. Sortutako ur-zikinak ezin izanen dira inola ere hustu zuzenean bide publikoan, ezta euri-uren sarean.
1.23.- Ahalik eta zehapenik gogorrenak paratuko zaizkie hondarrak, zaborrak eta poltsak bide publikoan, horretarako ezarritako ordutegi eta tokietatik at, uzten dituzten establezimenduen jabeei.
BIGARRENA
ZIRKULAZIOA
2.1.- Arau orokorrak
Sanferminetan oinezko eta ibilgailu gehiago ibiltzen dira, eta horrek izugarri zailtzen du zirkulazioa. Horregatik, festek iraun bitartean, ezohiko neurriak hartzen dira zirkulazio-handitze horren ondorioz –zeina asteburuetan izugarri handitzen baita– sortzen ahal diren arazoak ahal den neurrian arintze aldera.
Sanferminetan, aparkatze arautua martxan izanen da hiriko eremu askotan, eta ezaugarri ezberdinak izanen ditu urtean zehar izaten direnekin alderatuta. Horrekin, aparkatze zentzuzkoagoa eta antolatuagoa lortu nahi da.
Udaltzaingoak unean-unean egoki jotzen dituen baldintzak eta mugak ezarriko ditu festetan bide publikoan izaten diren jarduera guztiak (peñen ibilbideak, txarangak, bandak, ospakizunak, etab.) errazteko.
Hala oinezkoek nola ibilgailuen gidariek zehatz-mehatz bete beharko dute zirkulazio-araudia, eta men egin beharko diete beti Udaltzaingoak ematen ahal dituen jarraibideei.
2.2.- Aparkatze arautua
Sanferminetan, uztailaren 5eko 00:00etatik uztailaren 14ko 23:59era, aparkatze arautua ezarriko da eremu laranja gisa, hiriko eremu handi batean, eta bertan tiketa, gehienez ere, 24 ordurako hartzen ahalko da. Eremuak honako alde hauek hartzen ditu: eremu arautuko gaur egungo 2. sektorea (Bigarren Zabalgunea, Nafarroa Behereko, Oliveto Kondearen eta Armada etorbideetatik hegoalderantz), 3. sektorea (Milagrosa eta Azpilagaña), 4. sektorea (Iturrama), 5. sektorea (Ermitagaña, Mendebaldea eta Ipar Etxabakoitz), 6. sektorea (Donibane), 7. sektorea (ospitaletako aparkalekua), 8. sektorea (Arrotxapea), 9. sektorea (Sanduzelai) eta 10. sektorea (Txantrea).
Kanpo geratuko dira honako hauek: Kaiko kaleko (9. sektorea) egonaldi luzeko aparkalekuak urtean zehar duen erregulazio bera izanen du; Renfe tren-geltokiko aparkatze eremua gorria izanen da, urte osoan bezala, eta udal-hilerriko eremuan, lehendabiziko ordua doan izanen da, orain arte bezala, eta gainontzekoetan laranja, eguneko 24 orduetan.
Eremua behar bezala seinaleztaturik egonen da, zutikako seinaleen bidez, non jasoko baita eremu laranja dela eta gehienez 24 orduz aparkatzen ahal dela. Eremu horretako parkimetroetan ere jasoko dira behar diren argibideak, eta eremu laranjari aplikatu beharreko tarifaren tiketak baino ez dituzte emango.
2.3.- Aparkatze murriztua
Halaber, uztailaren 5eko 00:00etatik uztailaren 14ko 23:59era, Nafarroa Behereko, Oliveto Kondearen eta Armada etorbideen eta 1. sektoreko mugaren (Alde Zaharra) arteko eremuan, aparkatzea baimenduta dagoen lekuetan aparkatzen ahalko dute bakarrik 1. zein 2. sektoreetako txartela duten bizilagunek. Sektore horietako bizilagunendako eremu murriztuak izanen dira, baita ere, Julián Arteaga, Sandoval eta Navas de Tolosa kaleak. Larraina elkartearen ingurua aparkatze murriztuko aldea izanen da 1., 2. eta 6. sektoreetako bizilagunendako.
Aipatu eremu horiek zirkulaziorako itxita egonen dira (salbu baimendutako ibilgailuak) uztailaren 5eko 22:00etatik uztailaren 15eko 14:00etara.
Uztailaren 7tik 14ra, hau izanen da zamalanetarako ordutegia eremu horietan: 09:00 – 13:00 eta 15:00 – 17:00.
2.4.- Alde Zaharra
Zirkulaziorako itxita egonen da uztailaren 5eko 22:00etatik uztailaren 15eko 14:00etara. San Domingoko baratzeen aldean, Andre Maria Erreginaren plazan eta Taconera kalean, 1. sektoreko txartela duten bizilagunek aparkatzen ahalko dute, betiere kontuan hartuta zenbait muga izanen dituztela sartu eta irteteko, festa-ekitaldi jakin batzuk direla medio (Entzierroa, Entzierrilloa, etab.).
Gaseko eskorten ondoko aparkalekua 1. eta 8. sektoreko bizilagunek baino ezin izanen dute erabili.
1. sektoreko egoiliarren aparkaleku gisa gaitzen da Arga kalean dagoen Domingotarren Hezkuntza Pribatuko Fundazioaren (San Tomas ikastetxea) kirol anitzeko pista.
Uztailaren 5eko 22:00etatik uztailaren 15eko 14:00etara bertan behera geratuko da Alde Zaharrera eta Arantzadiko parkera sartzeko eta bertan zirkulatzeko arauen aplikazioa.
Zamalanetarako ordutegia hauxe izanen da uztailaren 7tik 14ra: 09:00 – 13:00 eta 15:00 – 17:00. Uztailaren 6an, aldiz, 07:00etatik 10:00etara eta 15:00etatik 17:00etara izanen da, salbu Udaletxe plazan eta inguruetan; horietan zamalanak 07:00etatik 10:00etara bakarrik egiten ahalko dira.
Uztailaren 7an, 15:00etatik 17:00etara bakarrik egiten ahalko dira.
Uztailaren 14an, Kale Nagusian, San Saturnino kalean eta Udaletxe plazan 15:00etatik 17:00etara bakarrik egiten ahalko dira zamalanak.
Debekutik salbuetsita daude Iruñerriko Mankomunitateko hiri-garraioa, lanean ari diren taxiak, polizia-ibilgailuak, anbulantziak, suhiltzaile-parkeko eta beste udal-zerbitzuetako ibilgailuak, bai eta Udaltzaingoaren berariazko eta baimen idatzia dutenak ere.
2.5.- Aparkatzeko guneak
Toki-kopuruagatik, hauek dira gunerik garrantzitsuenak:
- Zezen-plazako lurpeko aparkalekua (ordainpekoa).
- Nafarroako Blanca plazako lurpeko aparkalekua (ordainpekoa).
- Aduanako zokoko lurpeko aparkalekua (ordainpekoa).
- Karlos III.aren etorbideko lurpeko aparkalekua (ordainpekoa).
- Auzitegiko lurpeko aparkalekua (ordainpekoa).
- Gazteluko plazako lurpeko aparkalekua (ordainpekoa).
- Autobus-geltokiko lurpeko aparkalekua (ordainpekoa).
- Baluarteko lurpeko aparkalekua (ordainpekoa).
- Ospitaleetako lurpeko aparkalekua (ordainpekoa).
- Nafarroa etorbideko aparkalekua, Biurdana kaleko eta hilerrira biderako errepideko biribilgunearen ondoan.
- Mendebaldeako aparkalekua, Liburutegiaren ondoan (ordainpekoa).
- Cuatrovientoseko aparkalekua.
- Aróstegui etorbideko aparkalekua, Venta Andrésen ondoan.
- Zaragozako etorbidearen eta Azpilagañaren arteko aparkalekua.
- Taxoare kaleko aparkalekua.
Karabanak eta autokarabanak
Debekaturik dago karabanak aparkatzea Iruñeko udal-mugarteko bide publikoan. Debeku da, baita ere, autokarabanak aparkatzea etxebizitza gisara erabiltzeko, salbu Trinitarioseko autokarabana-aparkalekuan edo horretarako prestatzen ahal direnetan.
Debeku horretatik salbuetsita dago, halaber, Trinitarioseko orubea, horretarako egokitu eta Erruki Etxeari laga baitzaio, egun hauetarako, bertan aparka ditzaten beren karabanak eta etxebizitza-ibilgailuak Runa parkean feria-atrakzioak jartzen dituztenek.
Gaizki aparkatutako ibilgailuei salaketa jarriko zaie, eta, hala badagokio, Udalaren garabi zerbitzuak eramanen ditu, betiere Bide Segurtasunari buruzko Legean, Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorrean, Trafikoaren Udal Ordenantzan eta Aparkatze Mugatuko eta Murriztuko Eremuak arautzen dituen Ordenantzan ezarritakoarekin bat.
2.6.- Aldi baterako etenaldiak ibilgailuen zirkulazioan
Gaztelugibel kalea –Ezkirotz kaletik Foruen plazara bitarte–, Armada etorbidea, Conde Oliveto, Yanguas y Miranda eta Zaragozako etorbidea –Vianako Printzearen plazatik Zangoza kalearekiko bidegurutzera bitarte– itxita egongo dira zirkulaziorako 22:00etatik 24:00etara, su artifizialak direla medio.
Halaber, zirkulaziorako itxiko dira, 22:30etik 03:00etara, Foruen plazarako sarbide hauek guztiak: Zaragozako etorbidea Zangoza kaleko biribilgunetik Vianako printzearen plazaraino, Gayarre kalea, Galizia etorbidea, Abejeras, Gaztelugibel, eta Yanguas y Miranda kalea.
HIRUGARRENA
FATXADA, BALKOI ETA ANTZEKOEN SEGURTASUNA
3.1.- Jende ugari biltzen duten ekitaldietan (entzierroa, prozesioa, txupinazoa eta abar), fatxada haietara begira duten eraikinen jabe edota erabiltzaileak haien segurtasunaren erantzule dira, legeek xedatutako eran.
Txupinazoan eta hura bota baino 2 ordu lehenago eta 2 ordu ondoren, Udaletxe plazan kokatuta dauden etxabeek, atariek eta merkataritza-lokalek behar bezalako babesa eduki beharko dute, eta horretarako, haien jabe eta erabiltzaileek segurtasun-neurri egokiak hartu beharko dituzte ekitaldi horrek iraun bitartean, betiere ohartarazita halakorik egin ezean ezin izanen dutela erreklamatu ordainik beren ondasunetan izan litezkeen kalteengatik, eta beraiek izanen direla hirugarrenei eragin lekizkiekeen kalteen erantzule.
3.2.- Halakoen titularrek baldintza onetan eduki beharko dituzte fatxadak eta balkoiak, eta zaindu, kasu bakoitzean balkoietan behar baino jende gehiago izan ez dadin. Halaber, haien erabilpena eragotzi beharko dute, erabat bermaturik ez badute kontserbazio- eta segurtasun-baldintzak betetzen dituztela.
3.3.- Inor ezin izanen da paratu eraikinetako teilatuetan eta desegoki diren egituretan, haietatik erortzeko arriskurik badago. Hori bete ez eta ustekabekoren bat gertatuz gero, eraikinen jabeak edo erabiltzaileak izanen dira etor litezkeen kalteen erantzule.
3.4.- Baimen berezi eta berariazkorik izan gabe ezin izanen da balkoi edo fatxadetan egiturarik paratu edo elementurik muntatu, are gutxiago jende asko biltzen duten ekitaldietara begira dauden fatxadetan, horrek hirugarrenei ekartzen ahal dizkien kalte eta arriskuengatik.
3.5.- Kasuan-kasuko udal-zerbitzu teknikoek fatxada eta balkoien segurtasunari buruzko neurriak hartu ahalko dituzte, eta –halakorik behar izanez gero, arriskugarriak direla irizten diotelako– zenbait balkoi eta instalazio itxi ahalko dituzte behin-behineko premiazko neurri gisa.
3.6.- Txupinazoaren jaurtiketaren eraginpean dagoen aldean izaten den jende-pilaketa dela medio, bertan kokaturik dauden lokalen arduradunek prebentzio-neurri egokiak hartu beharko dituzte leihate eta hutsuneei dagokienez, pertsonei kalterik gerta ez dakien.
3.7.- Entzierroaren ibilbideak hartzen dituen kaleetan kokaturik diren etxabeek, atariek eta merkataritza-lokalek behar bezalako babesa eduki beharko dute, eta horretarako, haien jabe eta erabiltzaileek segurtasun-neurri egokiak hartu beharko dituzte entzierroak iraun bitartean, betiere ohartarazita halakorik egin ezean ezin izanen dutela erreklamatu ordainik beren ondasunetan izan litezkeen kalteengatik, eta beraiek izanen direla hirugarrenei eragin lekizkiekeen kalteen erantzule.
Besteak beste, neurri bereziak hartuko dira ibilbidera begira dauden irtenguneak kendu edo behar bezala babesteko, halakoek korrikalariak erortzeko arriskua sortzen badute edo haientzako babestoki aizunak badira.
LAUGARRENA
TXUPINAZOA
Arau orokorrak:
4.1.- Ekitaldi honetan ahalik eta arriskurik gutxien izateko, debekatuta dago Udaletxe plazara eta Gazteluko plazara honako hauek eramatea: makilak, beirazko ontzi eta edalontziak, ireki gabeko edari-latak, bai eta antzeko beste edozein elementu ere, zuzenean edo zeharka kalterik eragiteko modukoa bada.
4.2.- Plazako fatxadak zikintzea eragozteko, eta ekitaldia normaltasunez gauzatze aldera, debekatuta dago Udaletxe plazara eta Gazteluko plazara honako hauek eramatea: arrautzak, pinturaz betetako puxikak edo antzeko objektuak –fatxaden kontra jaurti eta fatxadak zikintzeko eta ekitaldia desitxuratzeko balia badaitezke–.
BOSGARRENA
ENTZIERROA
Arau orokorrak:
5.1.- Entzierroa San Domingoko eskortetatik abiatu, eta Zezen-plazako eskortetan amaituko da, San Domingo kaletik, Udaletxe plazatik eta Mercaderes eta Estafeta kaleetatik igarota.
5.2.- Entzierro guztiak 08:00etan hasiko dira, ezinbesteko kasuetan salbu. Suziri bat jaurtiko da San Domingoko eskorten atea ireki baino lehen; beste bat, eskorta horietatik azken zezena irteten denean; hirugarren bat, zezen guztiak zezen-plazan sartutakoan; eta azkena, azken zezena zezen-plazako eskortetan sartu ahala.
5.3.- Entzierroan parte hartzen dutenek ahalik eta arriskurik txikiena izateko, ekitaldia arautzen duten segurtasun-neurriak ahalik eta zorrotzen bete behar dira, halako moldez non men egin beharko baitzaie beti hura zaintzeko eta erregulatzeko ardura duten langileen jarraibideei, bai eta haren gainean sanferminetarako Udal Bandoan urtero zehazten diren xedapenei ere.
Parte-hartzaileek bereziki erreparatu beharko diete unaiek ematen dituzten aginduei, haiek baitira zezen-taldea gidatzeko ardura duten teknikariak; ez dute haien jarduna oztopatu behar eta men egin behar diete haien jarraibideei, itzuri eginez haien lan arriskutsua eragozten ahal duen egoera orori.
5.4.- Lasterketan parte hartzera doazenak Udaltzaingoak eta Foruzaingoak zehaztuko duten tokietan kokatuko dira, eta ibilbidearen gainerako tarteak hutsik geldituko dira. Goizeko 07:15etik aitzina, korrikalariak bakarrik egon ahalko dira ibilbidean –haiendako gordetako tokian–, eta pertsona baimenduak ere.
Korrikalariak Iruñeko Udalak ezarriko dituen tokietatik eta orduetan sartuko dira ibilbidera. Korrika egin nahi dutenak inola ere ezinen dira sartu ibilbidera 07:15etik aitzina. Sarbideak kontrolatuko dituzten Polizia-agintariek ordu hori baino lehenago itxi ahalko dituzte haiek, baldin eta jotzen badute korrikalarien kopurua aski dela dagoen lekurako.
Halaber, sarbideak kontrolatuko dituzten polizia-agintariek, beharrezkoa izanez gero, 07:15ean ixten ahalko dituzte sarbide horiek, kasuan kasuko eraikinera joateko xedez entzierroaren ibilbidean sartu behar diren pertsonen sarrera kontrolatuta.
5.5.- Lasterketan parte hartzen dutenek orok kasu eman behar diete Poliziak eta entzierroan esku hartzen duen pertsonal teknikoak emandako oharpenei, eta ibilbidetik irten, hesien arteko guneetatik alde egin edo beste edozein gauza egin beharko dute, hala egiteko eskatzen bazaie.
5.6.- Hemezortzi urte baino gutxiagokoek ezinen dute parte hartu entzierroan, eta debekaturik edukiko dute ibilbidean egotea goizeko 07:15etik entzierroa bukatu arte.
5.7.- Zenbait tokitan bi hesien artean dagoen guneetan, Iruñeko Udalaren horretarako baimena dutenak baizik ezin izanen dira egon; horiek dagozkien baimen eta egiaztagiriak agerian eraman beharko dituzte, eta halako agirietan adierazitako baldintzak zein zerbitzuko poliziek ematen ahal dizkieten aginduak bete. Gainerakoak berehala kanporatuko dituzte.
Entzierroa egin bitartean gune horiek gordeta daude beren burua ataka larrian ikusten ahal duten korrikalariendako, babesgarri izan dezaten.
5.8.- Sarbidea entzierroaren ibilbidean duten ostalaritzako zein beste edozein merkataritza-jardueratako establezimenduek 06:00etarako itxita eduki beharko dute hura, halako eran non inor ezinen baita ez haietara sartu ez haietatik irten. Edonola ere, itxitura-mota eraginkorra izanen da. Fatxada ibilbidera begira duten establezimenduek ezin izanen dute piztuta eduki ibilbidetik ikusten den irudiak erreproduzitzeko ezein pantailarik.
Sarbidea entzierroaren ibilbidean duten establezimenduetan, egunkariak saltzea bakarrik baimentzen ahalko da, betiere ordutegi mugatuan: 07:00etara arte, hutsik utzi beharreko guneetan, eta 07:30era arte, entzierroan parte hartu behar duten korrikalariak dauden tokietan. Horretan interesa dutenek baimena eskatu beharko dute, eta Herri Segurtasuneko Alorrak emanen die.
5.9.- Sarbidea entzierroaren ibilbidean duten etxebizitzen atariek itxita egon beharko dute 07:15etik aitzina, halako eran non ezin izanen baita haietara sartu. Ordu horretatik aurrera, inor ez da egonen halako atarietan, eta inor ez da aterako haietatik entzierroaren ibilbidera.
5.10.- Entzierroaren ibilbidearen garbitasuna funtsezkoa da korrikalarien segurtasuna areagotzeko, eta, horregatik, garbiketa-lanak ez dira inola ere oztopatuko horretan ari diren ibilgailuen zirkulazioa edo langileen zereginak eragozten ahal dituzten jokabideekin.
5.11.- Behin garbiketa-zerbitzua igaro eta gero, ezin izanen da atera zaborrik edota beirarik, ez entzierroaren ibilbidera ez horren zeharkako kaleetara ere (Telleria eta Xabier kaleak, eta Espoz y Mina zeharkalea).
5.12.- 07:00etatik aitzina ezin izanen da musika zuzendu entzierroaren ibilbiderantz, Udalak baimenduta ez bada.
5.13.- Erabat debekatzen dira, eta segurtasun-indar eta -kidegoek salatuko dituzte, honako jokabide hauek:
- Igotzea fatxada-elementuetara, hiri-altzari, zuhaitz, farola eta abarretara, halakoak entzierroaren ibilbidean egon ala ez.
- Entzierroaren ibilbidearen espazio bertikala, horizontala edo airekoa inbaditzen duen edozein elementu instalatzea, salbu Iruñeko Udalak berariaz baimentzen badu.
- Norbera kokatzea ordenantzek, Alkatetzak sanferminetarako ematen duen Bando honek edo segurtasun-indar edo -kidegoetako kideek berariaz debekatzen dituzten ibilbideko toki edo guneetan.
- Gainditzea segurtasun-indar eta -kidegoetako agenteek ibilbideko zenbait gunetan ezarriko dituzten hesiak edo mugak.
- Irekita edukitzea ibilbidera ematen duten eraikin eta lokalen ate eta atariak, horiek ixteko ezarritako orduen ondoren. Horren gainean erantzule izanen dira halakoen jabekideak, erabiltzaileak, errentariak edo titularrak.
- Ibilbidean mozkor egotea, edo drogen zein estupefazienteen eraginpean, edota egoera fisikoa eta psikikoa ona ez dela.
- Janztea korrika egitea galarazten ahal duten jantziak edo korrika egiteko desegokiak diren oinetakoak: zapata takoidunak, txankletak, sandaliak, eskalapoiak, etab.
- Objektuak jaurtitzea entzierroaren ibilbidean, hura garbitu eta gero.
- Soinean eramatea entzierroaren ordena egokiaren eta segurtasunaren kontrakoak diren objektuak, esate baterako bizkar-zorroak, poltsak, botilak, edalontziak, makuluak, argazki- edo bideo-kamerak, mikrofonoak eta irudiak grabatzeko gailuak.
- Zezenengana korrika egitea, edo haien gibeletik, egoera arriskutsuak sortuta.
- Zezenak ukitzea edo haien arreta erakartzea, edozein maneratan eta edozein arrazoirengatik, ibilbidean nahiz zezen-plazan bertan, eta bereziki zezenen adarrei heltzea eta zezenak ukitzea, ez bada harrapaketa bat galarazteko.
- Unaien aginduei kasurik ez egitea edo haien lan-jarduna eragoztea.
- Ibilbidean gelditzea eta hesietan, babesgarrietan edo atarietan egotea, gainerako korrikalarien lasterketa edo babesa oztopatuz.
- Zain egotea, zezenak irten aurretik, entzierroaren ibilbidean barnako zokoetan, gune itsuetan edo etxe nahiz establezimenduetara sartzeko atarietan.
- Irudiak edota soinua grabatzeko edozein euskarri erabiltzea, telefonia mugikorreko gailuak barne, ibilbidean edo erreserbatutako hesietan, horretarako baimena izan gabe.
- Baimenik gabe hegan egitea Entzierroaren gainetik, aparatua edozein delarik ere.
- Entzierroan parte hartzea mugitzeko elementu mekanikoak eramanda (irristailuak, skateboardak, bizikletak, etab.).
- Hirian botatzea, 07:00etatik 08:30era bitartean, suziriak, petardoak edo entzierroko suziriekin nahasi eta korrikalariengan zein ikusleengan urduritasuna sortzen ahal duten artifizio piroteknikoak oro.
- Beste edozein jokabide, baldin eta oztopatzen badu entzierroa normaltasunez egitea, edo kontra egiten badio Entzierroari buruzko udal-ordenantzan zein bando honetan xedatutakoari.
Inork debekatutako gauzetatik edozein egiten badu entzierroaren ibilbidean egonda, berehala kanporatuko dute agintaritzaren agenteek, eta haren jokaera dela bide salatuko dute.
5.14.- Entzierroko ikusleak horretarako prestatutako tokietan egonen dira, eta beti eginen diete men entzierroaren segurtasunaren ardura duten poliziek ematen ahal dizkieten aginduei. Ez dira, ezein kasutan ere, hesien arteko guneetan kokatuko.
SEIGARRENA
TXULIAKETAK EDO BIGANTXAK
6.1.- Entzierroaren ondoren Zezen-plazan izaten diren bigantxa-ekitaldian –txuliaketan–, debeku da animaliei eutsi, haiek astindu edo jotzea, baita oztopoak paratzea ere haiek hondarretik ateratzeko edo kortara erretiratzeko.
6.2.- 18 urtetik beherakoek debeku dute ekitaldi horietan parte hartu edota hondarrean egotea, eta hori ez betetzearen erantzukizuna haien guraso edo legezko tutoreei egotziko zaie.
ZAZPIGARRENA
ENTZIERRILLOA
7.1.- Entzierrilloa egiten ari den bitartean, eta zezen-taldea ez despistatzeko, ezin izanen da argazki-makinetako flashik erabili.
7.2.- Eskortetan eta entzierrilloaren ibilbidean, hantxe egoteko baimena duen pertsonal teknikoa baizik ez da egonen. Langile horiek Erruki Etxeak izendatuko ditu, eta behar bezalako bereizgarriak eramanen dituzte, Udalak emanda.
7.3.- Hesi, ate eta zezenak maneiatzen, langile tekniko horiek arituko dira, behar bezala baimendurik eta identifikatuta, eta ez beste inor.
7.4.- Entzierrilloa bide publikotik ikusteko, ikusleek horretarako emanen diren baimen-txartelak eskuratu beharko dituzte, eta mesetak deitutakoak kasu berezietarako erreserbatuko dira, betiere Herritarren Segurtasuneko Alorrak araututakoaren arabera.
7.5.- Uztailaren 6tik 13ra, 21:45etik 22:15era, musika eten beharko da, eta altuera handiko aparatuetako argiak itzali, Runa parkeko Feria-lekuan, bai eta Entzierrilloaren jarduna modu egokian egitea oztopatzen ahal duten beste edozein jarduerena ere eten.
7.6.- Descalzos kaleko igogailua ez da ibiliko 21:30etik entzierrilloa bukatu arte.
ZORTZIGARRENA
ZALDI-AZIENDAKO FERIA
8.1.- Zaldi-aziendako Feria uztailaren 7an eginen da, Agustinos industrialdearen orubean, Eroski hipermerkatuaren ondoan.
8.2.- Ferian parte hartzen dutenek indarrean izan beharko dituzte mota honetako jardueretan aplikagarri den araudiak eskatutako agiri guztiak.
8.3- Debekaturik dago salmenta ibiltariko postuak paratzea elikagaiak eta edariak saltzeko. Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorrak emandako baimena duten salmenta-postuak baino ezin izanen dira jarri, betiere zaldi-aziendako feriarekin loturiko produktuak saltzeko.
8.4.- Debekaturik dago zaldi-espeziarena ez den beste edozein animalia erakutsi edo saltzea.
8.5.- Debekaturik dago orubean animaliak geratzea behin feria amaituta.
BEDERATZIGARRENA
AGINTARITZAREN AGENTEAK ETA ZERBITZUKO FUNTZIONARIOAK
Hala agintaritzaren ordezkariei eta zerbitzu publikoko eginkizunetan ari diren funtzionarioei eraso, mehatxu, aurre egin eta desobeditzea nola identifikatzeko agindutakoan horri uko egitea indarra duen legerian aurreikusitako eran jazarriko dira, eta, behar izanez gero, halakoak egiten dituztenak atxilotu eta epailearen esku utziko dituzte.
HAMARGARRENA
“ERASO SEXISTARIK GABE, IRUÑA ASKE/PAMPLONA LIBRE DE AGRESIONES SEXISTAS” ESTRATEGIA
Jazarri eginen dira, eta zehatu, emakumeen kontrako eraso sexistak oro, emakumeen adina eta erasoaren inguruabarrak edozein direlarik. Iruñeko Udalak “Eraso sexistarik gabe, Iruña aske/Pamplona libre de agresiones sexistas” estrategiaren bidez, gonbit egiten die herritarrei modu aktiboan jardun dezaten emakumeen kontrako edozein eratako erasoei aurre egiteko, eta erasoa jasan duen emakumeari laguntzeko, eta erasotzailea isolatzeko. Hori horrela, gogora dakarkigu Udalak hartutako engaiamendua, halako erasoak ez jasateko eta horiek jazartzeko, betiere xede harturik emakumeek aukera edukitzea sanferminez modu aske eta seguruan zein berdintasunean gozatzeko.
Hiri gisa duen jarrera horretatik, debekatuta dago mezu edo lelo sexistak dituzten materialak (kamisetak, txapak, etab.) saltzea. Halako salmentarik hautemanez gero, material horiek erretiratzeko agindua ematen ahalko da, eta atzeman, gero itzuli gabe. Neurri honen bidez denon erantzukizuna sustatu nahi dugu eraso sexistarik gabeko festak edukitze aldera.
HAMAIKAGARRENA
IRUÑA, HARRO BERAREN ANIZTASUNAZ
Iruña hiria harro dago sexu- eta genero-aniztasunaz. Pertsonak oro animatu nahi ditugu sanferminetan askatasunez parte hartzera, eta ez dugu onartuko ezein LGTBIfobia-seinalerik.
HAMABIGARRENA
ZEHAPENAK
12.1.- Bando honetan eta aplikagarri diren gainerako arauetan xedatutakoa ez betetzea indarra duten legeek onartzen duten gogortasunik handienarekin zehatuko da, betiere kontuan harturik festetako inguruabarrak, haietara jendetza handia elkartzen dela eta arriskuak ere metatu egin ohi direla.
12.2- Hona Bando honetan zehazten diren gaietan arau-hausteak, zehapenak eta horien zenbatekoak xedatzen dituzten arauetako batzuk:
- 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.
- 10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa.
- 14/1986 Lege Orokorra, apirilaren 25ekoa, Osasunari buruzkoa.
- 22/2011 Legea, uztailaren 28koa, Hondakinei buruzkoa.
- 10/1990 Foru Legea, azaroaren 23koa, Osasunari buruzkoa.
- 17/2020 Foru Legea, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituena.
- 7/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsari buruzkoa.
- 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena, abenduaren 20ko 18/2021 Legeak aldatua.
- 16/1987 Legea, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzkoa.
- 4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babestekoa.
- 10/1991 Foru Legea, martxoaren 16koa, adin txikikoei alkoholdun edariak kontsumitzea galarazi eta mugatzeari buruzkoa.
- 2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publiko eta Josteta Jarduerei buruzkoa.
- 13/1989 Foru Legea, uztailaren 3koa, Merkataritza Ez-egonkorrari buruzkoa.
- 19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoa.
- 50/1999 Legea, abenduaren 23koa, Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubideari buruzkoa.
- 132/2002 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Tatuajeak edo piercingak egiten dituztenek bete behar dituzten osasun- eta higiene-baldintzei buruzkoa.
- 28/2005 Legea, abenduaren 26koa, Tabakismoaren kontrako osasun-neurriak finkatu eta tabako-produktuen salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituena.
- 16/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Jokoari buruzkoa, 18/2015 Foru Legeak aldatua.
- 1341/2007 Errege Dekretua, urriaren 11koa, Bainatzeko uren kalitatea kudeatzeari buruzkoa.
- 56/2013 Foru Dekretua, abuztuaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko Jatetxeak eta Kafetegiak Antolatzeko Erregelamendua onesten duena.
- 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena.
- Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko Udal Ordenantza.
- Aparkatze mugatuko eta murriztuko eremuak arautzen dituen ordenantza.
- Entzierroaren Udal Ordenantza.
- Autokarabanetarako Iruñeko zerbitzugunean autokarabanak edo etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen dituen Udal Ordenantza.
- Higieneari eta Osasungintzari buruzko oinarrizko ordenantza.
- Udalaren gainerako ordenantzak.
HAMAHIRUGARRENA
AZKEN XEDAPENA
Alkatetza honek espero du iruindarrek eta bisitariek gizatasunez jokatuko dutela, eta lagunduko dutela sanferminak giro onean ospa daitezen.
GOZA DEZAGUN GURE HIRIAZ ETA FESTEZ, BEHAR DEN ARDURA GEURE GAIN HARTUTA.