San Fermin Mundiala Nazioarteko Xake txapelketak Iruña sustatu zuen mundu osoko 278 milioi ikusle potentzial baino gehiagoren artean

San Fermin Mundiala Nazioarteko Xake txapelketak Iruña sustatu zuen mundu osoko 278 milioi ikusle potentzial baino gehiagoren artean
Komunikabideek eta sare sozialek 260 berri eta 2.000 txio baino gehiago sortu zituzten; horien balio ekonomikoa milioi bat eurotik gorakoa da

 

 

San Fermin Mundiala Nazioarteko Xake txapelketak mundu osoko 278 milioi lagun baino gehiagorengana heldu da, ekitaldia antolatu duen Chess24 plataforman emandako edukien, hedabideetako berrien eta sare sozialen bidez. Chess24ko plataformek, non 5.000 xake-partida baino gehiago eta Iruña, bere kultura eta gastronomia sustatzeko bideoak eman baitziren, 30,2 milioi inpaktu baino gehiago jaso dituzte webgunean bakarrik, eta Chess24 eta hurbileko webguneek, Chess24 plataformak berak erregistratutako emaitzen gainean aurreratu dituen datuen arabera, hasierako aurreikuspenak bikoizten dituzten datuak lortu dituzte.

Baina, halaber, ekitaldiak xake-tauletatik hedabideetara salto egin zuen, 260 berri baino gehiago sortuz eta 231,98 milioi lagun bitarte metatuz, eta baita sare sozialetara ere, non 2.092 txio izan eta 16,6 milioi lagunengana iritsi baitziren. Txapelketak hedabideetan izan duen inpaktuaren ikerlana Seguimedia enpresako Analisi Departamentuak egin du; Twiterren gaineko berariazko ikerlana, aldiz, TweetBinder enpresak. Eduki horiek hedabideetan eta sare sozialetan izandako inpaktu ekonomikoa milioi 1 euro ingurukoa izan da.

Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkari María García-Barberenak eta ekitaldia antolatu duen Sanferfood enpresako fundatzaile eta arte-zuzendari Mikel Urmenetak prentsaurrekoa eman dute gaur goizean eta “Festa adimentsua” San Fermin Mundiala Nazioarteko Xake-txapelketaren behin-behineko emaitzen balantzea eskaini dute. Iruña azken asteetan xakearen munduko hiriburu gisa kokatu da ekitaldi horri esker; izan ere, ekitaldia hamar astez egin da online, eta hirian jendeari irekitako jarduerak egin dira, uztailaren 5etik 14ra bitarte.

38 herrialdetako 400 xake-jokalari baino gehiago onlineko txapelketan

Onlineko txapelketa bi hilabete baino gehiagoz egin zen lau sailkapen-txapelketen bidez. Guztira, 38 herrialdetako 460 xake-jolakarik parte hartu zuten. Horien % 80 elite-jokalariak dira beren herrialdeetan, eta horrek biderkatu egin zuen ekitaldiaren nazioarteko hedapena. Kalkuluen arabera, gutxienez 900.000 erabiltzailek ikusi zituzten uneren batean zuzenenean sailkapenak edo txapelketaren finala, zuzeneko 2,8 milioi bistaratze lortuz partidak eman zituen Chess24 plataformaren bitartez. Uztailaren 5etik 11ra jokatu ziren azken partidak 450.000 bistaratzetara heldu ziren eta, ‘Xakearen entzierroa’ ekitaldiarekin batera, 7,5 milioi inpaktu sortu zituzten.

Onlineko txapelketaz eta xakea kalean jokatutako 600 partida baino gehiagoren bidez hedatzeaz gain, San Fermin Mundialak gastronomia eta tokiko kulturaren aldeko apustua egin zuen. Chess24 plataforman, uztailaren 1etik 14ra bitarte, emanaldiak eta programak egin ziren, online. Horiek barne hartu zituzten Iruñeko turismoa sustatzea, elkarrizketak tokiko kulturako pertsona famatuei, bisitak jatetxeetara eta hirian aurkitu eta gozatu daitezkeen beste ekimen turistiko eta kultural batzuk. Iruñeko Udaleko zenbait sustapen-bideok 400.000 bistaratze baino gehiago izan zituzten zuzenean.

Nazioko eta nazioarteko oihartzuna

Txapelketaren inguruan hedabideetan argitaratutako 261 berrietatik % 85 nazioko hedabideetan erregistratu ziren, eta gainerako % 15, nazioarteko hedabideetan. Nazio mailan, 59 berri inprimatutako hedabideetan argitaratu ziren, bai informazio orokorreko goiburuetan bai kirol-egunkarietan; 127, onlineko edizio eta hedabideetan; 24, telebistetan, naziokoetan zein autonomikoetan, eta 14, irratian. Ikus-entzuleak, guztira, 198,28 milioi izan ziren, eta itzulera ekonomikoa 856.800 euroan kalkulatu zen.

Hedabide digitaletako analisiak erakusten du zehazki zein egunetan eragin duen inpakturik handiena xake txapelketa honi buruzko informazioak. Magnus Carlsenen presentzia eta Iruñeko Udaleko harrera-ekitaldia uztailaren 10ean txapelketaren une gorena izan zen. Uztailaren 14ko ‘Xakearen entzierroa’ eta uztailaren 5eko San Fermin Mundialaren aurkezpena izan ziren estaldura mediatiko handieneko beste bi uneak.

Nazioartean, erregistratutako 37 berriak 33,7 milioi erabiltzaile bakarretara iritsi ziren, 106.000 euroko itzulera ekonomikoarekin. Egindako analisiak berria jaso zuten onlineko hedabideak islatzen ditu, bereziki, Vietnamgo, Estatu Batuetako eta Alemaniako hedabideak, eta baita beste herrialdeetakoak ere, hala nola Frantzia, Mexiko, Erresuma Batua, Polonia, Kolonbia eta Herbehereak. Horrela, bete da hiriaren eta Sanferminen inguruko eduki positiboen bidez turismo-merkatu estrategikoetara, hala nola, asiarrera, amerikarrera eta europarrera heltzeko xedea.

30,7 milioi inpaktu baino gehiago Twitterren

Sare sozialen inguruko analisiak txapelketaren eragina indartzen du, nazioan batez ere, baina nazioartean ere oihartzuna izan du. Uztailaren 1etik 19ra bitarte argitaratutako 2.092 txioek 30,7 milioi inpaktu baino gehiago sortu zituzten Twitterren. Txioak 16,6 milioi lagunengana heldu dira, eta batez beste 17.347 jarraitzailerengan eragin zuten erabiltzaileko. Sentimendu globala positiboki baloratu da, 100etik 87,12 punturekin.

Jarduera-puntako uneak, hedabideen inguruko analisian bezala, uztailaren 10ean eta 15ean izan ziren, Magnus Carlsenen harrera-ekitaldiarekin eta txapelketan oihartzunik handiena izan zuen ‘Xakearen entzierroa’ ekitaldiaren biharamunarekin bat. Hain zuzen ere, Carlsenen txio batek 370 bertxio izan zituen eta ia 9.000 “atsegin dut”. Hedapena eta oihartzuna, nagusiki, nazioko kazetarien eta hedabideen kontuetatik heldu ziren, eta baita nazioartekoenetatik ere, hala nola Ekuador, Venezuela, Norvegia, Frantzia, Costa Rica, Peru, Alemania eta Kanadatik, eta Nazioarteko Xake Federaziotik. TweetBinderrek egindako txostenaren arabera, “egiazta liteke munduaren zati handi batean Txapelketari lotutako txioren bat ikusi zela”.

¿Te ha sido útil esta página?