San FermIN! Espazioa murgiltze-espazioak 30.725 bisitariri egin die harrera jarduneko lehen bost hilabeteetan. Guardia-Gorputzaren areto zaharrean kokatutako esperientziak, zeina ekainaren 13an inauguratu baitzen, abuztuan izan zuen bisitari pilaketarik handiena, 11.961 pertsona bertaratuta, iraileko kopuruaren ia bikoitza, azken hilabete horretan 6.303 bertaratu baitziren. Bisitari-kopuru horrek espazioa kokatzen du foru-erkidegoan bisitari gehien dituzten baliabideen artean.
Bisitarien jatorriari dagokionez, bisitarien % 77 estatukoak dira, eta % 23 nazioartetik datoz. Estatukoen artean nafarrak dira nagusi, eta horien atzetik daude Madrildik eta Bartzelonatik heldu direnak; nazioarteko publikoari dagokionez, gehienak Estatu Batuetatik eta Frantziatik heldu dira, eta ondoren, Italiatik. Estatistiketan gizon eta emakumeen bisitari-kopuru bertsua jaso da.
SanFermIN! Espazioa ezarritako helburua betetzen ari da, hots, hiriko turismo-produktu nagusia urte osora zabaltzea, jairik gabeko urteko gainerako “356 egunetan” murgiltze-esperientzia bat eskaintzeko. Izan ere, jaien erakargarritasuna handitu egin da orain arte bigarren mailakotzat jotzen ziren merkatuetan, eta hain ohikoak ez diren nazionalitateen presentzia areagotu da.
Zentroan badira hainbat gune, zeinetan, soinuen, interesguneen eta irudien bidez, San Fermin jaietan erabateko murgiltzen baita bisitaria. Horrez gain, zentroak turismoko argibide-gune gisa ere funtzionatzen du: lehen bost hilabeteetan 9.521 laguni egin zien harrera; kopururik handiena abuztuan zenbatu zen (3.464), eta txikiena azaroan (836).
Bisita- eta arreta-kopururik handiena eguerdian erregistratu da, 7.000tik gora, eta hurrena, arratsaldeko bostetatik zazpietara bitartean, 4.000 inguru. Eskatutako argibideen artean, monumentuak bisitatzeko argibideen eta mapak eta planoak eskatu dituztenen datuak gailentzen dira.
Zentro irisgarria
SanFermIN! Espazioa sanferminen alderdi guztiak sustatzeko sortu zen, hala nola, jai herrikoia, historikoa, kulturala, irekia, alaia, nazioartekoa eta pertsona eta adin guztiendako lekua duena. Zentroak dituen 90 metro karratuetan hiru gune daude, soinuekin, interesguneekin eta irudiekin jolastuz festan murgiltzea lortzeko.
Bisita ez da ordena jakin batean egiten: pertsona bakoitzak bere ibilbidea sortzen du, geldituko baita interesgarrien iruditzen zaizkion puntuetan. Zentroa irisgarria da mugikortasun urriko pertsonendako eta ikusmen-desgaitasuna dutenendako; gehienez ere 30 pertsonendako lekua dauka eta, ahal dela, banakako eta talde txikiendako bisitak egiteko dago antolatuta. Argibideak lau hizkuntzatan eskaintzen dira: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.
Esperientzia-gunea urte osoan zabaltzen da, sanferminetan, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an izan ezik, eta ordutegiak urte-sasoiaren arabera egokitzen dira. Ordutegia honako hau da azarotik martxoaren 15era bitartean: astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:30era, eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara.
