II. Zabalguneko Hiri Jarduketarako Plan Bereziak alderdi hauen alde egin du apustu: etxebizitzak sortzea eta birgaitzea, mugikortasun jasangarria eta bizilagunendako aparkaleku-plazak sustatzea eta auzoak bere nortasunari eustea

II. Zabalguneko Hiri Jarduketarako Plan Bereziak alderdi hauen alde egin du apustu: etxebizitzak sortzea eta birgaitzea, mugikortasun jasangarria eta bizilagunendako aparkaleku-plazak sustatzea eta auzoak bere nortasunari eustea
Osoko Bilkurak onesteko prest dago behin betiko agiria: 38 alegazio barne hartzen ditu, guztiak jendaurreko epean jasotakoak
II Ensanche

 

Osoko Bilkuran behin betiko onesteko prest dago II. Zabalguneko Hiri Jarduketarako Plan Berezia. Agiriak lehentasuna ematen dio hiri-ehuna birgaitzeari eta kontserbatzeari; horrez gain, 581 etxebizitza berri gehiagorako tokia –horietatik 147 babestuak– duela jasotzen du, hamar arlo estrategiko identifikatzen ditu eta mugikortasun-estrategia bat eta bizilagunek aparkatzeko tokiak mahaigaineratzen ditu, bai eta espazio publikoa mailaz maila berroneratzeko proposamena ere. HJPBaren bidez, eraldaketa bideratzen da, zeinak bidea emanen baitie ondoren jarduketa bakoitza zehaztuko duten proiektuei.

Planaren berritasunak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak eta Pilar Pardo Solano Hirigintza Gerentziako kudeatzaileak.

HJPBak II. Zabalgunea berroneratzeko hirigintza-esparrua ezartzen du, hiru dimentsio hauek uztartuta: batetik, esparru arauemailea, zeinak erabilerak, eraikingintza, kontserbazioa, berritzea, zuzkidurak eta kudeaketa zehazten baititu; bestetik, plangintza-esparrua, zeinak dagoeneko dauden eraikinak eta jarduketa berriak arautzen baititu; eta, azkenik, esparru estrategikoa, zeinak funtsezko arloak, berrurbanizazio-eremuak eta mugikortasun-estrategiak hautematen baititu. Azken horiek gerora garatu beharko dira berariaz egindako planen eta proiektuen bidez.

Planaren helburuak guztiz bideratuta daude II. Zabalgunea biziberritzera, betiere aintzat hartuta honako alderdi hauek: auzoaren nortasunari eustea, etxebizitzari eta birgaitzeari mesede egitea, hiri-espazioa berreskuratzea, eta mugikortasun jasangarriago baterantz aurrera egitea, horretarako bizilagunendako aparkalekuen alde eginez. Azken testuak 38 alegazio barne hartzen ditu, guztiak jendaurreko epean jasotakoak, eta, horrez gain, sektoreen araberako txostenak txertatu dira; erakunde hauek egin dituzte agiri horiek: Hegazkineria Zibila, Iruñerriko Mankomunitatea, Telekomunikazioetako Sailak, Berdintasun eta Etxebizitzako Alorrek eta Vianako Printzea Erakundeak. 

Etxebizitza, hurbileko merkataritza eta nortasuna 
II: Zabalguneko HJPBak lehentasuna ematen dio dagoeneko dauden eraikinak kontserbatu eta birgaitzeari, eta ez hainbeste eraikin horiek ordezteari. Hala, hobetu egiten ditu irisgarritasunarekin, energia-efizientziarekin eta bizigarritasunarekin lotutako baldintzak, eta II. Zabalguneak berezko dituen morfologiari eta hiri-paisaiari eusten die. Berritzea modu selektiboan proposatzen da eraikinetako batzuei dagokienez, eta, horrenbestez, horietako batzuen kasuan, aukera dago altuera goratzearen bidez eraikigarritasuna handitzeko: hori egin da, hain zuzen ere, Merkatuaren eraikinean. Eraikigarritasuna irizpide hauei jarraikiz handitu da: kalearen zabalera, eguzkiztapena, ondoko eraikinak eta inguruarekin bat egitea. Eraikin babestuak ezin dira goratu.

Planak beste 581 etxebizitzarako –horietatik 147 babestuak– tokia aurreikusten du; izan ere, ezarri denaren arabera, bizitoki gisa gehitu diren etxebizitzen % 50 erreserbatuko dira gutxienez, bizitegi-eraikin berrien jarduketen barruan. Seminarioaren etxadian eta Alcázar zineman daude bizitegiak egiteko aukera gehien: Seminarioaren etxadian, antolamendu berriaren arabera, 178 etxebizitza barne hartzen dira, horietatik 86 babestuak; Alcázar zineman, berriz, berritzeari esker, 28 etxebizitza aurreikusten dira, horietatik 14 babestuak. Nafarroako Blanca plazaren ondoan dagoen 276. etxadian, aukera dago beste antolamendu bat ezarri eta guztira 93 etxebizitza egiteko, horietatik 47 babestuak.

HJPBak aukera ematen du etxebizitza handien zatiketa arautzeko, baita beheko solairuetako lokalak etxebizitza bihurtzeko ere, betiere hirugarren sektorearen barruan ardatz garrantzitsuak ez badira. Nahiz eta orain arte beheko solairuak etxebizitza gisa erabiltzea debekaturik egon, bizitoki-eskaintza zabaltzea eta dibertsifikatzea da asmoa, kalterik egin gabe hiriko erdiguneak bereizgarri duen merkataritza-jarduerari eta hirugarren sektorekoari. Kale hauetan baino ez dute baimenduko beheko solairua etxebizitza moduan erabiltzea: Media Luna kalea, Nafarroa Behereko etorbidearen eta Monjardín kalearen arteko tartean; Aralar kalea, Tafalla kaletik Iturralde y Suit kalerainoko tartean; Felipe Gorriti kalea, Erriberri eta Media Luna kaleen arteko tartean; Amaiurko Gazteluaren kalea, Erriberri eta Media Luna kaleen arteko tartean, eta Pascual Madoz kalea.

Ondare-babesari dagokionez, HJPBan, ondaretzat hartzen dira, bakarka babestutako eraikinez gain, bestelako hauek ere: eraikinak, koloniak, barrutiak, zuhaitzak, lorategiak eta hiri-paisaiaren elementuak; era berean, indartzen du multzoaren bereizgarri diren balioen babesa.

Era berean, hurbileko merkataritza eta udal-merkatua babestearen alde egiten du, eta lagungarria da Zabalguneko kaleetan jarduera komertziala egon dadin; horretarako, gaur egun dauden merkataritza-guneak finkatu, eta saltoki berriak ezartzeko mugak jartzen ditu: bakarrik beheko solairuetan jartzen ahalko dira; hori bai, sotora eta lehen solairura heda daitezke, baldin eta beheko solairuari lotuta badaude. Horri esker, saihesten da merkataritza-gune handiak ezartzea.

Arlo estrategikoak, mugikortasuna eta aparkalekuak
II. Zabalguneko HJPBak zehaztu egiten ditu irismen handiagoko eraldaketak bultzatzeko gaitasuna duten arlo estrategikoak. Hain zuzen, honako hauek dira: Nafarroa Behereko etorbidea Vianako Printzearen eta Merindadeen plazekin lotzen duen igarobidea; Bake plaza eta autobus-geltoki zaharra; merkatua eta haren ingurunea; Nafarroako Blanca plaza, 276. etxe-uhartea eta Amaiurko Gazteluaren kalea; Askatasun plaza eta oroimenezko museo berria; Gurutzeko plaza eta Maristak; eta Civivoxaren eta Pilotaren Museoa izanen denaren ingurunea. Ildo horretan, hainbat irizpide ezartzen ditu oinezkoendako espazioa handitzeko, irisgarritasuna eta zuhaitzak hobetzeko eta hiri-jarraitutasuna indartzeko. Diseinu zehatzak geroago zehaztuko dira, kasuan kasuko urbanizazio-proiektuen bidez.

Era berean, honako hauek proposatzen dira: oinezkoendako ibilbide jarraituak, oinezkoen pasabide zuzenagoak eta espaloi irisgarriak; II. Zabalgunean azpiegitura berdeak ezartzea; topagune publikoak egitea; hurbileko bizikleta-sarea eta lotura metropolitanoa; barneko bidean igarotze-zirkulazioa murrizteko neurriak, eta garraio publikoko igarobideak hobetzea. Nafarroa Behereko etorbidea ardatz multimodal bereziki garrantzitsua izanen da Zabalguneko bi eremuen arteko lotura hobetzeko. Proposamen horiek esparru estrategiko baten parte dira, eta eginen diren proiektuetan zehaztuko dira sekzioak, bidegurutzeak, erregulazioa eta egikaritze-faseak. 

Aparkatzeari dagokionez, bizilagunek errazago aparkatzearen alde egiten da; horretarako, sestra azpiko bi aparkaleku eginen dira; bat Erriberri kalean, eta, bestea, Galizia etorbidean. Bien artean 2.500 aparkaleku-plaza inguru sortuko dira, eta horiei gehitu behar zaizkie gaur egun sestra azpian dauden 6.579 aparkaleku-plazak. Uste da kopuru hori nahikoa dela gaur egun bizilagunek dituzten aparkatze-beharrei aurre egiteko. Etorkizunean, eremu publikoa hobetzeko jarduketen ondorioz, aparkaleku-plaza gutxiago egonen da, baina, hala ere, kopuru hori nahikotzat jotzen da.   

¿Te ha sido útil esta página?