Mona Hatoum artistak erakusketa jarri du ikusgai Ziudadelako Labean: beirazko esferez eta altzairu herdoilgaitzezko kablez osatuta dago instalazioa

Mona Hatoum artistak erakusketa jarri du ikusgai Ziudadelako Labean: beirazko esferez eta altzairu herdoilgaitzezko kablez osatuta dago instalazioa
Erakusketa azaroaren 15era arte bisitatzen ahalko da, 2026ko Iruñeko Topaketen programazioaren barruan
Irudia
Irudia
Irudia

Azaroaren 15era arte  egonen da ikusgai Mona Hatoum palestinar jatorriko artista britainiarraren Web instalazioa Iruñeko Ziudadelako Labean: altzairu herdoilgaitzezko kablez eta eskuz puztutako beira gardenezko esferez osatuta dago. Muntaia artistikoa La Caixa Fundazioaren Arte Garaikideko Bildumaren parte da eta 2026ko Iruñeko Topaketen programazioaren barruan dago: hirian eginen dira urriaren 2tik 12ra bitarte. 

Web instalazioak esperientzia integratzaile bihurtu nahi du erakusgune zirkularra. Armiarma-sare itxurako lana altzairuzko kablez eta beirazko esfera gardenez osatuta dago, eta osagai horiek ihintz-tantak edo konstelazio bat iradokitzen dituzte. Muntai horren bidez, artistak bil helburu hauek lortzen ditu: tokiaren pertzepzioa aldatzea eta espazioarekin harreman fisikoa aktibatzea. Zintzilikatutako armiarma-sareak arretaz haritutako egitura perfektua du, harrapatze-sare baten itxura bertsukoa, eta eragin bikoitza lortzen du; izan ere, edertasunak kontrastea egiten du sare ikusezin batean harrapatuta geratzeko aukerarekin. Hala, instalazioak bildu egiten ditu Mona Hatoumen lanean dauden tentsio etengabeetako batzuk, hala nola erakarpena eta mehatxua, samurtasuna eta indarkeria eta babeslekua eta konfinamendua.

Mona Hatoum Londresen bizi da gaur egun, eta askotariko modalitate artistikoak landu ditu bere jardunbidean, besteak beste, performancea, bideoa, argazkigintza, eskultura, instalazioa eta paper gainean egindako lanak. Lanetan, batez ere, gizarte-, politika- eta giza-gaiak jorratzen ditu, besteak beste, lekualdatzea, marjinazioa, bazterketa eta kontrol-sistemak. 

Nazioarteko hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu du, esaterako, Veneziako, Istanbuleko, Kasseleko (Documenta), Sydneyko, Xarjako eta Taipeiko Bienaletan. Bakarka, azken hamarkadan, nabarmentzekoa da Parisko Pompidou Zentroak antolatutako atzera begirako bat, zeina geroago Londresko Tate Modern museoan eta Helsinkiko Kiasma Arte Modernoko Museoan ikusgai egon baitzen, bai eta Houstongo Menil Collection delakoan jarritako beste erakusketa bat ere.  2022ko irailean, artistak bakarkako hiru erakusketa aurkeztu zituen aldi berean Berlinen, eta iaz erakusketa zabalago bat egin zuen Herbehereetako KAdE galerian. Artistaren azken lanei dagokienez, nabarmentzekoa da aurten Milanen Prada Fundazioaren Cisterna eraikinerako berariaz egindako instalazio bat.


WEB INSTALAZIOA

•     Mona Hatoum
o    Tokia: Ziudadelako Labea
o    Datak: 2026ko urriaren 1etik azaroaren 15era
o    Erakusketa bisitatzeko ordutegia honako hau da: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era; igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.
 

¿Te ha sido útil esta página?